EH Bilduk gogoratu du Hezkuntza Legearen eztabaida une «erresolutiboan» sartuko dela udazkenean
Urriaren 3an EAEko Hezkuntza Legearen proiektuari zuzenketak aurkezteko epea bukatuko da, eta EH Bilduk bere emendakinak nondik-nora joango diren azaldu du. Pello Otxandianok sei lerro nagusi marraztu ditu, eta eskola publikoaren aldeko plan estrategikoa definitzeko ordua ere badela nabarmendu du.
EH Bilduko Programa Zuzendari Pello Otxandianok agerraldia egin du astearte honetan, Donostian, EAEko Hezkuntza Legearen proiektuari koalizioak egingo dizkion zuzenketei buruz zehaztapenak emateko. Izan ere, emeki-emeki epeak betetzen doaz, eta urriaren 3an bukatzen da Hezkuntza Sailak egindako dokumentuari Parlamentuan emendakinak aurkezteko epea. Legealdia bukatzeko hilabete batzuk bakarrik falta dira, eta udazkenak berebiziko garrantzia izango du legearekin zer gertatuko den jakiteko. «Fase erresolutibotzat» jo du Otxandianok berak.
Sakondu beharreko sei ildo nagusi markatu ditu EH Bilduk, horien artean lege berriaren gaineko eztabaida hasi zenetik denen ahotan ibili diren gaiak, hala nola, hizkuntza-politika eta segregazioaren auzia, eta baita ere deszentralizazioa eta digitalizazioa bezalako esparru garrantzitsuak. Eta, horrekin batera, Otxandianok nabarmendu du koalizioaren aburuz udazkenak izan behar duela baita ere, «eskola publikoaren aldeko plan estrategikoa definitzeko momentua».
«Herri honek jauzi bat behar du»
Edonola ere, zehaztapenetan sartu aurrekin, eta ireki berri den ikasturtearen testuinguruari dagokionez, EH Bilduko kideak aipatu du «herri honek jauzi bat» behar duela; «jauzi bat politika publikoetan, jauzi bat lurralde-artikulazioan eta jauzi bat horretarako ezinbestekoa zaigun burujabetza politikoan».
«Estatuan joko-zelai bat ireki daiteke, estatu-eredua bera aztertzeko, Estatuaren izaera plurinazionala nola aitortu eta nola politikoki eta juridikoki gauzatu planteatzeko», laburbildu ditu egungo egoera eta irekitako abagunea, eta ondorioztatu du honako hau «aukera-leiho bat» izan daitekeela, «herri honek behar duen jauzirako aukera-leiho bat».
Hori horrela izan dadin, «Estatuko beste nazioetako indar politikoekin eta Estatuaren izaera plurinazionala onartzen duen Espainiako ezkerrarekin elkarlan-bideak aztertu» behar direla irizten dio EH Bilduk, baina, lehenik eta behin, «Euskal Herrian bertan oinarrizko adostasunak ezinbestekoak» direla uste du.
Eta testuinguru horretan kokatzen du koalizioak EAEko Hezkuntza Legea. «Hiru herrialdeez ari gara, baina, gure ustez, nazio ikuspegitik sakontasun politiko handia duen legea da honako hau», aipatu du Otxandianok, eta gaineratu du lege hau ez dela «ezeren amaiera, prozesu baten hastapena baizik: Euskal Hezkuntzagintzaren fase berri bat ireki behar duen tresna behar du lege honek».
«Joko-arau garbiak»
Eztabaidaren markoa finkatuta, eta udazkenak bide honetan izango duen garrantzia nabarmendu ondoren, EH Bilduko Programa Zuzendariak jorratu beharreko gaiak zerrendatu eta definitu ditu.
Alde horretatik, lehenbizi, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen duten ikastetxeek eskubideak eta betebeharrak dituztela gogoratu du, eta legeak zerbitzua erregulatu behar duenez gero, hots, eskubideak aitortu eta betebeharrak ezarri, galdetu du ea zer gertatzen den «eskubideekin betebeharrak betetzen ez diren kasuan».
«Galdera horrek legean erantzun bat behar duela deritzogu», azpimarratu du, eta gaineratu du jaiotza-tasaren beherakadak ezaugarritzen duen egoera demografiko honetan, «hezkuntza-sistemaren eraldaketak joko-arau garbiak» eskatzen dituela. Eta, noski, horrek esan nahi duela «legeak Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa erregulatu egin behar duela».
