INFO

Emakundek uste du jaietan erasoak ekiditeko egindako «lan kolektiboak» emaitzak eman dituela

Emakunderen arabera, sentsibilizazio-lanek eraso matxistak ekidin dituzte. Herritarren inplikazioa eskertu du, besteak beste, nahiz eta Gasteiz, Donostia zein Bilboko jaietan sexu-askatasunaren aurkako salaketak erregistratu diren.

Gasteizko jaietan egindako elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak udako jaien balorazioa egin du asteazken honetan, eraso sexistei dagokienez. Nahiz eta jai guztiak ez diren amaitu, irailean izaten baitira hainbat herritako jaiak, Elgarrestak Gasteiz, Donostia eta Bilboko jaiak «termometro sozial gisa» erabiliz egin du balorazioa. Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, «urtez urte egiten ari den sentsibilizazio-lanak hainbat eraso prebenitzea» lortu du.

Halaber, Elgarrestak uste du horrek erasoak salatzera animatu dituela emakumeak, «salaketa jartzerakoan babes handiagoa sentitzen baitute». Hala ere, adierazi du uda honetan ere erasoak egon direla, salaketa gehienak baimendu gabeko ukituekin lotutakoak izan direla, eta beraz, «adi egoten» jarraitu behar dugula azaldu du. Gasteizko jaietan 4 kasuren berri izan zuten Ertzaintzak edo Udaltzaingoak, 2 izan ziren Donostian eta 18 Bilbon.

Elgarrestak udalen, jai batzordeen, ostalaritzaren, elkarteen, mugimendu feministaren eta, orohar, hiritarren inplikazioa eskertu nahi izan du «jarrera matxistek gero eta gaitzespen handiagoa jasotzen duten jai-guneak sortzen laguntzeagatik».

Emakundek, bere aldetik, protokoloak etengabe hobetzeko lanean jarraituko duela adierazi du, eta herritarren inplikazioa gero eta handiagoa izatea eskatu du. Ildo horretan, Elgarrestak dei egin die gizonei «jarrera sexistak geldiarazi eta gaitzesterakoan aktibo ager daitezen eta beste gizon batzuentzat berdintasunezko jarreren eredu bihurtu daitezen». Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela berdintasunezko eta errespetuzko jarrerak sustatuko dituen sexu-hezkuntzan aurrera egiten jarraitzea.

Bilboko jaien ostean balorazio positiboa egin zuen Juan Mari Aburto alkateak, gertatutako erasoak ez zirelako «izan litezkeen larrienak» izan. Donostian ere nabarmendu zuen Eneko Goia alkateak bilakaera egokia izan dela.