INFO

Mariezkurrenak bere lekua topatu duen arte iraun du Bilboko lehen finalerdiak

Peñak eta Berriozarko atzelariak ez diete inolako aukerarik eman udako lehen aukerari etekinik atera ez dion Urrutikoetxea eta erabat gaindituta aritu den Imazi (22-9)

Jon Mariezkurrenak asko agindu du Bilboko lehen finalerdian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Iker Larrazabalen ordezko aritu den Jon Ander Peñak eta Jon Mariezkurrenak, gaur egun Baikon sasoirik onenean diren bi pilotariek, jokatuko dute igandean Bilboko Aste Nagusiko torneoko finala, gaurko finalerdian Mikel Urrutikoetxeari eta Ander Imazi erraz gailenduta (22-9). Beste finalerdia, Aspeko adarrekoa, ostiralean jokatuko dute Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III.a-Rezustak.

Mastersetik eta udako feria nagusienetatik at, etxekoa izan du Mikel Urrutikoetxeak beretzat hain ez ohikoa izaten ari den uda honetako lehen aukera eta Zaratamokoak ezin izan dio etekinik atera. Berak egindakoa izan da partidako lehen tantoa eta hasieran lortu dute Jon Mariezkurrena kantxan deseroso sentitzea (7-4 aurreratu dira), baina, Berriozarko atzelariak kantxan bere lekua topatu duenean partida erabat urdindu da. Eskuin oso indartsuko atzelaria da nafarra, partiden nondik-norakoak aldatzeko gaitasuna duena eta gaurkoa horren froga berri bat izan da.

Zulo ikaragarriak ireki ditu Mariezkurrenak eta Jon Ander Peñak ez du arriskurik hartu behar izan erasora pasatzeko. Konfiantzaz lepo dabil tolosarra azken asteetan eta ederki asmatu du errematerako pilotak aukeratzerakoan.

Lan erdietarako markagailuari buelta emana zieten gipuzkoarrak eta nafarrak eta zalantzarik uzten ez duen 13-0eko partzial batekin lortu dute finalerako txartela.

Ezkurdia-Zabaleta Elgoibarren

Askoz orekatuagoa eta ikusgarriagoa suertatu da Elgoibarko Ikastolako pilotaleku txikian jokatutako partida. Bertan, amaiera estu batean, Ezkurdia-Zabaletak 22-20 irabazi diete Altuna-Martijari, nahiz eta hauek 17-19 aurreratu diren. Egin eta galdu, Zabaletak asko egin du gaurkoan eta, nahiz eta amezketarrak tanto ikusgarriak egin dituen, garaipena bikote nafarrentzat izan da.

 

FITXA TEKNIKOA:

Urrutikoetxea-Imaz: 9

Peña II.-Mariezkurrena: 22

Pilotakadak: 406. Iraupena: 57 minutu. Markagailua: 1-0, 1-3, 5-3, 5-4, 7-4, 7-6, 8-6, 8-11, 9-11 eta 9-22. Sakeak: 1 Urrutikoetxeak eta 2 Peña II.ak. Egindakoak: 3 Urrutikoetxeak, 2 Imazek, 7 Peña II.ak eta 6 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 3 Urrutikoetxeak, 3 Imazek, 2 Peña II.ak eta 1 Mariezkurrenak.