INFO

Behien metano isuriak neurtzen ari da Neiker, murrizten ari diren egiaztatzeko

Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea da Neiker. Azken proiektuen berri eman du astelehen honetan, 25.urteurrenaren harira egindako agerraldian. Behien metano isuriak neurtuko ditu, murrizten ari diren egiaztatzeko eta murriztu daitezen baliabideak sortzeko.

Behien metano isuriak neurtuko ditu Neikerrek. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Neiker Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak hausnarkarien abeltzaintzaren iraunkortasuna erraztera bideratutako bere azken sartze teknologikoa aurkeztu du astelehen honetan.

«Green Feed» du izena eta ekipamendu teknologiko berri bat da behi aziendaren metano isuriak neurtzeko; behien metano isuriak murrizteko elikagaiak, hautaketa genetikoak eta maneiuak fruituak ematen ari diren egiaztatzeko balio du.

25. urteurrena ospatzeko, ekitaldi bat antolatu dute astelehen goiz honetan Arkautin (Araba), eta bertan azaldu dituzte martxan jarri berri dituzten proiektuak; aurrera begirako erronkak ere zehaztu dituzte. Ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu Lakuako Gobernuko lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea eta Leire Barañano Neikerreko zuzendari nagusia. Ekitaldira EAEko nekazaritzako elikagaien sektoreko ordezkari nagusiak ere bertaratu dira.

Behi-azienden metano emisioak neurtzeaz gain, abeltzaintza deskarbonizatzen laguntzeko proiektuak, mikroalgen labore alternatiboak etorkizuneko mantenugaien eskaerei erantzuteko eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren iraunkortasuna bermatzeko azterketak bultzatu ditu Neikerrek 1998an sozietate publiko gisa sortu zeneteik.

Berrikuntza eta teknologia

Leire Barañanok euskal nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektorearen sustatzaile gisa Neikerrek duen papera azpimarratu du bere hitzaldian. «Hasiera-hasieratik, Neikerrek gure inguruko nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako ekonomia bultzatzen lagundu du, I+G+b aplikatuaren bidez, lehen sektoreko enpresa askori ekonomia eta ingurumenerronkak gainditzen eta merkatuaukerak aprobetxatzen lagunduz».

Berrikuntzak, teknologia berriek eta nekazaritzajoerek, zentro teknologikoan beti agertzen direnek, aukera ematen dute lehen sektoreko enpresetan haien ezarpena bultzatzeko. Ildo horretan, Barañanok ez du alde batera utzi nahi izan Neikerrek sortzen ari diren premia berrietara egokitzeko duen gaitasuna, hala nola bioteknologiara, bioestimulatzaileetara edo bioekonomiara. Neikerrek hasieratik jartzen du bere zerbitzura, «kontsumitzaileentzat balio erantsi handiko, kalitate bereiziko eta elikadura segurtasun osoko irtenbide berritzaileak sortzeko».

Mikroalgen laborantzak karbonoa kentzeko

Ekoizpen prozesu iraunkorren garapena eta larrialdi klimatikoaren aurkako borroka errazten duten konponbideak dira Neikerren ikerketa ardatzetako batzuk agerraldian aurkeztu dutenez, eta horietan oinarritu da astelehen goizean Neikerreko instalazioetara egindako bisita. Beste berrikuntza batzuen artean, lan ildo berri bat aurkeztu dute: mikroalgen laborantzek karbonoa kentzeko duten potentzialtasunean, zirkulartasunean, ekosistemen babesean eta jatorri fosileko produktuen ordezkapenean oinarritutakoa.

Horri dagokionez, instalazioetan fotobierreaktore berriak sartu berri dituztela adierazi dute, mikroalgak masiboki haztea ahalbidetzen duten egiturak, «eduki proteiko handiko produktu berriak lortzeko lehengaia edukitzeko, hala nola abereentzako pentsuak, eta antioxidatzaileetan eta antiinflamatorioetan eduki handia duten haragi edo krema kosmetikoen kalitatea hobetzeko», azaldu du Sonia Suarez Neikerreko Landare Ekoizpen eta Babes saileko ikertzaileak topaketan.