Mikel Iturriak beste urtebetez jarraituko du Euskaltel-Euskadi taldean
2020an talde laranjara itzuli zenez geroztik, bosgarren denboraldia beteko du Mikel Iturria Urnietako txirrindulariak. Osasun arazo ezberdinak izan ditu denboraldian zehar, baina Donostiako Klasikoan, adibidez, maila oso ona eman zuen, lasterketa hasierako ihesaldia harrapatuta.
Mikel Iturriak (1992, Urnieta) Euskaltel-Euskadin jarraituko du datorren denboraldian. Beraz, bost urte beteko ditu laranjaz eta taldearen erreferenteetako bat izaten jarraituko du.
Gipuzkoarrak denboraldi baterako berritu du eta motibazioari eutsi dio. Aste honetan Portugalgo Itzulian ari da, apirilaren amaieran Asturiasko Itzulian izandako erorikotik sendatu eta Ordizian eta Donostian errepidera itzuli ondoren. doniostiako Klasikoan 124 kilometro eman zituen ihes eginda, hain zuzen.
Iturriak hiru denboraldi egin zituen Euskadi Fundazioan, 2013an eta 2014an, kontinental multzoan, eta 2015ean amateur gisa, 2020an etxera itzultzeko. Bere ibilbidean Vueltako lau ekitalditan lehiatu da, 2021ekoak eta 2022koak Euskaltel-Euskadirekin; ondo gogoratzekoa da 2019an Urdazubin Murias taldearekin erdietsi zuen garaipena.
Esker ona
«Berritze honek asko esan nahi du niretzat. Gaixotasun aldi luze batetik nator, eta azken lesiotik. Ia lehiatu gabe aritu arren taldeak aurten berritu izanak konfiantza handia ematen dit, eta energiaz betetzen nau denboraldi honetarako, ahalik eta gehien ematen saiatzeko eta emaitza onak lortzeko. Oso pozik nago», onartu du Urnietako txirrindulariak.
«Datorren urtean maila goreneko denboraldia egitea gustatuko litzaidake, ez egun on batzuk izatea bakarrik, baizik eta erregulartasuna eta maila oso altua izatea urte osoan. Talde mailan, polita litzateke berriro Vueltan egotea, guretzat erakusleihorik onena baita eta taldearentzat oso garrantzitsua baita. Eskerrak eman nahi dizkiet une txarretan lagundu didaten guztiei: taldeari bereziki, eta konfiantza itzultzea espero dut, bai aurten, bai hurrengo denboraldian», gaineratu du.
Bestalde, Jorge Azanza, Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunaren hitzetan, «Mikel taldeko beste zutabe bat da. Iturriak osasun une zailak bizi izan ditu azken urteotan, baina Donostiako Klasikoan ikusi ahal izan genuenez, sasoiko denean maila ederra eskaintzen dio taldeari. Albiste ona da guretzat hori berritzea, eta gazteak taldean prestatzeko beste maisu bat izan daiteke».
2024. urteari begira, Euskaltel-Euskadik Nicolas Alustiza (2003), Iker Mintegi (2002) eta Unai Zubeldia (2003) gazteak fitxatu dituela iragarri du, hirurak Laboral Kutxatik. Mikel Bizkarrak duela gutxi berritu du kontratua, eta Enekoitz Azparren, Xabier Berasategi, Txomin Juaristi eta Andoni Lopez de Abetxuko txirrindulariek, berriz, kontratua indarrean dute taldearekin.
Jesenia Menezes kolonbiarra
Bestalde, Jessenia Menesesek (1995, Medellin) Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioan korrituko du datorren denboraldian. Kolonbiarrak urtebeterako sinatu du, 2024rako.
Euskadi Fundazioak jakinarazi duenez, fitxaketak «lehiakortasuna» ekarriko du eta, gainera, proiektua «aberastuko du», taldeko gazteek txirrindularitza bizitzeko beste kultura eta modu batzuk partekatzeko aukera izango baitute. Beraz, harrobiko euskal txirrindulariei hazten jarraitzen laguntzeko iritsi ei da kolonbiarra.
Aurten Eibar Hiria Sari Nagusian laugarren sailakatu da, eta Andaluziako Itzulian hamaikagarren eta Mendiko garaile izan da eta hamaikagarren amaitu du ere Kolonbiako Itzulia.
«Igotzailea naiz, baina mota guztietako ibilbideetan burua azaltzeko gai naizela uste dut, lehiakorra naiz batez ere. Datorren urtean, gauzak ahalik eta ondoen egitea espero dut, lasterketetan emaitza onak lortzeko aukera bilatuz, eta, talde mailan, nire taldekideei konfiantza ematea eta lagungarria izatea espero dut», azaldu du Menezesek berak.
Ion Lazkano Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko kirol arduradunak azpimarratu duenez, berriz, «Jessenia mendiko etapetan maila ederra emateko txirrindularia da, igotzeko dohainak dituelako. Erakutsi du lasterketa gora jartzen denean oso ondo moldazen dela. Aurten emaitza onak erdietsi ditu lehiatu garen lasterketetan. Gure ustez fitxaketa honek taldearen maila handitzen du».