INFO

This browser does not support the video element.

Albokarien tropelak beste urte betez Bilboko kaleak musikatu ditu

Ostiral honetan bildu dira Euskal Herriko albokariak Bilbon; urteroko hitzordura ez dute huts egin eta alde zaharreko kaleak musikarekin alaitu dituzte. Goizean abiatu dira doinu ezezagunekin, baina ezin jakin noiz amaituko duten.

Albokariak Bilboko kaleetan zehar. (Andoni Canellada | FOKU)

Urteroko enkontrua izaten dute Bilbon Euskal Herriko albokariek. Urtero toki berean elkartzen dira, Arriaga plazako ikurrinaren azpian. Hitzordua jakina den arren, abuztuaren 25an zer gertatuko den ez dute inoiz jakiten; izan ere, zenbat elkartuko diren eta noiz amaituko duten ez dute jakiten, askotan ibilbidea ere momentuan bertan erabakitzen dute. Halere, pozarren elkartzen dira albokazale amorratuenak Bizkaiko hiriburuan.

Aurtengoa XXIV. edizioa izan da, eta bertan izan dira albokariak eta panderojoleak Bilboko Alde Zaharreko kaleak alaitzen. Kalejira deitu ziezaioketen, baina «tropela» beraien izaerarekin lotuagoa dagoela iritzita, 1988tik ospatzen dute ‘Euskal Herriko albokarien tropela’. Izan ere, txistularien disziplinarik ez dutela aitzakiatzat hartuta eta ilara zuzenetan mantentzeko ohitura hautsiz, tropel itxura handiagoa dute albokariek parte hartzaileen arabera, eta horrela jarri zioten urteroko juntadizoari izena.

Euskal Herriko instrumentu tradizionala da alboka, galzorian egon ostean, badirudi pixkanaka berriro ere ezagunagoa bihurtzen ari dela. Nolanahi ere, ezin esan alboka jotzaile asko daudenik gure lurraldeetan. Bilboko tropelak alboka ezagutarazteko eta albokariak saretzeko helburua izaten du; baina batez ere, musikarekin ongi pasaraztekoa.