INFO

589 animalia artatu dituzte Urnietako Basabizi zentroan duela urtebete martxan jarri zenetik

Basabizik, basa-fauna berreskuratzeko Gipuzkoako zentroak, urtebete darama martxan eta orain arte 589 animalia artatu dituzte bertan. Horietatik, %60 sendatu eta bere natur ingurunera itzuli dira. Lehen urte honen balantze «oso positiboa» egin dute.

Bere lehen urtean 589 animalia artatu dituzte Basabizin. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Basa-fauna berreskuratzeko Basabizi zentroaren lehen urtemugan balantze «oso positiboa» egin dute Gipuzkoako Aldundiak eta zentroko kideek. Urte honetan 589 animalia artatu dituzte Basabizin eta %60 sendatu eta bere natur ingurunera bueltatu dituzte. Aldundiaren Arizmendiko finkan dago zentroa, Urnietan.

«Zenbakiek garbi erakusten dute orain urtebete egindako apustuak merezi izan duela», adierazi du Eider Mendoza ahaldun nagusiak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, eta Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak eta teknikariek lagunduta. Zentroak hain denbora tarte laburrean lortu duen erreferentzialtasuna ere azpimarratu du.

Artatu dituzten animalietatik, %85a hegaztiak izan dira, %9 ugaztunak eta %6 narrastiak. Momentuan 31 animalia daude Basabizin, arratoi biltzaileak, miru beltz bat, sorbeltzak, belatzeak eta orkatz gazte bat. Horietako %60 sendatu eta natur ingurunera bueltatu dituzte.

Beste batzuk, animalia santutegietara eramaten dituzte, naturara ezin direlako bueltatu edo animalia exotikoak direlako, adibidez, pitoi sugeak, loroak, kotorrak edo gekkoak. Beste zenbait animalia, ordea, gaixotasunen ondorioz zendu dira.

Hilda agertzen diren animaliak ere aztertzen dituzte, heriotzaren kausak ezagutzeko asmoz. «Horrek Gipuzkoako basa-faunako espezieen osasun egoeraren jarraipena egitea ahalbidetzen du», adierazi dute.

Beste zentro batzuekin Basabizik duen elkarlaneko harremanaren balioa ere nabarmendu dute.

Bost kidek lan egiten dute Basabizin: albaitari bat, hiru albaitari laguntzaile eta langile bat. 5.000 metro karratuko espazioa du zentroak, animalien zaintza, azterketa eta bizimodu egoki bat izateko beharrezkoa duten ekipamenduarekin hornituta.

Zauritutako animaliaren bat aurkituz gero, gogoratu dute ez ukitzea edota ez manipulatzea gomendatzen dela, eta lehenbailehen horren berri ematea Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzako 943 000 420 telefonoan, zaintza zerbitzuak jaso eta zentrora eraman dezan, berreskuratu eta ahalik eta lasterren bere ingurune naturalera itzuli ahal izateko.