INFO

Azken bi hamarkadotako Donostia, Irrikitaldiaren ispiluan

Urteak Donostian eman duena eta egungo protagonista nagusietako batzuk umorezko antzezlan bilakatuko dituzte piratek igande honetan, jaiei bukaera ematen dien Irrikitaldian. 2006. urtetik hona egiten dute eta, urtez urteko errepasoa eginez, hiriaren bilakaera bera errepasatu daiteke.

Piraten kanoikada berezia. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Gidoi txiki xume bat badu Irrikitaldiak, baina inprobisaziotik ere asko du. Horregatik, igandean 17.00etatik aurrera Bulebarrean gertatuko dena ezin da iragarri. Barrea ziurtatuta dago, hori bai. Donostiak horretarako soberako arrazoiak ematen dituelako. Nahiz eta, egiari zor, batzuetan errealitatea gordina piraten irudimena baino haratago doan.

Duela 17 urte abiatu zuten Aste Nagusia borobiltzeko ekimen hau, eta bere apaltasunean arrakastatsu bilakatu da. Urtez urteko gainbegiratua eginez historiagileek osa lezakete Donostiaren ibilbidearen laburpen bat, herriaren begiradatik eta umorez beti ere. Bederatzi pasarte hauetan bildu dugu.

 

1. ZINISMOALDIA

Donostiako Zinismoaldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Donostia ezaugarritzen duten ospakizunak Irrikitaldiaren jopuntuan egon ohi dira. Aste Nagusiko hasieraren kanoikada izan daiteke (Luis Mokoroa nagusiaren imitazio batzuk gogoangarriak izan dira), edo su artifizialak eta izozkiak, edo 2016ko Europako Kultur Hiriburuarena, edo errege espainolek egindako bisitak, edo 2009ko Realaren mendeurrena, edo tren turistikoa...

Zinemaldia, jakina, ez da libratu. Honela irudikatu zuten lehenengo edizioetako batean, ekimenak dakarren gastuari kritika eginez («Pastizal de Donostia») eta orduko antolakuntzak ezarritako zenbait debeku salatzeko asmoz («Donostiako Zinismoaldia»).

 

2. IZAGIRRE ERE BAI

Izagirre igeldoarra. (Gorka RUBIO | FOKU)

Odon Elorza orduko alkatea izan zen «jipoituena» hasieran, baina 2011ean kargua hartu zuen Bilduko Juan Karlos Izagirre ere erori zen piraten parodiaren atzaparretan. Honela irudikatu zuten urte hartan, Donostiako alkatetzatik Igeldoren independentzia aldarrikatuz. Ahoskera imitatzeko lan bikaina egin zuten. Eta hurrengo edizioetan sendagile gisa eta motorrean igota ere irudikatu zuten igeldoarra.

 

3. BANKETXEAK «LIBRE»

Banketxeen eta aberatsen aldeko herri harresia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Apirilean atxiloketa politikoen aurka Bulebarrean osatu zen herri harresia izan zen 2013ko albiste nagusienetako bat Donostian, duda izpirik gabe, eta ondorioz abuztuko Irrikitaldian ere ‘Libre’ aldarria ozen zabaldu zuten, laranja koloreko elastiko eta puxiken bitartez. Baina ez zuten gazteen defentsan egin, banketxe eta enpresarien alde baizik, zenbait diskurtso ofizialen arabera dirudunak ataka larrian zirelako garai hartan.

 

4. GASCO ETA GOIA

Gasco eta Goia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

2015eko legegintzaldian bikote xelebrea osatu zuten PSEko Ernesto Gascok eta EAJko Eneko Goiak Udaletxean. Alkatea azken hau bazen ere, Gasco alkateordea bere gainetik nabarmentzen zen behin eta berriro, eta horrekin txantxa ugari asmatu ahal izan zituzten Donostiako piratek.

Irudian, gainera, Eneko Goia Korrikako petoarekin ageri da, irribarre asko urratu zituen pasartea gogoratuz,: euskararen aldeko lasterketaren lekukoa bere aurretik pasatu zen ohartu gabe. Alkatearen izaera honelakoa da, «lasaia». Oldarkorragoa zen Gasco alkateorde gisa baina Madrilera joan zen gero eta geroztik faltan bota dute Irrikitaldian, Munilla apezpikuarekin batera inspirazio iturri nagusi izan zutelako urte askotan zehar.

 

5. ZEZENKETAK BERRIZ

Zezenketak. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Udal Gobernu horren eskutik itzuli ziren zezenketak Donostiara, hiru urteko etenaldiaren ostean, eta horregatik 2015eko Irrikitaldia Zezen Plaza bihurtu zuten parte-hartzaileek. Espainiako banderak nonahi, abanikoak, mantillak eta peinetak, eta inoiz ikusi gabekoa ere: ikurrina toreatzailearen kapote gisa, ospakizunari bertako kutsua eman nahian.

Gipuzkoako egunkari salduenaren aipamena ere ez zen falta irudian. Egia esan, ‘El Diario Fatxo’ nonahi ageri da Irrikitaldietan, egunerokoan ‘El Diario Vasco’ hirian antolatzen den ekimen askoren babeslea dela parodikoki seinalatuz.

 

6. APEZPIKU JAUNA, ETA ANDEREA

Munilla gotzaina. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Hasieratik botere faktikoak lotsagabe uzteko bokazioa izan du ekitaldi honek, eta horregatik Elizaren miseriak ia urtero-urtero antzeztu dituzte, non eta Koruko Andra Mariren eskaileretan, oholtza gisa hartuta. Eta Elizar katolikoaren barruan Donostian norbait nabarmendu bada, horra hor Jose Ignacio Munilla gotzaina. Era guztietara irudikatu dute piratek, serio eta irribarretsu, ponpa guztiarekin eta ipurdia erakusten, gizon eta emakume gisa. Nahiz eta Munillak utzitakoak, orduan eta orain dela gutxi ere, zinez gainditzeko zailak diren.

 

7. DONOSTIA ESPAINIARRA

Aldarri bereziak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Donostiari izaera espainiarra ematen diotenak baziren, badira eta izango dira. Horiei eskainia, «Guardia Zibil Pais Vascora», aldarrikatu zuten pankarta honekin, Bulebarreko kioskotik, azkeneko Irrikitaldietako batean. «Batasuni»en kontrako mezuak azaldu ziren aurreko beste batean. Eta Borboi familiakoak ere tarteka agertu dira ospakizunean, beren arbasoen bide bera eginez; lehenik Juan Carlos aita izan zen, herrenka, elefante kume baten ondoan –Botswanako garai onak gogoan–, eta gero Felipe semea, Donostian bainatzeko irrikitan baitzen.

 

8. ETA BELLE EPOQUE BETI

Jantzi distiratsuak. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Troupe umoretsu honen barruan edonor sar daiteke, antzerkian parte hartu beharrik gabe. Izan ere, guztientzako dago gordea Donostia turismo mailan distiragarri egin zuen Belle Epoque-ren pertsonaiaren bat edo beste. Aitona-amonen trapu zahar dotore batzuk hartuta, edo ezkontzaren batean erabilitakoa armairutik berriro ateraz, erraz moldatzen da janzkera. Hori eta umore ona Bulebarretik Koruko Andra Mariren arteko karabana eroan sartzeko osagai bakarrak dira. Festaren azken txanpa behar bezala eginez eta, bide batez, Donostiako historia herrikoia, ez ofiziala, marraztuz.