INFO

Nafar Gobernurako hiruko akordioa «atzerapauso»tzat jo du Kontseiluak

PSN, Geroa Baik eta Zurekin-ek sinatutako akordioa «atzerapausotzat» jo du Kontseiluak. Batetik, «ez du inolako berrikuntza esanguratsurik jaso», eta bestetik, eta larriagoa dena, Euskararen II. Plan Estrategikoa garatzea «desadostasunen atalera pasatu da».

Kontseiluak Iruñean 2021. urtean eginiko mobilizazioa. (Iñigo Uriz | Foku)

Nafarroako Gobernu berria eratuko duten hiru alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa aztertu ondoren «atzerapausotzat» jo du Kontseiluak, ohar batean nabarmendu duenez.

«Euskararen trataerari erreparatuta, ez da inolako berrikuntza esanguratsurik jaso duela lau urte hasitako legegintzaldiaren akordio programatikoaren eta 2023 honetan publiko egin berri dutenaren artean, eta dauden aldaketak ere okerrerako izan dira, 11 puntutik 8ra pasatuz», aipatu du.

Zehatzago, «hizkuntza-politikaren atalari dagokionez, hamaika puntu jasotzen zituen 2019ko akordioak. Akordio berrian, aldiz, hamaika horietarik zortzi berdin-berdin mantendu dira, bi desagertu eta bat desadostasunen atalera pasa da. Beraz, bi dokumentuen edukiak aztertuz gero, objektiboki atzera egin dela ondorioztatu daiteke».

«Gainera, lehenengo puntutik hasita, euskararen normalizazioa eta sustapena konfrontazioarekin eta diskriminazio-sentimenduekin lotzen dira, baina herritarron hizkuntza-eskubideen inolako aipamenik egin gabe», salatu du Kontseiluak.

Gauza larriago bat ikusten du, hala ere: «Euskararen II. Plan Estrategikoa garatzea jasotzen zuen puntua desadostasunen atalera pasatu izana da. Aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuak prozesu partehartzaile zabal bat egin zuen, non Nafarroa osoko gizarte eragileek eta alderdi politiko guztiek parte hartu eta ekarpenak egin zituzten. 2021ko abenduaren 21ean, Euskararen Nafar Kontseiluak planaren azken proposamena bozkatu eta onartu egin zuen, eta Kontseiluak planaren anbizio falta nabarmendu bazuen ere, Gobernuak jarraian blokeatu eta kajoi batean gorde zuen. Nola uler daiteke Euskararen Plan Estrategikoa garatzea adostu zuen Gobernu berak lau urte beranduago honen onarpena desadostasunen atalera pasa izana? Zein plangintzaren arabera gauzatuko da orduan hizkuntza-politika datozen urteotan?».

«Lau urte noranzko onean jartzeko»

Kontseiluak onartezina deritzo balizko desadostasunaren aitzakiarekin hizkuntza-eskubideen aitortzan eta bermean aurrerapauso bakar bat ere jaso ez izanari. «Desadostasuna argudiatuz, milaka nafarri eskubideak ukatzen jarraitzeari, bizitokiaren arabera herritarren diskriminazioa betikotzeari», aipatu du.

«Gizarteko geroz eta sektore gehiago hizkuntza-politika ausartagoak egiteko garaia dela esaten ari diren bitartean, alderdiek lortutako adostasunak zortzi puntu berdin eta hiru puntu gutxiago jasotzen ditu legegintzaldi honetarako hizkuntzaren atalean. Nafarroa osoko herritar guztiei eskubide berdinak aitortuko lizkiokeen ofizialtasuna ez da aipatu ere egiten. Halaber, Gobernu berria babestuko duten alderdien gehiengoak beraien programetan zonifikazioarekin bukatzea eta aurrerapausoak ematea lehentasunezko eta funtsezkotzat jasotzen zuten arren, akordioan ez du deklinaziorik izan», erantsi du KOntseiluak.

Ondorioz, Kontseiluaren ustez, «Legegintzaldiaren abiaburua ez da euskal hiztunek eta euskararen normalizazioak behar dutena. Hala ere, oraindik lau urte daude noranzko onean jartzeko eta helburu horrekin eragingo du Kontseiluak», aurreratu du.

EHE: «Ez aurrerakoia, ez eta anitza ere»

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) ere bere iritzia eman du ostegun honetan, hiruko akordio horrekin desadostasun handia agertuz. «Nafarroako Gobernu berria ez da ez ‘aurrerakoia’ ez ‘anitza’ izanen. Hizkuntza eskubideen bermerako oinarrizkoa den ofizialtasuna aitortu gabe jarraituko du».

«Zonifikazioak bere horretan iraunen du beste lau urtez. Gainera, agerikoa da ofizialtasunaren aldeko konpromisoa hartu zuten alderdiek ez dutela lehentasun gisa hartu datorren legealdiari begirako negoziaketetan. Gainera, zalantzan jartzekoa da gaia negoziaketetara eraman izana bera, izan ere ‘desadostasunen’ atalean ere ez da ageri euskararen ofizialtasuna», ohartarazi du.

EHEren agerraldia ostegun honetan Nafarroako Legebiltzarraren aurrean. (EHE)

Bere ustez, akordioaren edukia «duela lau urtekoaren berbera da funtsean, zenbait atzerapauso eman direlarik». D ereduko lerroak irekitzeko aukera ukatzea eta oztopatzea, Merezimenduen Dekretuaren garapena edota Mañeruko kasua ekarri ditu gogora.

«Hortaz, euskaldunoi borrokatzea eta euskararen normalizazio-prozesuari bultzada berri bat emateko baldintzak sortzea dagokigu», aurreratu du hurrengo lau urte hauei begira.