INFO

Emakumeak protagonista direla, Ukraina eta Tolosa arteko hariak josi ditu Ura Iturraldek

Ura Iturralde argazkilari dokumentalistak ‘Emakumeen istorioak Ukrainako gerratean’ lana aurkeztu du Gasteizen. Bi istorio abiapuntu hartuta, protagonisten harremana azalduaz gidatu du aurkezpena. 2022an joan zen Ukrainara, baina istorioaren sorburua Tolosan dago, bere jaioterrian.

Bika eta bere amaren argazkia. (Marisol Ramirez | Foku)

Ura Iturralde kamera soinean harturik Ukrainako gerraren «gainerako istorioak» islatzen saiatu da azken denboraldi honetan. 2022ko ekainean bertara joatea erabaki zuen eta asteazken honetan, Gasteizko Europa Jauregian horren berri eman du ‘Emakumeen istorioak Ukrainako gerratean’ izenburupean egindako hitzaldian. Amaieran elkarlotzen diren bi istorio azaleratu ditu argazkilariak, fotogramekin eta publikoaren etengabeko parte-hartzearekin.

«Nire lehenengo istorioaren abiapuntua Tolosa da, 2006an», hasiera eman dio kontaketari Iturraldek. Urte horretan Bika, 8 urteko neska ukrainar bat, Tolosara iritsi zen. Argazkilariak Bikaren harrera familia ezagutzen zuen eta Tolosan zegoenean argazki batzuk atera zizkion neskatoari. Ondoren, gerra hastean, Bikaren harrera familiaren «sufrimendua» gertutik ikusi zuen Iturraldek eta azkenean bertara joateko erabakia hartu zuen.

Bika Txernobyl ondoko herri batekoa da, baina gaur egun Kieven bizi da. Argazkilaria Ukrainako hiriburura iritsi zenean, neskak bere herrira bueltatzea proposatu zion, gerrak eztanda egin zuenetik Bika ez baitzen bertan egon. Bertan bizitakotik, familiaren «eguneroko bizimodua» islatzen saiatu da Iturralde.

«Han zaudenean gerra oso bestelakoa da», nabarmendu du behin baino gehiagotan argazkilariak. Bizitzak «aurrera» egiten duela azpimarratu du. Hala ere, gerraren ondorioak lurraldeetan ez ezik, pertsonengan «oso agerikoak» direla azaldu du. «Bikaren familiak 15 egun jaki gordailu batean sartuta igaro zituen, errusiar tropak beren herrira iritsi zirenean», azaldu du. Horren ondorioz, familiak arazo psikologiko nabariak dituela adierazi du.

«Bikaren familiak 15 egun jaki gordailu batean sartuta igaro zituen, errusiar tropak beren herrira iritsi zirenean»

 

Horretaz gain, bertako jendeak duen «ezinegona» ere nabaria dela azaldu du Iturraldek: «Egun batetik bestera etxeak txikituta geratzen dira, Bikaren bizilagun askori gertatu zitzaion moduan». Herrira bertaratu zirenean, gainerako bizilagunekin ere aritu zen elkarrizketan Iturralde, «istorio txiki» guztiak pilatzeko asmoz.

Haurdunaldi subrogatuaren afera

Bertan zegoela haurdunaldi subrogatuan fokua jartzea erabaki zuen argazkilariak. «Tolosako bikote batek haurdunaldi subrogatu bidez hartu zuen haur bat Ukrainatik, gerra bitartean», azaldu du bere ideiaren sorburua aurkeztuz. Gaian sakontzen joan zen eta 40 klinika baino gehiago aurkitu zituen Kieven bertan, gerran ere «normal» jarraitzen zuten klinikek. Hori dela eta, horietako batera joatea eta ezagutzea erabaki zuen.

Ura Iturraldek aitortu du «harrituta» geratu zela egoerarekin. Klinika izugarri handia zen eta haurdunaldi subrogatuaren gaia «normalizatua» dagoela adierazi du, beste negozio bat bezala ulertzen baitute haurren salerosketa. «Obuluak eta haurdun geratzen diren emakumeak katalogo bidez aukeratzen dituzte», adierazi du, oraindik harrituta, argazkilariak.

Normalizatuta dago haurdunaldi subrogatuaren gaia, beste negozio bat bezala ulertzen baitute haurren salerosketa.

Tolosako bikotearekin ere harremanetan jarri zen, hauen istorioan sakontzeko asmoz. Ukrainan haurrak «erostea» merkeagoa dela aitortu zioten. «Suposatzen da haurdun geratzen diren emakumeek maila ekonomiko egokia izan behar dutela, baina auskalo nork zehazten dituen maila ekonomikoa neurtzeko parametroak», aipatu du Iturraldek.

Tolosako familiak emakumearekin oraindik harremana mantentzen duela azaldu du argazkilariak. Ukrainan Bika ezagutu zuten, bera izan baitzen bikoteari ukrainar klaseak eskaini zizkiona eta hala «elkarlotzen» dira bi istorioak. Oraindik ere harremanetan jarraitzen dute Bikarekin. «Bikote honen istorioa polita iruditu arren, emakume gehienen istorioak halakoak ez direla argi daukat», nabarmendu du Iturraldek.

 «Han haur bat erostea, Benidormeko oporrak hartzea bezalakoa da»

Argazkilariak argi dauka haurdunaldi subrogatua «pil-pilean» dagoen gaia dela, eta horretan sakontzea erabaki du. Publikoak «eskertu» du gaia mahai gainean jartzea eta elkarrekin hausnartzea.

«Haur bat izatea desio bat da, ez eskubidea, eta kasu honetan emakumeen eskubideak urratzen direla uste dut», adierazi du emakume batek hitzaldiaren ostean. Gainerakoak buruarekin berretsi dute baieztapena eta askok «patriarkatua eta kapitalismoaren adierazpen latzenetarikoa» dela adierazi dute. Iturraldek publikoarekin ados dela erantzun du: «Han haur bat erostea, Benidormeko oporrak hartzea bezalakoa da».