Iñaki Artola, aukera urriei etekina atera eta gozatzen jarraitzearen arteko muga lausoan
Alegiarrak ez du uda osoan onenen aurka lehiatzeko modurik izan eta astearte honetan Bizkaia Torneoko finaleko binakako partida jokatuko du, Albisurekin, Altuna III.a eta Martijaren aurka.
Pandemiari aurre egiteko sortu zen Caixabank Mastersa sendotzeak izandako albo kalte nabarmenetako bat da, lehendik ere onenen artean jokatzeko aukerak urriak ziren aukerak are eta gehiago murriztu izana. Enpresa bakoitzeko sei aukeratuen artean sartu ez diren pilotariak inoiz baino arazo gehiago izaten ari dira uda honetan partidak jokatzeko eta horrek egiten du pilotari hauen oso gustuko txapelketa izatea Bizkaia Torneoa. Taldeka jokatuta, batez ere aurrelariei, karteldegietan tartetxoren bat izateko aukerak bikoizten zaizkie eta lehen kanporaketak ekainean jokatu baziren ere, astearte honetan jokatuko dute finala Sollube (Salaberria/Altuna-Martija eta Elezkano II.a) eta Anboto (Peña II.a/ Artola-Albisu eta Alberdi II.ak) taldeek.
Partida guztiek berdin balio arren, binakako partidak izaten du, nolabait esatearren, sonik handiena eta agian horrexegatik, dozena erdi pilotari hauen artean Iñaki Artolarentzat da Bizkaia Pilotalekuko zita bereziki berezia. Aspaldiko partez, estelar handi bat jokatuko du alegiarrak, bere ibilbidean horren gertukoa izan duen Jokin Altuna egungo izarrik handienaren aurka, gainera, eta aurrelari gipuzkoarrak aukera horri etekina ateratzen eta kantxan gozatzearen arteko mugan lausoan aritu beharko du.
Aukerarik gabe
Enpresako lehen aukeretatik at –Mastersetik eta udako torneo handi guztietatik kanpo utzi du Baikok eta uztailaren 14tik abuztuaren 8ra partidarik jokatu gabe izan du enpresak– alegiarrak inork baino hobeto daki halako aukera urriak bere burua aldarrikatzeko behar larria duela, baina era berean, argi dauka bere burua gehiegi estutu eta presio gehiegirekin kantxaratzeak ere ez diola batere mesederik horretan.
Sasoiko dauden Altuna-Martijaren aurka aritzea nahiko zaila ez balitz bezala, Jon Ander Albisu ere ez da azkenaldian emaitza onik biltzen ari, baldintza berezietan aritu beharko du Iñaki Artolak Bilbon, baina garaipen bat, edo partida on bat bederen, konfiantzaren depositua kargatzeko motibo bikaina litzateke. Bidean topatutako oztopoetan erori, baina baita gero, ahorik ireki gabe jaikitzen ere, iaioa dugu Artola –urrutiegira joan gabe, aurten Binakakotik at geratu zen– eta ezin ahaztu urte amaieran bukatzen zaiola kontratua.
Baina ezin ahaztu Bizkaia Torneoan bi puntu batu behar direla garaipenak eskuratzeko eta buruz buruko lehiak ere ezin dira ahaztu. Kaiolan, maila desberdinetan baina sasoi puntu izugarrian ari diren bi pilotari ariko dira elkarren aurka. Gasteizen txapeldun eta pilotari onenenaren saria eskuratuta, tolosarra aparretan dabil baita ere Mastersean Rezustaren babesean eta faborito irtengo da nafarraren aurka.
Kantxa osoan, Victor Estebanek irabazi zuen Solluberekin finala jokatzeko aukera, baina abuztuaren 10ean Asperi agur esan eta gero, Danel Elezkano arituko da Eibarkoen artean puntua eskuratu nahirik. Parean, anaiari lehen aldiz irabazita finalean leku bat lortu zuen Unai Alberdi izango du erabakigarria izan daitekeen neurketan.