INFO

Abuztuak 2.496 langabe gehiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Langabezia erregistratuaren tasak gora egin du abuztuan Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 2.496 langabe gehiago utzita. Orotara, 137.822 pertsona daude Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, iazko data berean baino 6.897 gutxiago.

Lanbideren bulego bat, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Abuztuaren amaieran, 137.822 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilean baino 2.496 gehiago, baina iazko data berean baino 6.897 gutxiago.

Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak astelehen honetan emandako datuen arabera, langabeziaren hileko hazkunderik handiena Gipuzkoan izan da, %3,31 hazita eta 920 langabe gehiagorekin. Ondoren Araba dator, %3,02ko hazkundearekin, hau da, 558 langabe gehiagorekin, eta Bizkaian, aldiz, %1,68 igo da langabezia erregistratua, 1.005 langabe gehiagorekin.

Nafarroari dagokionean, 13 langabe gehiago baino ez dituzte zenbatu Nafar Lansarean (%0,04).

2022ko hil beraren aldean, langabeziak behera egin du lau herrialdeotan: jaitsierarik handiena Nafarroan izan da, %5,80 behera eginda eta 1.797 langabe gutxiago zenbatuta. Bizkaian %5,19 jaitsi da tasa, 3.334 langabe gutxiagorekin. Gipuzkoan, urte arteko jaitsiera %3,86koa izan da, 1.152 langabe gutxiagorekin; Araban, aldiz, %3,13 jaitsi da, hau da, 614 langabe gutxiago.

Bestalde, abuztuan 71.300 kontratu formalizatu dira, aurreko hilean baino 17.642 gutxiago eta 2022ko hil berean baino 3.360 gutxiago. Hego Euskal Herri osoan abuztuan sinatutako kontratu guztietatik 16.354 mugagabeak izan dira.

Espainiar Estaruari dagokionez, 24.826 langabe gehiago erregistratu dituzte abuztuan enplegu-zerbitzuetan aurreko hilaren aldean (+%0,9). Zehazki, abuztua 2.702.700 langaberekin amaitu da, 2008tik abuztu batean izan duen kopururik txikiena.

Langabeen gehiengoa, emakumea

LABek adierazi du, astelehen goizean argitaratutako langabeziaren datuen atzeko «prekarietatea» salatzea beharrezkoa dela; batez ere emakumeen lan baldintzen ingurukoa: «Aldizkako dinkoen kontratuen %6,13 eten da maiatzetik hona». Eta gehitu du, prekarizazio egoera orokorrari, bizitzaren garestitzea gehitu beahr zaiola. Azaroaren 30eko greba orokor feministarako dei egin du oharraren amaieran, «lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzeko abagune izango dugu, zaintza lanak erdigunean kokatuz».

ELAk salatu du Hego Euskal Herrian «enplegua suntsitu» dela berriro. Eta nabarmendu abuztuan sinatutako kontratuen %77a aldi baterakoena izan dela. Bbestalde, langabezia prestazioak ez direla kobratzen azpimarratu dute: «Nabarmendu beharreko beste datu bat da langabezian izena emandako pertsonen % 48,8k ez duela langabezia prestaziorik kobratzen, eta soilik % 31,5ek kobratzen duela kotizaziopeko prestazioren bat».

Nafarroako CCOOk ere emakumeen langabezia nabarmendu du, eta «lehen mailako arazo estrukturala» dela azpimarratu. «Beneteako genero-ikuspegia duten enplegu-politikak aplikatzea eta enpresetan berdintasun-planak ezartzea» beharrezkoa dela aldarrikatu du.

UGT Euskadik bere aldetik, 55 urtetik gorako langileen eskubideak defendatzeko dei egin du, eta hauei «erantzun bat» eman behar zaiela adierazi, «lan merkatura itzultzea zaila dutelako». Bestalde, Lan Ikuskaritzari kaleratzeak berrikusteko eskatu dio: «Kaleratzea merkea da oraindik, lan erreformekin egoera honi heltzen jarraitu behar da».

«Susperraldiaren» garaia

Nafarroako Gobernuak zein Lakuakoak ere egin dituzte balorazioak, bakoitzak bere aldetik, baina biak udazkenari begira jarri dira. Carmen Maeztu Gizarte Eskubide, Ekonomia eta Enplegu sailburuak adierazi du legegintzaldi honetan bere departamentuaren funtsezko erronketako bat «Nafarroa oparoago» baten alde lan egitea izango dela, besteak beste enplegua sortuz: «Langabezia murrizteko, enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzeko, eta batez ere, enpleguaren kalitatea sustatzeko lanean jarraituko dugu».

Idoia Mendia Lakuako lan eta enplegu sailburuak abuztuko datuek «salbuespenezko urte batean ohikoa den portaera» dela adierazi dute, eta «udazkenean gertatu ogi den errekuperaziorako lurzoru sendagoa» dagoela adierazi du.  «Abuztuko datuak Ekonomia eta Ogasun Sailak eta nazioarteko erakundeek udazkena berreskuratzeko aurreikusten duten abiapuntua dira. Errealismotik eta zuhurtziatik uste dugu susperraldi hori posible izango dela lan bila dabiltzan eta aurkitzen ez duten pertsona guztiengan murgilduta jarraitzen badugu», azaldu du Mendiak.

Espainiako Gobernuko Joaquin Perez Rey Enpleguko eta Gizarte Ekonomiako idazkariak esan du abuztuko afiliatu kopuruaren beherakada «positiboa» izan dela aurreko urteetako abuztuarekin alderatuta. Eta datuak urtaroen arabera ez begiratzeko eskatu du, 223.373 langabe gutxiago baitaude.