INFO

‘Euskaraz barra-barra’ bereizgarria 153 hiri eta herriko establezimendutan izango da aurten

‘Euskaraz barra-barra’ bereizgarria 153 hiri eta herriko establezimendutan izango da aurten. Lakuak azaldu duenez, «ikurraren helburua kontsumitzaileak erdigunean jartzea da, marka ezartzen duten establezimenduetan bezeroek euskara erabili ahal izatea bermatuta izan behar baitute».

Martxoan aurkeztu zuten ‘Euskaraz barra-barra’ bereizgarria. (IREKIA)

Euskaraz barra-barra’ bereizgarria 153 hiri eta herriko establezimendutan zabalduko da aurten bezeroek euskaraz lasaitasunez egin dezaten bermatzeko.

EAEko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik jakitera eman dutenez, euskararen erabilera sustatzeko bereizgarri berri bateratua Lakuak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sustatu dute, hitz egiteko guneak identifikatzeko eta herritarrak gune horietan, estres linguistikorik gabe, euskaraz aritu daitezen bermatzeko.

Adierazi duenez, proiektu iraunkorra izango da, hau da, urtez urte euskararen lurralde osora zabaltzen jarraituko du. Bada, herri askotan hasi da zabaltzen bereizgarria, eta aurreikuspena da 2023. urtea amaitu baino lehen ’Euskaraz barra-barra’ 153 hiri eta herritan ikusgai izatea, tartean EAEko hiru hiriburuetan.

«Ikurraren helburua kontsumitzaileak erdigunean jartzea da, marka ezartzen duten establezimenduetan bezeroek euskara erabili ahal izatea bermatuta izan behar baitute. Horrela, atxikimendutik haratago doa bereizgarri berri iraunkorra, hau da, 'Barra-barra' ikusgai dagoen establezimenduetan, gutxienez, ulermena bermatuta egongo da establezimendua irekita dagoen bitartean. Horrez gain, euskaraz hitz egiteko gonbidapena ere izan nahi du bereizgarri berriak», dio Lakuak.

Proiektuaren bidez, euskara erabiltzeko aukera eskaini nahi da ahalik eta establezimendu gehienetan, lau helburu zehatzetan oinarrituta: euskararen erabilera sustatzea, sektore pribatuan eraginez; herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea eta bermatzea; euskaldunen hizkuntza nahasmena eta estresa murriztea; euskara biziberritzearen inguruko kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea.

Bereizgarria banatzeaz eta horren jarraipena egiteaz erakunde sustatzaileak arduratuko dira (udalak, mankomunitateak eta abar). Zentro handien kasuan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak laguntza emango du lanketa horretan.

Erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen onartu berri den dekretuan jasota dago bereizgarria. Arau berriak ‘Bikain’ kalitate ziurtagiriak arautzen zituen dekretua ordezkatzen du eta, ‘Bikain’ ziurtagiriez gain, beste bereizgarri eta aitortza batzuk integratu ditu euskararen normalizazioa erakunde gehiagora heltzeko.

Komunikazio kanpaina

Bestalde, astelehen honetan kanpaina hasiko da komunikabideetan ‘Euskaraz barra-barra’ bereizgarriaren ezaugarriak eta helburuak azaltzeko eta bezeroak euskaraz hitz egitera animatzeko. Irratietan, hedabide digitaletan, sare sozialetan eta kanpoko euskarrietan ere zabalduko da kanpaina.

Gainera, ihes gela bat ere jarriko da martxan. Bereizgarria ezagutarazteko eta herritarren aktibazioa lortzeko helburua du ekimenak eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herrik egin dute eskaria beren kaleetan ihes gela hau izateko.

Ihes-gela ibiltaria zuzeneko ihes joko ezagunen bertsio eramangarri eta egokitua da, erronka esperientzia eskaintzen duena, eta Donostian (urriak 6-7-8), Elizondon (urriak 13-14-15), Laudion (urriak 20-21-22), Bermeon (urriak 27-28-29), Elgoibarren (azaroak 3-4-5), Balmasedan (azaroak 10-11-12), Errenterian (azaroak 17-18-19), Gasteizen (azaroak 24-25-26), Andoainen (abenduak 1-2-3) Zumarraga-Urretxun (abenduak 8-9-10), Portugaleten (abenduak 15-16-17), Zornotzan (abenduak 22-23) eta Mungian (abenduak 29-30) bisitatu ahal izango da aurten.