INFO

Besteen «lehiakortasuna» aipatu du EHUk Shanghaiko rankingean izan duen jeitsiera azaltzeko

EHU munduko 500 unibertsitate onenen artean dago Shanghaiko rankingaren edizio berrian, 400 onenen artetik jaitsi ondoren. «Unibertsitateen kolektiboa gero eta zabalagoa eta lehiakorragoa da», azaldu du Eva Ferreira errektoreak, eta jakinarazi du helburua dela «posizioak igotzea».

Eva Ferreira. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) munduko 500 unibertsitate onenen artean dago, astearte honetan ezagutzera eman zen Shanghai-ko rankingaren edizio berrian. Euskal Herriko Unibersitatea ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean. Inguruabar hori ulertzeko, EHUk azaldu du 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dutela, puntuazioaren arabera. Sailkapen honetan jeitsiera izan du, beraz.

«Shanghai-ko rankinga oso ebaluazio zorrotza da; unibertsitateko ekoizpen zientifikoaren sektorea aztertzen du, mundu osoko 20.000 unibertsitate baino gehiago biltzen dituena. UPV/EHUk bere ekoizpen zientifikoa handitzen jarraitzen du, baina ikerketa-maila handiko unibertsitateen kolektiboa gero eta zabalagoa eta lehiakorragoa da. Nolanahi ere, gure posizio erlatiboari eusten diogu Estatu espainiarreko unibertsitateen taldean eta munduko 500 unibertsitate onenen artean gaude. Baina uste dut handinahia izan daitekeen eta izan behar duen herrialde batean gaudela bikaintasuneko ikerketaren arloan erreferentziazko bere unibertsitatearen posizio erlatiboa hobetzeko», azaldu du Eva Ferreira EHUko errektoreak, albistea zabaldu eta ordu gutxira.

Horregatik, «unibertsitate onenen taldean jarraitzeko eta posizioak igotzeko helburuari eusteko egindako talde lana eskertu nahi dut, bereziki, gure komunitate akademikoarena», gaineratu du Eva Ferreirak.

Unibertsitate publikoa duela hamaika urte sartu zen sailkapen honetan. Orduan 500 unibertsitate onenen artean kokatu zen, eta hainbat aldiz (2012, 2018, eta 2020tik 2022ra) 400 onenen artean ere izan da. Aurten Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 500 onenen artera erori da berriz. Hautatutako talde horretan Estatu espainiarreko beste zortzi unibertsitate baino ez daude, ranking-ean izandako beherakada orokorraren barruan.

Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela. Aurtengo datu deigarrena da Txinako unibertsitateek gora egin dutela, dozenaka.