INFO

Kongresuko Mahaia hautatzeko osagaiak prest; emaitza inork ez daki

Inbestidura formalizatzea falta den arren, behin Chiviteren hurrengo Gobernua lotuta, Nafarroako politika opor giroan sartu da. Kontrakoa gertatu da Madrilen. Datorren ostegunean Kongresuko Mahaia hautatu behar da, eta alderdiak berpiztu dira, bereziki PSOE. Emaitza aurreikustea ez da batere erraza.

Madrilgo Kongresua, artxiboko irudi batean. (J. DANAE | FOKU)

Bi fronte hartu behar dira aintzat Kongresuko Mahaiaren osaketaren inguruan apustuak egiteko, eta biak ala biak airean daude oraintxe bertan. Lehenengoa, zenbakiak dira: PSOEk PPren mesedetan Madrilen galdu zuen azken diputatuak zelai-jokoa aldatu zuen, blokeak erabat berdinduz. Junts eta Coalicion Canaria ekuaziotik kenduz gero, eskuin espainolak 171 diputatu ditu, UPN barne; eta PSOEk eta alderdi ezkertiar eta subiranistek, beste hainbeste. PSOEk Auzitegi Gorenera eraman zuen ostegunean Madrilgo barrutiko 30.000 boto nulu berrikusteko eskaria, diputatu bakar baten dantzak emaitza osoa alda dezakeela jakitun. Erantzunik ez, oraindik.

Baina zenbakiez harago, politika dago. Eta politikak leku berezian jarri ditu kanariarrak eta Junts-eko katalanak. Haien esku daude, neurri handi batean, bai inbestidura, baita Kongresuko Mahaia ere. PPk Coalicion Canaria alderdiko diputatu bakarraren babesa emantzat jotzen bazuen ere –Kanarietan elkarrekin gobernatzen dute–, PSOErekin ere negoziatzen ari direla jakin da aste honetan. Alderdiko iturriak aipatuz, Daniel Galvalizi kazetariak ostegunean NAIZen ziurtatu zuen kanariarren botoa oraindik erabakitzeko dagoela.

Atzo deklarazio publikorik egon ez zen arren, alderdien makineriak martxan daudela nabarmena da. Zenbait filtraziok PSOE EAJrekin eta ERCrekin negoziatzen ari dela baieztatu zuten. Informazio horren arabera, alderdi hauek Kongresuko Batzorderen baten presidentetza eskuratzeko moduan daude, haien babesaren truke. Galdera nagusia bat da orain: Juntsen jokabidea.

Fantasiatik errealitatera

Ostegunean, PP Juntsekin negoziatzeko prest agertu zen, baina Voxek, lehenengo, eta Kataluniako PPko kideek, atzo, bide horretatik ez jarraitzeko eskatu diote. Alejandro Fernandez buruzagi katalanak oso argi hitz egin zuen Zaragozan: «Junts da Konstituziotik at kokatu dena, eta Puigdemontek iskin egin dio Justiziari; beraz, zeinahi negoziaziotatik kanpo daude.