Testuinguru demografiko berdinari begiratuz, EH Bilduk galdetzen du ea nola ziurtatuko den «sistemaren deszentralizazioa, ikastetxeen autonomia oinarri, hezkuntza-kalitatearen hobekuntza sistemikoaren eta ekitatearen mesedetan izango dela». «Nola definitu sistemaren gobernantza-mekanismoak zentzu horretan?», adierazi du Otxandianok, eta azaldu du «zehaztapen batzuen falta» ikusten dutela hemen ere.
Hizkuntza-politika: argipena behar da
«Zein da bi hizkuntza ofizialetan B2 eta atzerriko hizkuntza batean B1 irteera-profila eman dezakeen hizkuntza-politika derrigorrezko eskolaldiaren amaieran?». Hauxe da hizkuntzen auziari dagokionez EH Bilduk egiten duen galdera, eta horren aurrean «legean behar ditugun euskarri juridikoak» dfinitzeko beharra nabarmentzen du.
Otxandianok, izan ere, gai honetan «mezu partzial eta kontrajarriak» eman direla gogora ekarri du, eta hauei erantzunez «argipena, beharrezkoa» dela azpimarratu du. «Eztabaida ez da ereduak bai ala ez, baizik zein hizkuntza-politika eta horrek zer arkitektura juridiko eskatzen duen», laburbildu du.
Honekin batera, eta Lege-proiektuan inklusioaren aldeko eta eskola-segregazioaren kontrako herri-itun bat egiteko konpromisoa jasotzen dela aipatu ondoren, «horretarako herri-borondaterik» ote dagoen galdetu du. «Hau da, prest al gaude gure testuinguruan esperimentatu diren politika aurreratuenak geureratu eta esperimentazio-espazio seguru bat sortzeko? Egiturazko neurririk falta da lege-proiektuan?», gaineratu du.
Gai honi buruz, «azken urteetan, batez ere, eskola publikoaren aldeko eragileek egindako lanari esker, 2017ko herri-ekimen legegilearen eskaerak araubide dira», zehaztu du EH Bilduko kideak, eta aitortu du «asko aurreratu» dela auzi honetan, baina nabarmendu du, baita ere, udazkena «momentu gakoa» dela segregazioaren kontrako borrokak bide bat edo beste hartzeko orduan: «gertatuko denak datozen urteetako garapena baldintzatuko du».
Bestetik, eta bosgarren puntuari helduz, Otxandianok baloratu du eztabaida honetan digitalizazioaz «gutxiegi» hitz egin dela. «Norantz eramango gaituen ez dakigun iraultza digital baten aurrean, ez ote da prekauzio-printzipioa aplikatu behar hezkuntza-legean?», galdetu du, eta gogora ekarri du legearen eztabaida «iraultza digital baten atarian emango dela» eta, beraz, eztabaidan parte hartzen duten eragileak behartuta daudela galdera honi erantzuna ematera.
Eskola publikoaren plan estrategikoa
Koalizioak bere zuzenketetan nabarmendutako seigarren puntua laburbiltzeko, EH Bilduko Programa Zuzendariak galdetu du ea zer ote den «eskola publikoak behar duena», eta gaineratu du udazkena «eskola publikoaren aldeko plan estrategikoa definitzeko momentua dela».
Eta eskola publikoak dituen beharrez, besteren artean artean honako puntu hauek aipatu ditu: «sistemaren eraldaketaren ondoriozko jauzia kalitatean, LAB eta Interinoak-ekin adostutako egiturazko neurrien aplikazioa (behin-behinekotasuna, irakasleria-corpusa mantentzea, baliabide berriak...), eskola-segregazioaren kontrako planifikazio estrategikoa (itunean jaso beharko litzatekeena) eta anbizio handiko inbertsio-plana azpiegitura eta ekipamenduetan».
Otxandianok adierazi duenez, eta «eskola publikoaren aldeko zenbait eragilek lege honetan eskola publikoaren kontrako mehatxu bat» ikusten dutela jakinik, «beharrezkoa da eskola publikoak eraldaketa prozesu honetan baldintza egokietan jardun dezan behar duen hori zehaztea».