INFO

Finlandiako bioekonomia estrategia aztertzera joan dira Lakuako zenbait ordezkari

Helsinkin eta Joensuun izan dira Estibaliz Hernaez, Bittor Oroz eta Leire Barañano Lakuako Gobernua ordezkatzen Finlandiako bioekonomia ikusteko. Besteak beste, zuhaitzen bitartez ehunak, material isolatzaileak eta osagai kosmetikoak sortzen duen kooperatiba batekin bildu dira.

Metsa Group baso-jabeen kooperatibak paper-mamiarekin ehun-zuntza sortzen du. (Irekia)

Finlandiako bioekonomiako ekimena bertatik bertara ezagutzeko Helsinkin eta Joensuun izan dira Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Estibaliz Hernaez, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta NEIKER zentro teknologiko publikoko zuzendari eta gaur egun EFIko lehendakariorde Leire Barañano.

Lakuako Gobernutik adierazi dutenez, Europako iparraldeko herrialde hau «erreferentziazkoa» da esparru honetan «bai eskuragarri dauden baliabide naturalengatik eta baita eremu horretako I+B+Garen kudeaketagatik».

Bidaiaren helburua erakundeekin, gune teknologikoekin, enpresekin eta Aaltoko Unibertsitatearekin biltzea izan da, bioekonomiari lotutako jardueretan «lankidetza finkatzeko». Gogorarazi dutenez, Laukak harreman estua du European Forest Institute (EFI) erakundearekin, eta 2019tik Europako erakunde horren jarduketa-plan berriak diseinatzen laguntzen du, NEIKER gune teknologikoaren bidez.

Metsa Group kooperatibako presidenteordearekin, Rogaciano Cavadaseskin, egindako bilera azpimarratzen dute. Finlandiako 90.000 baso-jabek osatzen dute kooperatiba eta aniztasuna sustatzen duen «baso-kudeaketa birsortzailea» egiten dute. Paper-mamiarekin ehun-zuntza, zurarekin material isolatzailea eta urki-azalarekin osagai kosmetikoak sortzen dituzte.

Joensuun, herrialdearen ipar-ekialderantz 500 kilometrora, lan-saio bat egin dute Europako Baso Institutuaren (European Forest Institute) egoitza nagusian, eta Joensuuko Parke Zientifikoa bisitatu dute, berrikuntza-ekosistemak eta haien baso-garapeneko zerbitzu nagusiak ezagutzeko.

Lankidetzarekin jarraitzeko, datorren urriaren 4an, berrikuntzari eta bioekonomiari buruzko jardunaldi profesional bat egingo da Bilbon, eta Metsä Group-eko Timo Lehesvirta naturan adituak pare hartuko du bertan. Gainera, EFIko Zuzendaritza Batzordeak hartuko du parte, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bioekonomia-estrategiaren egoera, haren aurrerapen zientifikoak eta zentro teknologikoek eta enpresek sortutako irtenbide berritzaileak ezagutaraziko dira.