INFO

Bilkura jendetsua eta manifestazioa egin dituzte ‘SOS Manteo’ aldarria zabalduz

Donostiako Manteo parkearen defentsan bi ekimen berri egin dituzte Gros auzoan. Asteazkenean BCCeko eraikin berria jartzeko egitasmoa aztertu dute bilkura jendetsu batean, eta ostegun honetan manifestazioa egin dute berriz proiektua salatzeko.

Grosen egin duten mobilizazioa. (@EguzkiEH)

Donostiako auzokide ugari ez dago ados Basque Culinary Centerreko eraikin berri bat Groseko Nafarroako Etorbidean jartzeko egitasmoarekin, eta kezka adierazi dute berriz aste honetan, bi ekimenen bitartez.

Lehena asteazkenean izan da, eraikinaren ondoan kokatuko litzatekeen Okendo Kultur Gunean. Udalak bultzatutako proiektua zehatz-mehatz aztertu dute. Antolatzaileek oso positiboki baloratu dute partehartze maila, are gehiago abuztuan egonda.

 

Ostegun honetan, kanpainari segida emanez, mobilizazioa egin dute eraikina ezarri nahi duten Groseko alde honetan. Horrekin, Manteo-Zemoria parkeak bere horretan uzteko aldarria berretsi dute, gune publiko gisa eta berdegune bezala, alegia. Ulia mendiaren magalean kokatzen dira berdegune horiek, eraikinak desagerraraziko lituzkeenak.

Bi ekimenotan nabarmendu denez, auzoak jada jasaten dituen turistifikazioaren afekzioak larriagotu litezke eraikin berri honekin, parke horiek ezabatzeaz gain.

Beste zenbait ekimen daude martxan, tartean Change plataformaren bidezko sinadura bilketa.