INFO

Eskola-garraioa bermatu ezean, astelehenean greba egingo dute Aiarako Etxaurren ikastolan

Aiarako Etxaurren ikastola ere ari da pairatzen eskola-garraioarekin izaten ari den arazoa. Ostegunean hasi zuten ikasturtea, eta egin beharreko zortzi ibilalditatik zazpi soilik egin zituen. Ostiral goizean ere izugarrizko auto ilarak sortu dira, eta astelehenerako greba deitu du guraso elkarteak.

Etxaurren ikastolara sartzeko ilara luzeak, ostiral goizean. (Etxaurren ikastolako guraso elkartea)

Ostiral goizean agerraldia egin du Aiarako (Araba) Etxaurren ikastolako guraso elkarteak eskola-garraio gabeziak sortutako arazoak salatu, Lakuari irtenbideak exijitu eta zuzendaritzarekin zein Aiara eta Okendoko udal ordezkariekin bildu ostean datorren asterako adostutako egitasmoen berri emateko.

Ostegunean, irailak 7, hasi zuten ikasturtea Etxaurren, eta azaldu dute garraio publikoaren gabeziagatik, lehen eguna «kaotikoa» izan zela: autobus-konpainia bakarrak bete zuen bere ibilbidea, hau da, ikastolak dituen zortzi ibilbideetatik zazpi bertan behera geratu ziren. Guraso elkartekoek gaineratu dute arazo larria dela hori, ikasleen %98ak garraioa erabiltzen baitu.

Agerraldian  hiru ekintzaren berri eman dute: ostiral goiz honetan familia bakoitza bere kabuz joan da ikastetxera, horrek sarrera «konplikatua eta kaotikoa» izatea ekarri duelarik, ilara luzeak sortuz.

Astelehenerako, Etxaurreneko guraso elkarteak ikastetxera ez joateko greba deitu du; pairatzen ari diren egoera salatzeko eta eskola-garraiorako eskubidea ez edukitzeak familiei eragiten diela ikusarazteko.

Astearterako, berriz, familia bakoitzak bere kabuz joan beharko du ikastetxera, eta karreteratik oinezko mobilizazio bat egitera deitu dute. Ikastola atzean dagoen pistatik abiatu eta ikastetxeko atariraino.

Salatu dute bigarren urtea dela egoera bera pairatzen dutena eta Etxaurren guraso-elkartetik Lakuari eskatu diote eskola-garraioaren esleipena izapidetu dezala ikasturtea amaitzean, eta ez dezala ikasturte hasierara arte itxaron, azken urteetako joera den bezala.

Bestetik, defendatu dute eskola-garraioa Euskal Eskola Publikoaren erabiltzaile gisa duten eskubidea dela; eta beraz, Lakuak «uneoro bermatu behar» duela. «Ez da ulertzen Gipuzkoan lehen egunetik garraioaren % 98 martxan egotea, baina Araban % 5 eta Bizkaian % 0 bakarrik, komunikabideen arabera», gaineratu dute.