INFO

DemoSHAT proiektuak aerosorgailu flotatzailea jarri du Armintzan, eta bi gehiago bidean

Ingenieritza lan zaila gaindituta, Armintzako kostaldearen aurrean aerosorgailu flotatzailea jarri dutela iragarri dute ostiral honetan, DemoSATH egitasmoaren barruan. Hurrengo fasean bi gehiago instalatzeko asmoa dute, baina 50ra edo 100ra ere hel liteke itsas parke eolikoa.

DemoSHAT egitasmoaren bultzatzailea, gaur Bilbon eginiko aurkezpenean. (Marisol Ramirez | Foku)

Saitec Offshore Technologies euskal ingeniaritzak, RWE Offshore Wind eta Kansai Electric Powerrekin (KEPCO) elkarlanean, DemoSATH 2 MW-ko itsas aerosorgailu flotatzailea instalatu duela iragarri du ostiral honetan. Gainera, 2026. urterako beste bi ezartzeko asmoa duela jakinarazi du.

«Epe ertain-luzean» euskal kostalde osoan 50 eta 100 aerosorgailu arteko parkea osatzeko asmoa da berea, agerraldian nabarmendu dutenez.

Oraingo legediak ez duela baimentzen aitortu dute bultzatzaileek, eta ondorioz «ez dago bermatuta», baina aukera izanez gero aurrera egingo dutela ziurtatu dute.

Windstaller Aliantzak egindako operazioak Normand Sapphire itsasontzia erabili zuen, tokiko atoiontziekin batera, DemoSATH plataforma Bilboko Portuko Sollana lurmuturretik Armintzako BiMEP entsegu eremura eramateko, 11 miliako distantziatara.

Haize sorgailua 85 metroko sakonera duen eremu batean ainguratuta geratu da Kantauri itsasoan, kostaldetik bi miliatara. Horretarako erabilitako ainguratze sistema sei lerro hibridoz osatua dago (katez eta zuntzez osatuak), DemoSATHren brankako dorretxoari konektatu zitzaizkionak.

Itsasoko plataforma flotatzaileetan haize-errotak instalatzeko proiektu berritzaile honen garapenean 100 ingeniarik hartu dute parte zazpi urtez, eta horiek fabrikatzeko beharrezko osagaien % 75 tokiko enpresek eman dituzte, David Carrascosa euskal ingeniaritzako CEOak komunikabideei egindako aurkezpen batean zehaztu duenez.

2.000 etxebizitzetarako

BiMEP eremuko lanek aurrera jarraitzen dute kable dinamikoaren konexioa amaitzeko, sortutako energia lurreko sare elektrikora isurtzea ahalbidetuko duena. Espero da DemoSATHek 2.000 etxebizitzen elektrizitate kontsumoaren baliokidea den elektrizitatea sortzea.Munduan instalatzen den mota horretako hirugarren plataforma da, Carrascosak zehaztu duenez, eta Espainian sare elektrikora konektatuko den lehena da. Bertan, 2 MW-ko aerosorgailuak sortutako energia elektrikoa irauliko baita.

Irati Larrinaga proiektuaren arduradun teknikoak zehaztu duenez, azpiestazio horrek haizearen indarra jaso eta energia elektrikoa banatuko du. Horretarako, segunduko 3 eta 25 metro bitarteko haizearen indarra energia elektriko bihurtzeko prestatu dute itsas aerosorgaiulua.

DemoSHAT plataforma ezkerretara, Bakioko hondartzatik ikusita.
DemoSHAT plataforma ezkerretara, Bakioko hondartzatik ikusita.

 

Bi urteko probaldia

Konexioa egun batzuk barru bukatzea espero da, eta irailean bi urteko probaldia hastea, itsas instalazio horiek Kantauri itsasoko ingurune meteorologiko gogor batean duten portaera frogatzeko, neguko zein udako galernek nola astintzen duten ikusteko.

Bertako baldintza klimatologiko gogorrak jasateko, plataforma diseinatu da itsas ekaitzei buruzko datu historikoak kontuan hartuta kokats da, eta 17 metrorainoko olatuak jasatea aurreikusten da, Carrascosak zehaztu duenez.

Plataforma eoliko flotatzailea kostaldeko ur sakonetan (85 metro arte) haizearen energia aprobetxatzeko diseinatu eta hornitu da, eta hori mugarri bat da energia-aprobetxamendu mota honetan; izan ere, orain arte, sakontasun txikiko kostaldeko uretan baino ez ziren instalatzen, Ipar Itsasoan, Itsaso Horian (Asia) eta Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldean.

Carrascosak azaldu du plataforma flotatzaile horiei esker, Kantauriko uretan egiten diren probaldia amaitzen denean, itsas aerosorgailu mota horien instalazioa sakonera handiagoko kostaldeetara zabaldu ahal izango dela.

Fase honen amaierak berarekin ekarri du proiektuaren helburu den itsas haize energiaren garapenean aurrerapen handia egitea bai eta jasangarria den energia sortzea ere.

BiMEP eremua

Eskoziako eredua haintzat hartuz eta elkarlanean sortu zen BiMEP eredua, egun DemoSHAT kokatuta dagoen ur zatia. 2020an Europak oniritzia eman zion Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko lankidetzari, eremu ezberdinetan itsas haizearen energia energia baliagarri bihurtzeko. Iñigo Urkullu Lakuako lehendakariak, pasa den urrian Donostian ospatu zen International Ocean Conference & Ocean Energy bileraren inaugurazioan Armintzan eta Mutrikun olatu bidezko energia lortzeko egiten ari den bidea txalotu zituen, eta BiMEP eremua eredugarria zela azaldu zuen.