INFO

Kike Zurutuza: «Euskal Herria Kopa gure herriaren txapelketa handia da»

Realak eta Athleticek Euskal Herria Koparen finala jokatuko dute bihar. Badira 13 urte Euskal Herria Kirolaren eskutik txapelketa martxan jarri zela, eta Kike Zurutuza arduradunak futbolariek, klubek eta zaleek agertzen duten interesa azpimarratzen du.

Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako arduraduna da. (Raul BOGAJO | FOKU)

2009an sortu eta urte eta erdi beranduago, Euskal Herria Koparen lehen edizioa antolatu zuen Euskal Herria Kirolak. Hamahirugarrenaren irabazlea ezagutuko da bihar, Realak eta Athleticek jokatuko duten finalean (Guardia, 16.00, ETB1).

Txapelketa ezinbesteko hitzordua bilakatu da euskal futbolarentzat, neurri batean antolakuntzaren ilusioei erantzunez, oraindik ere ibiltzeko bidea badagoen arren. «Sortzaileak baikorrak ziren –azaldu du Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako arduradunak– eta orain ere bagara. Hau da, pozik gaude egindakoarekin, txapelketa sendotuta daukagu, ikusi besterik ez dago zer nolako garrantzia ematen dioten jokalariek eta klubek eta zer nolako lehiakortasunarekin hartzen duten. Baina oraindik urratsak egin behar ditugu hasieratik markatutako bidean, gure helburua (ametsa baino gehiago) bete arte. Liga propio bat garatzea, udan, gabonetan, ahal den unean jokatzeko, hori da nahi duguna, eta horretan ari gara».

Azken urratsa, momentuz, kanporaketen sistema erabili beharrean, 13. edizioa ligaxka formatuarekin antolatzea izan da. «Partida gehiago jokatu dituzte taldeek, lehiakortasuna handitu da... Eta taldeen jarrera oso ona izan da, talde handi guztiak izan ditugu A multzoan, B multzoan jokatu dutenek oso maila ona eskaini dute... Pozik gaude eta etorkizunean izan nahi dugun lehiaketa horretara gerturatu gaitu edizio honek».

Orain arte ibilitakoa ez da txikia. Hasieratik egin zuen emakumezkoen kirolaren aldeko apustua Euskal Herria Kirolak, batez ere «gure ardatz nagusietako bat zelako». Gainera, «hasieran oztopo gutxiago egongo zirela pentsatu zuten. Orain dela 13 urte Iparraldeko taldeekin, Osasunarekin, lan egiteko arazorik ez zuen sortu inork, gizonezkoekin ez bezala. Abiapuntu errazagoa iruditu zitzaien, eta argi dago asmatu zutela».

Ez da erraza, edozein kasutan, urtero halako lehiaketa bat antolatzea. Aurrekontuak koadratu, datak adostu, zelaiak bilatu... «Defizitarioa da –onartu du Zurutuzak–. Laguntzak bilatzen saiatzen gara, eta lortzen ditugu, hori ere eskertu behar da. Borroka bat da, baina oso polita, egia esateko», batez ere emaitzak ikusten direnean. «Ahaleginak konpentsatzen du. Galdetuko bagenie euskal futbolariei zein garrantzi duen... Finalak nolakoak izaten diren ikusi besterik ez dago, jokalari onenekin heltzen dira taldeak... Aurten, adibidez, Athleticek hiru goleko gutxieneko aldearekin gainditu behar zuen Osasuna finalera heltzeko; eta egin zuen, sekulako beroarekin, ikustekoa zen nola borrokatu zuten, nola saiatu ziren. Ez zuen ematen denboraldiaurreko partida bat. Txapelketa baten garrantzia ematen diote».

Zaleei dagokienez, gauza bera dio Zurutuzak. Aurten Guardian jokatuko da finala, Reala eta Athletic finalisten jarraitzaileek oso eskura ez duten herria da, baina «zelaia beteko dela uste dugu, aurreko egun hauetan ikusten hari garenari jarraituz. Herrian bertan lan dezente egin dugu, sariak lortzeko eta abar, eta harrera oso oso ona izan da».

Batzuen eta besteen urteroko erantzuna ikusita, Euskal Herria Kirolako arduradunak uste du badela garaia «onartzeko hau ez dela lau lagunen arteko kontutxo bat, baizik eta gure lehiaketa handia, herri honen Superkopa, gure Liga». Horregatik, urtebete barru elkarrizketa hau errepikatuko bagenu, «finala Euskal Herriko zelai handietako batean» jokatzeari buruz hitz egitea gustatuko litzaioke. Hori ere «pausotzat hartuta, ez azken helburutzat, baina urrats handi eta polita izango litzateke».

Ildo honetan, Zurutuzak argi dauka garrantzitsuena beti aurrera egitea dela, poliki bada ere, eta lanari eustea. «Hasierako aldarrikapen berak ditugu, selekzioen ofizialtasuna, txapelketa propioak, emakumezkoen kirolaren sustapena... Baina ezin zara aldarrikapenera mugatu, gauzak egin egin behar dira eta egiten ditugu, lurraldetasuna mantenduz, euskara kirol hizkuntza bihurtuz, berdintasuna jorratuz... Eta batzen gaituena azpimarratuz, euskaldunok batuta zaila badaukagu, batu barik ezin izango baitugu».

Asteburu konpletoa

Asteburu osoan zehar jokatuko dira Euskal Herria Koparen 13. edizioari amaiera emango dioten partidak. A mailan, Athletic eta Realak bihar jokatuko dute finala Guardian (16.00, ETB). 3. eta 6. postuen arteko sailkapena gaur erabakiko da: Eibar-Alaves (Aretxabaleta, 12.00) eta Osasuna-Bizkerre (Gares, 16.00) partidetan. B mailari dagokionez, gaur jokatuko dute finala Durangon (18.30) Athletic C-k eta Reala B-k, eta sailkapena Arratia-Eibar C (Igorre, gaur, 15.30) eta San Ignacio-Mulier (bihar, San Ignacio, 12.00) partidekin osatuko da.