INFO

Esku Pilotako Euskal Selekzioa 2-1 gailendu zaio Mexikori bertan egindako desafioan

Emakumezkoak eskuz ezker paretan aritu dira eta baita irabaiz ere, baina Mexikoko Lona modalitatean (teniseko pilotarekin), eta gizonezkoek trinketeko binakako bi partida jokatu dituzte, bana irabaziz eta bestea galduz.

Euskal pilotariak, Mexikon. (MUNDUKO PILOTA BATZARRA)

Esku Pilotako Euskal Selekzioa Mexikon ari da bertan lagunartekoak jokatzen edota euskaldunak eta mexikarrak nahastuz erakustaldiak eskaintzen. Abuztuaren 4tik dabiltza bertan eta astelehenean izango dute azken eguna. Munduko Pilota Batzarrak eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioak Mexikoko Lauburu Pelota Eskolarekin eta Mexikoko Euskal Pilotako federazioarekin elkarlanean antolatutako topaketa da hau.

Baina topaketa honetan ikusmin handiena sortu duena Mexiko eta Euskal Selekzioaren arteko desafioa izan da. Aipaturiko desafioa hiru partidez osatuta egon da. Emakumezkoak eskuz ezker paretan aritu dira, baina Mexikoko Lona modalitatean (teniseko pilotarekin), eta gizonezkoek trinketeko binakako bi partida jokatu dituzte. Irabazlea Euskal Selekzioa izan da (2-1).

Emakumezkoek eman diote hasiera jaialdiari. Larrarte-Gaminde euskaldunak eta Aguilar-Vargas mexikarrak aritu dira eta Euskal Herriko pilotariek hasiera bikaina eman diote (2-0 irabazi dute; 13-10 eta 13-6). Izan ere, mexikarren beraien modalitatean itzel aritu dira gure pilotariak. Lehen jokoan, tamaina hartzea kostatu zaien arren, 13-10 irabazi dute, 10-10 berdin joan eta gero joko gogor bat aurrera aterata. Bigarren jokorako, aldiz, neurria hartu diote pilotari eta gehiago izan dira nabarmen, bigarren joko hau 13-06 irabazita partida eta jardunaldiko lehen puntua Euskal Selekzioaren aldera eramanez.

Bigarren neurketa izan da jaialdiko gogorrena. Ziarrusta II.a- Chiapusso euskaldunak eta Cuero C.U-Cabello mexikarrak aritu dira. Partida guztian zehar parean joan dira. Bikote euskalduna 27-24 aurretik joan da eta hor amaitu dira esperantzak. Une horretan mexikarrek gehiago asmatu eta markagailuan 36-30 aurretik jartzea lortu dute. Azken tantoak ere erabat borrokatuak izan arren, partida Mexikoko bikoteak eraman du (35-40), desafioan 1-1 jarriz.

Hirugarren eta azken partida izan da ikusmin gehien sortu duena jaialdi honetan, bertan erabakiko baitzen desafioko garailea. Mexikarren partetik, Munduko ezker paretako txapeldunak eta Mexikoko trinketeko pilotari onenak osatu dute bikotea: Stich-Mundo. Hala ere, hasieratik Euskal Selekzioko Ziarrusta-Ugarte gehiago izan dira, eta partida erdirako alde nabarmena lortu dute, 15-07. Trinkete berezia izan arren, erraz hartu diote tamaina, taularen berezitasuna baliatuz. Euskal pilotariek ez dute erritmorik jaitsi eta mexikarrak ezinean aritu dira. Azkenerako, 30-18 irabazi dute partida.

Bihar trinketeko finala eta frontball txapelketa

Bestalde, gizonezkoen trinketeko txapelketako finala igande honetan jokatuko da, emakumezkoen frontball txapelketarekin batera. Gizonetan Taberna euskalduna eta Mundo mexikarrak bikote osatuta, Ziarrusta euskalduna eta Stich mexikarraren aurka arituko dira. Emakumezkoetan, aldiz, Gaminde-Larrarte euskaldunak Reyes-Vargas mexikarren aurka lehiatuko dira.