INFO

Goierritik igaro da gaur AHTaren kontrako bizikleta martxa

‘Stop AHT Zundaketak’ bizikleta martxa Goierrira iritsi da gaur. AHTaren eraikuntzarako egin behar diren zundaketak gelditzeko eskatzeko antolatu dute ekimena eta bihar bukatuko da Irurtzunen.

Elkarretaratzea egin dute Beasainen. (Jon URBE | FOKU)

Goierritik igaro da gaur ‘Stop AHT Zundaketak’ lelopean antolatutako bizikleta martxa. Atzo hasi zuten ibilbidea Irurtzunen eta toki berean bukatuko da bihar bertan. Sakana eta Goierri igarota, Lautada ere zeharkatuko dute, AHTaren eraikuntzarako egin behar diren zundaketak gelditzeko eskatuz.

Goierrin, Arabako Lautadan eta Sakanan AHTerako zundaketa geologikoak geldiarazteko antolatu dute bizikleta martxa. Ekimenaren helburu nagusia herritarrak zundaketak «geldiarazteko beharraz» ohartaraztea da eta mobilizazio soziala piztea.

Izan ere, azken aldian zundaketa eskaera ugari iritsi direla jakinarazi du ekimenak, eta naturari zein herriei «eraso latzak» eragingo dizkiela gaineratu du.

«Nafarroako korridorea» eta «Euskal Y-a» deiturikoak lotzeko zundaketek Aralargo mendigunea zulatu edota Sakana eta Lautada osoa zeharkatuko dituela salatu dute. Lehenengo aukera Aralarko mendigunea zulatzea da eta bestea Sakana eta Lautada osoa zeharkatzea izango litzateke, Iruñea eta Gasteiz lotuz. «Bata zein bestea justifikaziorik gabeko eraso latzak dira, bai naturarentzat bai herrientzat, ohiko trenaren suntsiketaren beste urrats bat eta diru-xahutze onartezina», nabarmendu dute.

Ostiral goizean «AHTrik ez» oihuekin abiatu ziren Irurtzundik, eta arratsaldean, Altsasura iristerakoan elkarretaratzea egin zuten. Gaur ere egin dute elkarretaratzea Beasainera iritsitakoan. Horretaz gain, AHTaren borrokaren inguruan hausnartzeko aukera izan dute gaur bertan, Lazkaon antolatutako Batzar Irekian.

AHTaren aurkako aldarrikapenez bete dute plaza. (Jon URBE | FOKU)

Orain arte elkarteek martxan duten protokoloaren bitartez eta hainbat herritan antolatutako mobilizazioen bitartez, zundaketen lehenengo hiru saiakerak gelditzea lortu dutela adierazi du ekimenak. Oraingo ekimenarekin, inguruko udalekin hitz egin eta saiakera berri hauek «bertan behera» gelditzea helburu dute.

Sakana Trenaren alde, Sustrai Erakuntza Fundazioa, AHTrik ez! Lautada, Otsotarrak, Landarlan eta AHT Gelditu! Nafarroa elkarteek osatzen dute ‘Stop AHT zundaketak’ ekimena. Ekintza honen bidez helburu berdineko elkarteekin «harremanak sendotzea» espero dute.