INFO

Eraso sexista, LGTBfobiko eta arrazisten aurkako protokola eguneratu dute Bilboko Konpartsek

Larunbatean hasiko den Aste Nagusiari begira, Bilboko Konpartsek eraso sexista, LGTBfobiko eta arrazisten aurkako protokola aurkeztu dute: «Jendearentzat hurbilagoak eta ez hain bortitzak diren jai herrikoiak lortzeko, ongi etorria eman nahi diegu pertsona guztiei baina ez jarrera guztiei».

Bilboko Konpartsen agerraldia eraso sexisten aurkako protokolo eguneratua aurkezteko. (BILBOKO KONPARTSAK)

Bilboko Konpartsak Federazioak 2023ko Aste Nagusirako eguneratutako protokoloen eta datozen mobilizazioen inguruko jakin beharrekoak eskaini ditu ostiral goiz honetan Areatzaklo Kioskoan emandako prentsaurrekoan.

Nerea Matute eta Ibai Garcia konpartsakideek azaldu dutenez, joan den Aste Nagusitik, Bilboko Konpartsak federazioa lanean aritu da jaietan edozein eraso jasan dezaketen pertsonentzako arreta eta zaintza hobetzeko. Hori dela eta, protokoloak eguneratu dituzte, eraso sexista, LGTBfobiko eta arrazista guztiei aurre egiteko, konpartsakideen eta hainbat gizarte-talderen laguntzaz, eta baita tailerren eta prestakuntza berezien bidez ere.

«Jendearentzat hurbilagoak eta ez hain bortitzak diren jai herrikoiak lortzeko, ongi etorria eman nahi diegu pertsona guztiei baina ez jarrera guztiei», argitu dute.

Bide horretan, indarkeria-mota gehiago ikusgarri egiteko banderatxoak aldatu dituzte mezu ezberdinekin. Gainera, erasoei buruzko kartela eguneratu dute. Kartel horrek adierazten du konpartsak leku segurua direla edozein indarkeria motaren aurrean laguntza eske jotzeko, eta beste hizkuntza bat gehitu zaie (wolof-a), aurrekoei (euskara, gaztelania, arabiera, ingelesa eta frantsesa).

Argitu duten arabera, lan horren guztiaren helburua zera da: «Jai-esparrua segurua dela bermatzea, erasotzaileek ongi etorriak ez direla jakin dezaten, erasorik ez dela erantzunik gabe geratuko, konplizerik ez egotea eta jarrera bortitz, matxista edo oldarkorrik ez dela erantzunik gabe geratuko argi uztea».

«Konpartsok errespetua eskatzen diegu pertsona guztiei, jaiaren une oro, Aste Nagusia, eguna eta gaua guztion gozamenerako direlako. Ez dugu onartuko inongo kriminalizaziorik konpartsok antolatutako ekintza eta tailerretan», azpimarratu du Matutek.

Arratsaldeko mobilizazioa

Bestalde, Bilboko Konpartsek duten lan feministaren baitan, Bilboko Mugimendu Feministarekin duten saretzea nabarmendu dute. Horren harira gaur arratsaldeko 19:00etan Arriagan burutuko den agerraldi feminista masiboan parte hartzeko deia luzatu dute.

Bertan, inolako erasorik gabeko jaiak defendatzeaz gain, autodefentsa feminista aldarrikatuko da. Horrez gain, zaintza eskubide unibertsalaren alde mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen greba feminista orokorra indartzeko antolatutako ekimenen berri emango da.