INFO

Josu Urrutikoetxeari Jordi Evolek egindako elkarrizketa, Zinemaldian ikusgai

Oraindik Zinemaldiak ofizialki iragarri ez duen arren, Josu Urrutikoetxeari eginiko elkarrizketa oinarri duen filma, Jordi Evole kazetariak egina, edizio honetan ikusgai izango da, irailaren 22tik aurrera.

Josu Urrutikoetxea, 2020ko abenduan Parisen. (Jagoba MANTEROLA)

Aurtengo Donostiako Zinemaldian Jordi Evole kazetariak Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketa proiektatuko dela zabaldu da astearte honetan, filtrazio baten bitartez. ‘El Diario Vasco’k aurreratu du eta Zinemaldiko Administrazio Kontseiluko iturrietatik baieztatu dute.

Erakunde honek, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua bezalako erakundeetako ordezkariek osatua, gonbidapen bat jaso du elkarrizketa jendaurrean ikusi ahal izateko, iturriek adierazi dutenez.

Donostia Zinemaldiak oraindik ez du publiko egin sail guztien programazioa, eta ez du horri buruzko iritzirik eman nahi izan. Irailaren 22an abiatuko da Zinemaldia eta hilaren 30a arte luzatuko da.

Urrutikoetxeak (Ugao, 1950) elkarrizketa luzea eman zien NAIZi eta ‘Mediabask’i 2020. urtean, besteak beste ETAren azken erabakiak hizpide zituela. 1968an sartu zen erakundean eta bere amaieraren adierazpena irakurri zuen Marixol Iparragarrirerekin batera.

Espainiar jazarpena jasaten ari da oraindik ere, akusazio ezberdinak tarteko, eta Zaragozan izandako atentatu batengatik epaitzeko urratsak emanak ditu Auzitegi Nazionalak. Kartzelaratua izan zen 2019. urtean baina urtebete beranduago utzi zuten libre epaitegi frantziarrek, kontrol neurriak ezarriz. Geroztik bizitza publikoa egiten du Ipar Euskal Herrian eta zenbait elkarrizketa eman ditu eta erreportaje ezberdinetan azaldua da.