INFO

De Marcos eta Yeray Cadizen aurka itzultzeko prest egon daitezke

Arabarra taldekideekin batera aritu da asteko azken lan saioan eta Barakaldoko erdiko atzelariak egun batzuk daramatza guztiekin entrenatzen. Apurka-apurka jokalariak berreskuratzen doa Ernesto Valverde.

De Marcos hamaikakoan sartu zen lehen jardunaldietan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Atzeko lerroa osatzeko zailtaunak izan ditu Athleticek liga hasieran. Azken urteetan hamaikakoetan ohikoak izan diren De Marcos, Yeray eta Yuri jokatu gabe egon dira zenbait jardunaldietan. Ezker hegaleko atzelaria titularra izan zen Mallorcan eta lesioa gainditu duela dirudi.

Pixkanaka bada ere jokalariak berreskuratzen ari da Ernesto Valverde. De Marcos eta Yeray ere prest egon daitezke hurrengo jardunaldirako. Lehen taldeak hiru festa egun izango ditu asteburuan eta datorren aste hasieran ikusiko da nola dauden.

Arabarra Sadarren lesionatu zen orkatilean eta asteko azken lan saioa taldekideekin batera egin du. Titularra izan zen lehen bi jardunaldietan eta Lekue eta Beñat Pradosen artean bete dute bere hutsunea

Yerayk, berriz, denboraldi aurrean gainkarga bat izan zuen eta jokatu gabe egon da. Irailaren 16ean, larunbata, Cadizen aurka San Mamesen jokatuko den partidarako itzuli daitekeela dirudi. Behintzat, deialdian sartu.

Vivianek eta Paredesek osatu dute defentsaren erdialdea lehen lau jardunaldietan. Zenbait partidetan arazoak izan dituzten arren, etxetik kanpo jokatutako bi norgehiagoketan golik jaso gabe geratzea lortu dute.

Peru Nolaskoainek, aldiz, belaunean bihurritua izan zuen eta lesionaturik jarraitzen du. Erdilaria den arren, atzean ere joka dezake.

Bost partida hurrengo etenaldirarte

Athleticek zazpi puntu batu ditu lehen lau partidetan eta sailkapenaren goikaldean kokatu da. Iaz bezala, Europarako sailkatzea da denboraldi berriko helburu nagusia. Sei urte daramatzate zuri-gorriek Europako txapelketetan parte hartu gabe.

Urriaren erdialdean berriro geratuko da Liga eta datorren hilabetean bost partida jokatuko ditu Athleticek. Cadizen kontra San Mamesen hasiko da hurrengo txanpa eta Alavesen aurkako derbia izango da irailaren 22an, ostirala, Mendizorrotzan. Getafe hartuko dute aste barruan etxean irailaren 27an, asteazkena, eta Anoetan arituko dira 30ean, larunbata, Relaren kontrako derbian. Hurrengo etenaldiaren aurretik Almeria hartuko dute San Mamesen, urriaren 8ko asteburuan. Ordutegia eta data zehaztu gabe dago oraindik.