INFO

Iñaki Artolaren sasoi bikainak ez du saririk izango Logroñon

Javi Zabala izango da aurtengo sanmateotako berrikuntza nagusia, Zabaletarekin bikotea osatuz. Larrazabal-Imazek eta Altuna-Martijak osatuko dute B Multzoa, beste taldean, ordea, Elordi-Rezusta, Peña-Mariezkurrena eta Jaka-Albisu lehiatuko dira.

Gaur aurkeztu dute Logroñon sanmateotako feria. (ASPEPELOTA)

Bilboko ferian egindako lan aparta, Bizkaia Torneoa irabaziz eta jarri dizkioten partidetan maila bikaina emanda –igandean bertan 16 tanto amaitu zituen Iztueta lagun–, ez da nahikoa izan Baikok Iñaki Artolari uda honetan aukera bat emateko. Gaur aurkeztu dute udako sasoiari amaiera emango dion Logroñoko feria eta, beste behin, Bilboko enpresak beste pilotari batzuk lehenetsi ditu; Larrrazabal, Peña eta Jaka aurrelarien artean. Aspekoa izango da, hortaz, sanmateotako berrikuntza bakarra, bertako Javi Zabalari aukera polit bat eskaini diolako, Jose Javier Zabaletak lagunduta.

Irailaren 15ean hasiko den Logroñoko feriak azken urteetako lehiaketa sistema bera erabiliko du eta enpresa bakoitzak hiruna bikote jarriko ditu lehian, bi multzotan banatuta. A taldean Elordi-Rezusta, Peña-Mariezkurrena eta Jaka-Albisu lehiatuko dira eta B multzoan, aldiz, aipatutako Zabala-Zabaleta, Larrazabal-Imaz eta Altuna-Martija. Talde bakoitzeko bi onenek hilaren 24an jokatuko den finalerako sailkatuko dira.

Ohikoa de bezala, egun bat lehenago erronka bat jokatuko dute, buruz buru, binaka eta lau eta erdian. Momentuz, Urrutikoetxea eta Ezkurdia dira binakako partidak jokatzeko aukeratutako pilotariak.

Donostia martxan

Atsedenerako ia betarik gabe, astearte honetan hasiko da Donostiako torneoa, Aspeko pilotarien arteko finalerdiarekin. Sabeleko arazoetatik osatuta, Elordik Zabaletarekin jokatuko du eta parean Altuna III.a-Rezusta izango dituzte. Asteazkenean, Baikoko pilotarien txanda izango da; Jaka-Mariezkurrena / Peña-Imazen aurka. Berez, Aranguren zen Peñaren atzelari aritzekoa, baina eskuin eskuko arazoekin, oiartzuarrari utzi behar izan dio bere lekua.