INFO

Parisko Fiskaltzak Eiffel Dorreko bonba-alerta faltsuen inguruko ikerketa abiatu du

Parisko Fiskaltzak ikerketa bat ireki du asteburuan Eiffel Dorreko bi bonba-alerta faltsuengatik. Larunbatean dorrea eta inguruko kaleak hustu behar izan zituzten horregatik, bi orduz. Iturrien arabera, internet bidez ezagutu zuten «arriskua».

Parisko fiskaltzak ikerketa bat ireki du asteburuan Eiffel Dorreko bonba-alerta faltsuengatik. (Miguel MEDINA | AFP)

Parisko Fiskaltzak martxan jarri du ikerketa bat Eiffel Dorreko bonba alerta faltsuak argitzeko. Larunbatean Barne Ministerioak Internet bidez ezagutu zituen bonben bi alerta hauek, astelehen honetan jakinarazi denez. Lehenaren ondorioz, eraikina eta ingurua bi orduz hustu behar izan zuten. Sinesgarritasun handia eman omen zioten abisuari.

Horrelako informazio faltsua helaraztea delitu bat dela gogorarazi du Fiskaltzak; hain zuzen ere, horrelako arau-husteen egileek 2 urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna ordaindu beharko lukete, legearen arabera.

Iturriek jakinarazi dutenaren arabera, Parisko Fiskaltzak zazpigarren barrutiko polizia etxeari agindu dio ikerketa martxan jartzea, biztanleengan kalteak sorraraziko dituen informazio faltsua helarazi duen egilea aurkitzeko helburuarekin.

Barne Ministerioak alerten berri izan zuen Pharos izeneko plataforman; sareko delituen berri ematen duena, alegia. Iturriek jakinarazi dute jeuxvideo.com eta moncommissariat.fr. helbideetan topatu zituztela bonben mehatxuak.

Larunbatean eguerdiko 13.00tan piztu zen lehenengo alerta eta 15.30ak arte ez zuten operatiboa bertan behera utzi. Eiffel Dorrea eta inguruko kale eta eraikinak hustu zituen poliziak eta lehergailu-teknikariak lekutik lanean ibili ziren.

Bigarren alerta egun bereko arratsaldeko 19.30tan eta gaueko 21.00ak gertatu zen. Bi mehatxuetan Eiffel Dorreko hiru pisuak, jatetxea eta inguruko plaza, zazpigarren distrituan kokatuta, hustu behar izan zutela adieraz dute autoritateek.