INFO

EHUk behera egin du nabarmen Shangaiko rankingean

Hiru urtez jarraian munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu ondoren, 400 eta 500 onenen arteko tartera jaitsi da EHU nazioarteko sailkapen esanguratsuenean, ARWU Academic Ranking of Word Universities izenekoan. Nafarroako Unibertsitatea 501 eta 600 entzutetsuenen artean mantentzen da.

Ikasleak, EHUko Ibaetako campusean. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitatea nabarmen jaitsi da Shangaiko rankingean; 2022an munduko 301 eta 400 unibertsitate onenen artean ageri zen eta aurten, berriz, 401 eta 500 hoberenen artean kokatu dute. Nafarroako Unibertsitatea toki berean azaltzen da, 501 eta 600 prestigiotsuenean artean. Zerrendan sartzen den estatu mailako campus pribatu bakarra da. Nafarroako Unibertsitate Publikoa, aldiz, ez da lehenengo 1.000 campusen artean azaltzen.

EHU hiru urtez segidan jarri izan du nazioarteko sailkapenik garrantzitsuenak, ARWU Academic Ranking of World Universities delakoak, ‘top 400’-ean. Baina atzera egin du oraingoan, estatu espainiar mailan oro har unibertsitate guztiek egin duten bezala.

Estatu espainoleko bederatzi zentro kokatu dira 500 onenen artean, baina bakar batek ere ez du lortu lehenengo 100etan sartzea. Emaitzarik hoberenak Bartzelonako Unibertsitateak eta Granadakoak eskuratu dituzte. 201 eta 300 campus baloratuenen artean ageri dira biak. Baina kataluniarrak behera egin du, eta andaluziarrak gora. 2022an, Bartzelonakoa lehenbiziko 151 eta 200en artean zegoen. Granadakoak, berriz, bi postu egin ditu goiti iaztik.

Estatu frantsesak, Suitzak eta Alemaniak launa campus dituzte zerrendako ‘top 100’-ean. Britainia Handiak zortzi ditu, eta Herbehereek eta Suediak, hiruna.

Eva Ferreira errektorearen apustua

Iragan otsailean, Eva Ferreira EHUko errektoreak 2030ean Shangaiko zerrendan 300 onenen artean kokatzeko apustua egin dutela azaldu zuen prentsaurrekoan. Orduan lehenengo 400en artean zegoen oraindik. «Nahiz eta erritmo onean hazten ari garen posizioa hobetzeko, erritmo biziagoan hazi behar dugu. Honek bultzada handia ematen dio bikaintasuneko unibertsitate ikerketari», adierazi zuen. 

2022an, Euskal Herriko Unibertsitatea 150 onenen artean kokatu zen hiru diziplinatan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika. Gainera, 200 onenen artean ageri zen beste lau diziplinatan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia; eta Matematika, talde pribilegiatu honetan sartu zena.

Harvard, berriz ere

Nazioartean, AEBetako Harvardeko Unibertsitatea ageri da zerrendaren lehenbiziko postuan, 21. urtez jada. Standford eta Massachusetts Teknologia Institutua daude bigarren eta hirugarren lekuan, hurrenez hurren. Ipar amerikarrak biak.

Jarraian datoz Cambridge britainiarra, eta Berkeley eta Princeton estatubatuarrak, Oxford britainiarra, Columbia, Kaliforniako Teknologia Institutua eta Chicagoko Unibertsitatea, ipar amerikarrak denak.

Eragin handiko sailkapena

Shangaiko zerrenda hau 2003tik argitaratzen du Jiao Tong Unibertsitateak. Izen bereko hiri txinatarrean kokatua dago eta urtero eguneratzen du. Campusak banan-banan sailkatzen dituzte ehunera ailegatu arte, eta hortik aitzinera blokeka antolatzen dituzte.

Aldizkari zientifikoetan, bereziki ‘Nature’ eta ‘Science’-n, plazaratutako artikulu kopurua, erakundearen tamainaren araberako errendimendua eta bertan ikasitakoek edota bertan klasea ematen ari direnek lortutako Nobel Sari kopurua hartzen dituzte kontuan sailkapena osatzeko, bertzeren artean.

ARWU Academic Ranking of World Universities unibertsitate munduan gehien baloratzen den ebaluazio irizpideetako bat da, eta eragin handiena duenetako bat unibertsitateen nazioarteko proiekzioa ebaluatzeko orduan. Zerrendak 500 unibertsitate onenak biltzen ditu, goi hezkuntzako 1.500 erakunde nagusiak aztertu ondoren, mundu osoko 20.000 unibertsitatek baino gehiagok osatutako multzo batetik abiatuta.

EHU 2012an sartu zen munduko 500 unibertsitate onenen talde entzutetsuan, eta 2020ko ediziotik, 400 onenen artean egon da.