INFO

Aurreko postuak kasik finkatuta, eta atzekoetan, sari handia nork lortuko

Gaur gizonezkoen ontzien txanda izango da. 24 traineruk parte hartuko dute, eta 18.00etan emango diote hasiera erlojupekoari, bi taldetan banatuta. Ezustekorik ezean, litekeena da Urdaibai, Hondarribia, Zierbena, Orio eta Getaria sailkatzea. Bereziki, azken bi postuetan egongo da lehia.

Kaikuko trainerua, ahalegin betean aurtengo Zarauzko Ikurrinako estropadan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kontxako Banderako bi igandeetan arraun egiteko, aurretik lan egin beharra dago saria lortzeko. Zazpi trainerurentzat bakarrik baitago lekua, −Donostiarrarekin, zortzi ontzi lehiatuko dira, zuzeneko pasea baitu−. Traineru batzuek, beste batzuek baino lantegi zailagoa izango dute.

Ezustekorik ezean, Urdaibaik, Hondarribiak, Zierbenak, Oriok eta Getariak ez lukete arazo handirik izan behar sailkatzea lortzeko. Hori bai, ezingo dira erlaxatu. Are gehiago, kontuan hartuta iaz Bermeo segundo gutxi batzuengatik kasik Kontxatik kanpo geratu zela. Aurten gutxi izango dute gordetzeko ontzi indartsuenek.

Seigarren eta zazpigarren postuetan aulki joko handia dago, eta aukerak asko zabaltzen dira. Hor egon daitezke Cabo, Santurtzi, Ondarroa, Lekittarra, Kaiku... Izen asko, bi leku bakarrik daudenean. 

Alday (Lekittarra): «Azken urteetan gertu egon gara, baina ez dugu lortu, eta presio hori gure kalterako izan daiteke [...] Badakigu azkar ibiltzeko gaitasuna dugula»

 

Zunbeltz Perez (Santurtzi, 1994) Kaikuko arraunlariak goian aipatutako traineruak ikusten ditu seigarren eta zazpigarren postuen lehian, eta horietatik Cabo ikusten du faboritoena. Betiere, itsasoa lasai badago: «Itsasoa bare badago, ziur aski erraz sartuko dira. Azken estropadan, Getariakoan, ordea, azkenak egin zuten itsaso zakarrarekin. Itsasoa txarto badago, segur aski gurekin egongo dira».

Mikel Txintxurreta (Pasai San Pedro, 1998), San Pedroko arraunlariak, Eusko Label ligako lehen txandako denak ikusten ditu seigarren eta zazpigarren posturako borrokan. «Ondarroa, Kaiku... Getaria nahiko barruan ikusten dut, baina Santurtzik estropada borobila egiten badu, baita haiek ere».

Isuntzako trainerua denboraldi honetako Sestako estropadan. (Oscar Matxin EDESA | FOKU)

Bide beretik, Osertz Alday (Hondarribia, 1976) Lekittarrako arraunlari eta entrenatzaileak nabarmendu du talde «mordotxoa» direla bi postu horietan lehiatzeko. Eusko Label ligako lehen bostak finkoak dira, haren ustetan; gero, Cabo, Getaria eta haiek, Isuntza, daude, eta gero atzekoak. Ares Galiziatik nola datorren ere «ikusi beharko» dela azpimarratu du, baita KAE 1ean aurrean ibili direnak ere: «Ikusi beharko da nork asmatzen duen ondoen egun berezi honetan».  

Ezustekoa emateko

Hiru arraunlariek begiratu dituzte aste osoan zehar gaurko baldintza meteorologikoak. Metro bat baino gehiagoko olatuak aurreikusita daude eta haizea 11 kilometro orduko abiaduran. «Guretzat hori ona da, baina gero bihar joaten zara eta itsaso horrekin azken postuan amaitzen duzu», adierazi du tentuz Kaikukoak.

«Nahiko kondizio onak» dira, San Pedrokoaren hitzetan, eta lehia «estutu» egiten du: «Poparean olatuak aprobetxatu behar ditugu, nahiko ondo moldatzen garelako».

Aldayren ustetan, horrelako baldintzak aproposak dira ezustekoak emateko, eta Isuntza ondo moldatu da halakoetan, haien ingurune naturala horrelakoa delako: «Pixka bat mugitua egoteak ezustekoa emateko laguntzen du, eta espero dut positiboa izatea».

Isuntzak bitan lortu du Kontxarako sailkatzea, 1986an eta 1999an. «Azken urteetan gertu egon gara, baina ez dugu lortu, eta presio hori gure kalterako izan daiteke. Taldeak konfiantza du, gauzak ondo egiten baditugu badakigu azkar ibiltzeko gaitasuna dugula», nabarmendu du Aldayk.

