Urkulluk eta Aragonesek ezezkoa eman diote inbestidura saioa baino lehen Feijookekin biltzeari
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak uko egin diote inbestidura saioa baino lehen Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak antolatu duen bilera errondan parte hartzeari, Voxekin dituen itunak direla eta.
Iñigo Urkulluk eta Pere Aragonesek astearte honetan jakinarazi dute uko egin diotela Alberto Nuñez Feijoorekin biltzeari, PPko buruzagiak inbestidura-eztabaidaren aurretik presidente autonomikoekin eta «hitz egin nahi duen ororekin» abiatu nahi duen bilera-sortaren baitan.
Lakuako gobernuburuak nabarmendu duenez, Voxek «bai ala bai» baldintzatzen duela PPren politika, EAJrenekin «erabateko talka» egiten duen printzipioekin.
Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, EAEko lehendakariak onartu du Alberto Nuñez Feijook astelehenean idatziz egin ziola bilera baterako eskaria, eta Urkulluk harekin telefonoz soilik hitz egiteko konpromisoa hartu zuen, betiere kabinetearen bileraren ostean.
Urkulluren ustez, bi epe desberdin daude, bata irailaren 26 eta 27an egitekoa den «inbestidura-eztabaidaren aurrekoa», eta bestea «inbestidura-eztabaidaren ondorengoa, Alberto Muñoz Feijoo presidente aukeratzen badute».
Orain alderdi politikoen denbora dela uste du Urkulluk. «Hala badagokio, gehiengoak osatzeko, presidentea aukeratzeko eta inbestidurarako negoziazioa ez dagokie autonomia-erkidegoetako presidenteei», gaineratu du.
Hala ere, ziurtatu duenez, «denborak kontuan hartuta, logikoena litzateke Alberto Nuñez Feijoo presidente izendatzen badute, berarekin hitz egitea, «lehendakari gisa, Euskadiri eragiten dioten gaiei heltzeko».
Esteban bilduko da Feijoorekin
Inbestidura saioaren aurretik Urkullu Feijoorekin bilduko ez den arren, Kongresuan EAJk duen bozeramaileak, Aitor Estebanek, iragan asteazkenean baieztatu zuen PPko buruarekin «kortesiazko» bilera egingo duela.
«PPk deitzen badigu, uste dut adeitasun txikienagatik bilerara joan behar dela», adierazi zuen Estebanek, eta zehaztu zuen hitzorduak berak eta Feijook elkar ezagutzeko balio dezakeela, oraindik ez baita halakorik gertatu. «Baina ez du beste ezertarako balioko», ohartarazi zuen jeltzaleak, nahiz eta alderdian ateratzen hasi diren Feijoorekin akordioa egitearen aldeko ahotsak.
Bestalde, Nafarroako Gobernuko iturriek Efe agentziari adierazi diotenez, Maria Chivite lehendakaria «Feijooren deiaren zain dago», eta gaineratu dute ez dutela ezagutzen PPko buruak egingo duen «proposamen zehatza».
Aragonesek ere atea itxi dio
Kataluniako presidente Pere Aragonesen kasuan, ezezkoa Patricia Plaja Generalitateko bozeramaileak adierazi du, independentisten arteko batasunari dei eginez, Pedro Sanchezekin negoziatzeko eta hauteskundeak errepikatzea saihesteko.
Plajaren esanetan, Generalitateak «ez du bilera posibleen berri», eta ez du horren inguruko «eskaera ofizialik» jaso, baina argi hitz egin du, aldez aurretik baztertu baitu: «Ez dago ezer esateko Aragones eta Feijooren artean».
Hain zuzen ere, Estatuko hauteskundeen ostean Moncloan dagoen «bitarteko» egoera horri buruz, Plajak Kongresuan duen indarra «aprobetxatzeko» eskatu die ERCri eta JxCati, negoziazioan «sakontzeko» eta akordioak, amnistia batetik eta autodeterminaziorantz aurrera egiteko, azpiegiturak edo ekonomia bezalako beste alderdi batzuez gain.