INFO

ELAk Dialbilbo dialisi enpresan bederatzi greba egun deitu ditu irailean eta urrian

Dialbilbo dialisi enpresan bederatzi greba egun deitu ditu ELA sindikatua. Ostiralean, hilaren 8an, hasiko da greba, Lakuak azpikontratatukoa enpresak «ez baitu KPIaren araberako soldata igoerarik negoziatu nahi, ezta lan baldintzak hobetu ere».

Dialbilboko langileek egindako mobilizazio baten argazkia. (ELA)

ELAk bederatzi greba egun deitu ditu irailean eta urrian Dialbilbo Fresenius Medical Care multinazionalaren menpe dagoen dialisi enpresan. Irailaren 8, 9 eta 11n eta urriaren 2, 3, 4, 16, 17 eta 18an izango dira greba egunak.

Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, «Bilboko enpresako langile batzordea ELAko ordezkariek osatzen dute, eta joan den urtarriletik ari dira hitzarmena negoziatzen».

«Orduan enpresak esan zuen ez zeukala asmorik soldaten inguruan hitz egiteko, Eusko Jaurlaritzak ez omen baitu nahikoa finantziazio ematen. Langile batzordeak baztertu zuenean soldata igoerarik gabeko hitzarmena negoziatzeko aukera, enpresak argudiatu zuen Osakidetzak ez dituela hartzen lantaldearen egoerari buruz mintzatzeko», gaineratu du.

Eta, adierazi duenez, «langile batzordeak adierazi du ez duela KPIrik gabeko soldata igoerarik onartuko. Enpresak, ordea, dio hori ez duela egingo eta lantaldeari aitortu dio murrizketak ezarri nahi dituela».

«Horrekin bat, langileek euren egoera hobetu nahi dute, gainezka baitaude: batetik, enpresak paziente ratioa betetzen ez duelako, Osakidetzaren konplizitatearekin, lan karga jasanezinak dituztelarik, eta horrek kalitatezko zerbitzua ematea galarazten du. Bestetik, aparteko orduen kopurua izugarria delako, 2022an 3.300dik gora izan ziren eta 2023an dagoeneko gainditu dute kopuru hori, legeak ezarritakoa urratuz», adierazi du.

Langile batzordeak horren berri eman dio Osakidetzari, baita bilera eskatu ere, «baina ez du erantzunik jaso». Beraz, Osakidetzaren «isiltasuna aurrean eta enpresak lan hitzarmen duin bat negoziatzeari uko egin diola ikusita», langileek bederatzi greba egun deitu dituzte irailean eta urrian.