Perez (Kaiku): «Ilusioarekin eta indarrarekin atera gara Getariako estropadatik. Laugarren postuan amaitzea, eta segidan Kontxako sailkapena jokatzea, motibazioa handia da»

 

Ezustekoa litzateke Isuntza sailkatzea? Lekittarrako arraunlariak adierazi du datuak ikusita agian baietz, baina ikusita udan nola ibili diren, ez lukeela esango ezustekoa izango zenik: «Amesteko aukera ematen digu, eta itsasoa mugituta egon denean lortu ditugun emaitzak ikusita, konfiantza ematen digu. Errespetu handiz begiratzen diogun estropada bat da, nahiko kapritxosoa dena. Egun batera izanda, prest egon behar dugu guztirako».

Isuntzak ez du inoiz Kontxako Banderarik lortu; Aldayk, ordea, bai. 2005ean eta 2013an bere herriko traineruarekin, Hondarribiarekin. Lekittarrako arraunlaria saiatzen da esperientziatik hitz egiten, nahiko talde gaztea baitute: «Esperientzia irabazten doan taldea da, eta horrelako estropada batean eskarmentuak laguntzen du irakurketa on bat egiten, eta pixka bat lasaitzen».

Horrez gain, Aldayk nabarmendu du herriak duen ilusioa ona dela, baina presio hori gainera etor daitekeela. Beraz, saiatu behar direla haien lana egiten, eta norberak bere bertsiorik onena ematen.

Kaiku eta San Pedro, beste garai batzuetan

Kaikuk, ordea, iaz lortu zuen sailkatzea, eta Perezek adierazi du helburua Kontxan sartzea dela: «Jendea ilusioarekin eta indarrarekin atera zen Getariako estropadatik. Laugarren postuan amaitzea, eta segidan Kontxako sailkapena jokatzea, motibazioa handia da».

Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzaileak hamasei Kontxako Bandera irabazi ditu; hamar patroi/arraunlari moduan eta sei entrenatzaile moduan.

San Pedroko trainerua, KAE1 ligako estropada batean. (Andoni CANELLADA FOKU)

«Harentzat estropada berezia da, eta indarra eta ilusioa helarazten digu. Baina egia da ez garela beste urteetako Kaiku. Badakigu zaila izango dela igandean egotea, eta espero dugu ondo egitea, eta, gutxienez, zazpigarren postuan egotea», nabarmendu du Kaikuko arraunlariak.

San Pedrok izango du zailena, eta horretaz jakitun da Txintxurreta. Hala ere, «animoso eta indartsu» daude, ikusten dutelako aukeraren bat badagoela, «oso zaila» izan arren. «Esperantza ez da inoiz galtzen».

2018an lortu zuen San Pedrok azkenekoz sailkatzea. Azken urte hauetan sailkapena «nahiko garesti» dagoela esan du Txintxurretak.

Txintxurreta (San Pedro): «Ondarroa, Kaiku... Getaria nahiko barruan ikusten dut, baina  Santurtzik estropada borobila egiten badu, haiek ere lehia horretan egongo dira»

 

'Libia' traineruak hamabost aldiz irabazi du Kontxako Bandera, azkena, 1994an. Orain beste garai batzuk dira? «Bai, klubaren urrezko aroa izan zen, eta horretaz oso harro gaude. Orain beste garai bat pasatzen ari gara, eta berriro garai horietan lortu zenera iristeko, lanean jarraitu behar dugu», adierazi du Txintxurretak.

Kontxako Bandera irabazteko faboritoa zein den galdetuta, hiru arraunlarien ahotatik traineru bat atera da: Urdaibai. «Segur aski liga eta Kontxa irabaziko dituzte. Bermeoko entrenatzailea oso argia da, eta badaki zer eskifaia aterako duen estropadetan, eta, ziur aski, oso estropada onak egingo dituzte bai lehenengo, bai bigarrren igandean», nabarmendu du Kaikuko arraunlariak.

Aldayk, bide beretik, uste du Urdaibai, Hondarribia eta Zierbena direla irabazteko gaitasuna dutenak. Hala ere, arraunlariak nabarmendu du lehen igandeko zozketak baldintzatu dezakeela lehia hori. «Buruarekin Urdaibai, eta bihotzarekin Hondarribia», baina, bat aukeratzekotan, Hondarribiarekin geratzen da Alday.

 

Kontxako sailkapen estropadako multzoak

A TALDEA

Urdaibai
Cabo
Ares
Getaria
Hondarribia
Kaiku
Lekittarra
Ondarroa
Orio
Samertolameu
Santurtzi
Zierbena

B TALDEA

Arkote
Buen
Zumaia
Deustu
Elantxobe
Lapurdi
Mutriku
San Juan
San Pedro
Hibaika
Tiran
Zarautz