INFO

Soldataren %80a baino gehiago bideratu behar dute alokairura gazteek bakarrik bizitzeko

Gazteek bakarrik bizitzeko pisu bat alokatu ahal izateko soldataren %83,7a erabili behar dute espainiar Estatuan eginiko ikerketa baten arabera. Bakarrik bizitzea lortzen dutenen batez besteko adina 30 urtekoa da.

Gazteek bakarrik bizitzeko pisu bat alokatu ahal izateko soldataren %83,7a erabili behar dute. (Eduardo Parra | Europa Press)

Bakarrik bizi diren gazteek bere soldataren %80a baino gehiago erabiltzen dute alokairua ordaintzeko. Espainiar Estatuko Gazteriaren Kontseiluak burututako ikerketaren arabera. Gainera, bakarrik bizitzeko batez besteko adina 30 urtekoa da, inoiz erregistratutako altuena.

«Gazte izateari uzterakoan bakarrik bizitzera joan ohi gara», ondorioztatu du Gazteriaren Kontseiluak. Ikerketaren emaitzak Europar Batasunekoekin alderatuz gero, Europar Batasunean bakarrik bizi diren gazte kopuruaren erdia bizi da bakarrik Espainiar Estatuan. Hau da, gazteen %15,9 bizi da bakarrik espainiar Estatuan eta %31,9 Europar Batasunean.

«Gazteentzat etxetik joatea ameskeria hutsa da», adierazi du Andrea Gonzalez Henryk, Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak. Horretaz gain, ikerketaren arabera, nahiz eta lana edo goi mailako ikasketak izan, bakarrik bizitzeko zailtasunak dituzte gazte gehienek, bai etxea alokatzeko eta baita etxea erosteko ere.

Ikerketako ondorioetan oinarrituz, soldataren %83,7 inguru bideratu behar dute gazteek alokairua ordaintzeko, etxeko oinarrizko gastuak kontuan hartu barik; alegia, ura edo argia. Datuen arabera, bakarrik bizi den gazteak hilean 40 euro inguru izango lituzke janarirako eta aisialdirako.

Hirutik batek etxea partekatu behar du

Nahiz eta gazteen soldata azken aldian %4,6 igo, Gazteriaren Kontseiluak alokairua %7,55 igo dela argitu du. Gainera, gazteen langabezia tasa %22,2koa da, biztanleria osoaren %12,9koa den bitartean. Hori dela eta, ikerketak ezagutzera eman du hiru gaztetik batek etxetik irteteko beharrezkoa duela etxea partekatzea.

2022an INEk, SEPEk, Espainiako Bankuak eta Eurostatek txosten bat argitaratu zuten; bertan ondorioztatzen zen gazteen %30,2a pobrezia arriskuan dagoela. Lanean dauden gazteen datuak modu partikularrean hartuz gero, 5etik 1 pobrezia arriskuan dagoela argitu zuen txostenak.

Hori dela eta 2022an espainiar Gobernuak alokairu bonuak martxan jarri zituen. Hala ere, Gazteria Kontseiluak argitu du bonuak gazteen %0,9ra iritsiko direla. Gainera, jakinarazi du bonua eskuratzeko beharrezkoa dela alokairua ordaintzen egotea eta askorentzat urrats hori laguntzarik gabe egitea ezinezkoa da.

«Politika gazteengandik deskonektatu da», adierazi du Gazteria Kontseiluaren lehendakariak. Eta horri jarraiki, Juan Antonio Baez lehendakariordeak adierazi du egoera honek gazten osasun mentalean «arazo ugari» dakartzala.