INFO

Basque Culinary Center proiektuan gogoeta eta parte hartzea eskatu dio EH Bilduk Goiari

Basque Culinary Center delakoak Donostiako Gros auzoan eraiki nahi duen egoitzaren inguruan, Eneko Goia alkatearen taldeak gardentasunik gabe aritu dela salatu du EH Bilduk. Hori dela eta, interpelazioa aurkeztu du prozesu parte hartzaile bat eta gogoeta eskatuz.

Basque Culinary Center delakoaren proiektuaren kontra maiatzean egin zuten manifestazioa. (Jon URBE | FOKU)

Gros auzoan, Manteo inguruan, Basque Culinary Center delakoaren egoitza berria eraikitzeko proiektuak «haserrea eta harridura» eragin dituela nabarmendu du EH Bilduk.

«Gardentasun falta nabaria da: ez dakigu zergatik izango den lur eremu horretan ezta beste aukerarik jarri zen mahai gainean edo ez. Oposizioarekin hartu emanak hutsaren hurrengoa dira eta eskatu genuen txosten juridikoa ez dugu jaso», salatu du EH Bilduk.

Hori dela eta, Eneko Goia alkateari interpelazioa aurkeztuko diotela aurreratu du EH Bilduk. Bertan, prozesu parte hartzaile bat abiaraztea ezinbestekotzat jotzen dute.

Talde abertzaleak gogoratu duenez, helegite bat auzitegietan dago (tramitera onartua izan zen) eta manifestazio eta protesta askotarikoak izaten ari dira. «Bien bitartean, Udal Gobernuak beste aldera begiratzea erabaki du, eztabaida irekitzeko eskaerei muzin egin die eta gardentasun ariketa bat egitea alboratu du. Adostasunerako egin den ahalegina hutsaren hurrengoa da. Ez du moduetan asmatu, ez da komunikatzeko ahaleginik egin, ez dago kontsentsurako bokaziorik ez EAJren ezta PSEren baitan. Lehengo lepotik, burua», adierazi du EH Bilduk.

«Denbora aurrera doan arren, berriro adierazi nahi dugu borondatea badago posible dela adostasun bat erdiestea. Eztabaida irekitzea. Galdera asko daude erantzuteke. Eta beharrezkoa da. Adibidez, ez dute azaldu zergatik behar duen proiektuak justu hor kokatua eta ez Donostiako beste partzela batean. Beste aukerak egon badaude, eta oso interesgarriak. Ez dugu ezagutzen erabaki hau nola hartu zen ere eta beste aukerarik aztertu ote zen. Eta hau ere salatzen dugu: Udal Gobernuak oposizioarekin ez du inolako hartu emanik izan. Are gehiago, eskatu genuen txosten juridikoa ere ez dugu jaso», gaineratu du EH Bilduk.