INFO

Mondragon Unibertsitateak 14 titulu berri eskainiko ditu datorren ikasturtean

Mondragon unibertsitateak 14 titulu berrirekin zabaldu du 2023-2024 ikasturteko eskaintza akademikoa. Hainbat jakintza arlotako master, aditu-ikastaro eta espezializazio-ikastaro berriak eskainiko ditu unibertsitateak. Horrez gain, zenbait modalitate beste campusetan ere eskainiko ditu.

Mondragon unibertsitateak 14 titulu berri eskainiko ditu 2023-2024 ikasturtean. (Europa Press)

Hainbat jakintza arlotako 14 titulu berri eskainiko ditu datorren ikasturterako Mondragon Unibertsitateak. Ingeniaritzako, enpresa-kudeaketako, ekintzailetzako, hezkuntzako, humanitateetako eta gastronomiako eskaintza handitu du unibertsitateak ikasturte berriari begira. Horrez gain, zenbait campusetan zeuden modalitate batzuk beste batzuetan ikasi ahalko dira.

«Erakundeen behar berriei erantzuteko» master, aditu-ikastaro eta espezializazio-ikastaro berriak eskainiko ditu unibertsitateak. Jada 18 gradu, 20 unibertsitate master eta doktoregoko 4 programa eskaintzen zituen Mondragonek, horietako gradu eta master gehienak irakaskuntza duala egiteko aukerarekin.

Robotikako eta Kontrol Sistemetako Unibertsitate Masterra, lehen soilik Arrasateko campusean eskaintzen zena, ikastaro honetan Bilboko AS Fabrik campusean ikasteko aukera egongo da. Master horrek bi espezialitate ditu; sistema autonomoak eta automatizazioa. Horretaz gain, doktorego-programa sartzeko aukera dute ikasleek.

Teknologia Biomedikoen Masterrak lehen aldiz bi espezialitate eskainiko ditu; hain zuzen ere, Produktu sanitarioen garapena eta fabrikazioa eta Sistema biomediko adimendunak. Masterrak irakaskuntza duala egiteko aukera ematen du. Goierriko campusean ere aditu-ikastaro berria eskainiko du unibertsitateak Lortekekin batera; Nazioarteko Soldadura Ingeniarien ikastaroa.

Enpresaritza fakultateari dagokionez, bi master eta onlineko etengabeko prestakuntzarako ikastaroa. Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra eta Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako online Masterrak dira eskaintza berriak Datuen Gobernu eta Kudeaketa Estrategikoko Etengabeko Prestakuntzako online ikastaroarekin batera.

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean sei titulu berri izango dira ikasturte honetan; hain zuzen ere, masterreko espezializazio berri bat, master propio bat eta Hezkuntzaren eta Humanitateen arloetako profesionalentzako hainbat programa. Horietako bi dira Hezkuntza Fisikoko espezializazioa eta Euskal Kultura Sustatzeko Masterra.

Basque Culinary Center Gastronomia Zientzien Fakultateak ere berrikuntzak izango ditu 2023-2024 ikasturteari begira; alegia, lau titulu berri eskainiko dira, horietako bi online; Jatetxeen Kudeaketako eta Jatetxeetako Gozogintzako online ikastaroak, hain zuzen ere.