INFO

Logelak pisu partekatuetan: 450 euro Donostian, 400 Bilbon eta 350 Gasteiz eta Iruñean

Pisu partekatuetako gelen eskaintzak gora egin du, batez ere Donostian; hileko batez besteko prezioa 450 euro ingurukoa da bertan, Bilbon 400 eurokoa eta Gasteizen eta Iruñean 350 eurokoa, Idealistaren txosten baten arabera.

Alokairuko etxeak, Donostian, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Idealista higiezinen webguneak egindako txosten batean jasotzen denez, pisu partekatuetako logelen eskaintza nabarmen hazi da Donostian azken hamabi hilabeteotan, %48 egin baitu gora, Iruñean %34koa eta Bilbon %30ekoa izan den bitartean. Gasteizen %1era mugatu da.

2022ko abuztuarekiko prezioa %8 igo da Bilbon, %6 Gasteizen eta %3 Iruñean. Donostian, aldiz, %2 jaitsi da, nahiz eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako garestiena izaten jarraitzen duen.

Hala, pisu partekatuko logelen batez besteko prezioa hilean 450 euro ingurukoa da Donostian, eta 400 eurokoa Bilbon eta 350 eurokoa Gasteizen eta Iruñean.

Etxebizitza partekatzen dutenen profila antzekoa da Bilbon, Donostian eta Iruñean, batez beste 32-33 urte baitituzte; Gasteizen, berriz, batez besteko hori 44 urtera igotzen da.

Espainiar Estatu mailan, betiere Idealistak asteazken honetan argitaratutako txostenaren arabera, etxebizitza partekatuen eskaintza %34 igo da azken urtean, eta logelen alokairuaren prezioa %3 igo da, hileko 350 euroraino.

Estatuan etxebizitza partekatzen duten pertsonek iaz zutenaren antzeko profila dute, Idealistak adierazi duenez. Batez besteko adina, ordea, igo egin da, 34 urtera arte. Estatistikek diotenez, maizter horiek hiri handien erdigunean bizi dira nagusiki, ez dute erretzen eta ez dute uzten etxean erretzen, eta ez dute maskotarik onartzen.