INFO

Jon Morcillo, Amorebietara bidean

Zornotzako ezker hegalekoa bere herriko taldean arituko da. Oso gutxi jokatu du azken bi denboraldietan eta deialditik kanpo geratu da lehen jardunaldietan. Asier Villalibrek ere ez du minuturik izan liga hasieran eta merkatua itxi aurretik Alavesera itzuli daiteke.

Jon Morcillo Mexikoko biran Chivasen aurka jokatutako partidan. (@AthleticClub)

Jon Morcillo sustraietara itzuliko da eta Amorebietarekin jokatuko du Bigarren Mailan. Kontratua urtebete luzatu arren, oso minutu gutxi izan zituen iaz Valverderekin eta, gainera, sorbalda apurtu zuen.

Zornotzako ezker hegalekoa utzita arituko da herriko taldean bere futbol ibilbideari bultzada berri bat emateko asmoarekin. 25 urte egingo ditu irailean eta oso gutxi jokatu du azken bi denboraldietan.

Morcillo Amorebietaren harrobian hasi zen jokatzen eta Durangoko Cultural taldetik igaro ostean heldu zen Lezamara 2016an. Athleticen hirugarren taldea den Basconian bi denboraldi egin zituen bakoitzean dozena erdi gol sartuz. Joseba Etxeberriak Bilbao Athletic hartu zuenean taldeko golegile nagusia bilakatu zen 10 gol egin ondoren 2019-20 denboraldian eta Gaizka Garitanok lehen taldearekin entrenatzea igo zuen udan.

Jon Morcillo Eibarren aurka denboraldi aurrean jokatutako paritdan. (@AthleticClub)
Jon Morcillo Eibarren aurka denboraldi aurrean jokatutako paritdan. (@AthleticClub)

Morcillo bikain moldatu zen denboraldi aurrean eta titular gisa abiatu zuen liga. 36 partidatan parte hartu zuen lehen taldearekin eta bi gol lortu zituen, nahiz eta Marcelino iritsi zenean gutxiago jokatu.

Hurrengo denboraldian Valladolidera utzita irten zen eta Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Ez zuen gehiegi jokatu, baina ezagutzen du Bigarren Maila eta jokalari garrantzitsua izan beharko luke Amorebietarentzat. Maila mantentzea da talde bizkaitarraren helburua eta bi berdinketa lortu ditu lehen bi jardunaldietan.

Villalibre eta Marton jokatu gabe

Morcillok bezala, Villalibrek bere kontratua luzatu zuen joan den denboraldian Athleticekin 2025erarte. Alavesera utzita joan zen neguko merkatuan. Sei gol egin zituen Gasteizen. Horien artean, Lehen Mailara igotzeko balio izan zuen penalti erabakigarria.

Valverdek taldean lekua zeukala aipatu zuen denboraldi aurrean egindako adierazpenetan, baina lehen bi jardunaldietan ez du minuturik izan. Iñaki Williams, Guruzeta eta Raul Garcia aritu dira bere aurretik erdiko aurrelari gisa Real Madril eta Osasunaren aurkako partidetan.

Villalibre denboraldi aurrean jokatutako partida batean. (@AthleticClub)
Villalibre denboraldi aurrean jokatutako partida batean. (@AthleticClub)

Bestalde, Sansetik iritsitako Javi Marton aurrelaria denboraldi-aurreko golegile nagusia izan da eta plantillan toki bat egitea lortu du. Nafarra ere jokatu gabe dago oraindik. Esan bezala, aukera ezberdinak dauzka Valverdek aurrelari posturako eta Villalibre Alavesera itzuli daiteke utzita. Talde gasteiztarretik hainbat aldiz esan du Sergio Fernandez kirol zuzendariak interesa daukatela. Kike Garcia fitxatu duten arren, Giuliano Simeoneren lesio larriaren ondorioz beste aurrelari bat fitxatu nahiko lukete.

Irailaren 1ean itxiko da udako merkatua ligan. Athleticek atseden eguna dauka gaur eta atzo Sakatu elektrotxarangarekin jotzen izan zen Villalibre Bilboko Aste Nagusian. Aldi berean, Oihan Sanceti partida bateko zigorra ezarri diote Sadarren txartel gorriarekin kaleratu ostean.