«Gaur egun hona heldu nahi duenak pasiotik asko tira beharko du eta ekonomikotik gutxi»
15 urte zituen hil zitzaion aitak sartu zion erremontearen harra akuilu, hamaika oztopori aurre egin eta buruz buruko txapeletik pausu bakarrere dago aurrelari urnietarra. Ikasketaz irakasle, delineatzaile bezala ari da lanean eta osabaren sagardotegian garatutako patxada eta egokitasunez mintzo da.
Nola zaude zure Buruz Burukoaren lehen finalaren atarian?
Ondo daramat aurtengoa, nik uste, borobil irten zaidan urtea izan dela, disfrutatu egin dudalako. Iaz, esaterako, fasziako arazo batekin ibili nintzen, asko sufriarazi zidana. Aurten bai jokoz eta bai fisikoki oso ondo heldu naiz.
Buruz buru ez da nire lehen finala, Masterrekoa jokatu izan dut, nahiz eta hau udako lehena izan. Hortaz, badakit zer den buruz buruko final bat jokatzea eta bai esango nuke Masterseko lehen finala jokatu nuenean asteko altura honetan bai sentitzen nuela beste tentsio bat, egoera berria denean sortzen dituelako zalantzak. Baina orain ere esperientzia gehiagorekin ikusten dut nire burua, iruditzen zait modalitatea nahiko ondo ulertzen dudala momentu honetan, lehen aldia da lasai esan dezakedana buruz buru nola jokatu behar den badakidala eta gai ikusten naizela eta horrek ematen dit lasaitasuna.
Barrenetxeari irabazi zenion final hori eta ordura arte kostatu zitzaizun finaletan zure maila ematea, hor klik moduko bat egin zenuen?
Jendeak esaten du galtzearekin asko ikasten dela baina nik uste irabazita ere asko ikasten dela. Behin irabazita muga non dagoen ikusten duzu, hori gainditzeko gain izan zarela, eta orduan beti duzu beste konfiantza bat. Nik, pertsonalki, momentu horretan Barrenetxeari irabazita pausu hori eman nuen, gainera bi aldiz jarraian irabazi nion Masterrean, ligaxkan eta finalean, eta horrek eman zidan orain dudan konfiantza hori, irabaztetik ere asko ikasten da.
«Jendeak esaten du galtzearekin asko ikasten dela baina nik uste irabazita ere asko ikasten dela. Behin irabazita muga non dagoen ikusten duzu eta hori gainditzeko gain izan zarela eta orduan beti duzu beste konfiantza bat».
Baina final hau jokatzeak amets bat betetzea bezala izan behar du.
Bai, azkenean erremontean hasi nintzenetik edo aurretik, eskuz edo lagunekin palaz aritzen nintzenean, beti buruz burukoa izan da gehien gustatu zaidan modalitatea. Beti esan izan dut nire ametsik handiena erremontean buruz burukoa irabaztea zela eta oso pozik nago iristeagatik eta era berean, sarri tokatu zaidalako finalak galtzea, azken bi-hiru urteetan final dezente jokatu ditut behintzat, eta iruditzen zait galtzea asumitzeko prest nagoela. Baina, dudarik gabe, %100ean partida irabaztera noa.
Erremontea lehen aldiz hartu zenuen egun horretan kirol honetan aritzeko txikiegia zinela esan zizuten hartan, nork esango zizun txapeldun izateko urrats bakarrera egongo zinenik orain?
Bai, halaxe da. Gazte nintzenean beti izaten nituen nire amets horiek, egun batean helduko nintzela, baina oso urrun ikusten nituen. Baina amets horiek guztiak pixkanaka egi bihurtzen joan naiz, egia esan, beti izan dut konfiantza nire jokoan, oso errealista ere banintzen, eta banekien oso urrun zegoela. Orain dela lau urte helburua irabaztea zen, nahiz eta jakin irabaztea ezinezkoa zela, baina oso argi ikusten nuena zen segi egingo nuela, ahal nuen arte, edo heltzen nintzenera arte. Hori oso garrantzitsua izan da, fisikoki sekulako garapena izan dut, nik uste behar beharrezkoa zela, baina jokoan ere asko joan naiz ikasten, esperientzia dezente pilatu dut azken urteetan eta hementxe gaude.
Eta oso konstantea izan zara, hasierako urteak erremontean bereziki zailak dira eta askok utzi egiten dute, baina zuk jarraitu eta jarraitu egin duzu.
Bai, egia esan oraintxe 8 urte egin ditut profesionaletan eta ematen du ez direla asko, baina oso desberdina da osasuna duen kirol batean 8 urte irautea, hor jende guztiaren helburua da jarraitzea eta askok ez dute jarraitzen aukerarik ez dutelako. Erremontearen kasuan, hain kirol gutxitua izanda, eta lan baldintzak oso kaxkarrak izanda, pilotari guztiek lanera joan behar dugu, jasotzen duguna ere ez da oso handia, gauza asko utzi behar alde batera... harrituko zinateke zenbait jendek utzi duen ni hasi nintzenetik eta, esan duzun bezala, nik uste atzetik datozen gazteek, hona heldu nahi badute, oso argi izan behar dute bidea ez dala batere erraza, zailtasunak asko dira eta erraztasunak gutxi. Baina ni bezalako jendea badago, pasioa duena eta gaur egun hona heldu nahi duenak pasiotik asko tira beharko du eta ekonomikotik gutxi.
Zu hasi zinen garaia, erremontearen garairik txarrena ez bazen, txarrenetako bat behintzat bai.
Esango nuke txarrena, ni edo ni baino bi hiru urte lehenago sartu zirenak. Nik hiru hilabetetako kontratu batekin debutatu nuen. Enpresak esan zigun hiru hilabetera erabakiko zuela enpresa ixten zen edo ez, eta ezin zigutela gehiago eskaini. Lehen urte eta erdian hiru hilabetero sinatzen genuen, gero pixka bat hobetu zela ematen zuen eta luzeago hasi ginen sinatzen. Baina akordatzen naiz lehen lau edo bost urteetan gure soldaten %40a bakarrik kobratzen genuela. Kooperatiba estiloko zerbait egin zen, enpresak esaten zuen ze diru sarrera zituen, ze gastu eta, nola inoiz ez zen heltzen gastu adinako sarrerak lortzera, ba pilotariek gure soldatak jaisten genituen eta hilabete batean tokatzen zen %30a kobratzea, hurrengoan %50a... baina nahiko baxuak beti eta lehen bost urteak hala egin nituen. Aparte, gu sartu ginen urtea baino lau urte lehenago, soldata nahiko potenteak ziren, gero 2010ean Oriamendi sartu zen, hor uste dut pare bat urte mantendu zituztela, baina ikusita ze egoera zegoen, hurrengo urteak oso oso baxuak izan ziren. Eta esan dizudan bezala, ni hasi nintzenetik hona oso pilotari gutxik iraun dugu, eta iruditzen zait lan ikaragarria egin dugula erremonteari eusten, enpresarekin batera.
«Ez dizut esango uzteko gogoa izan dudanik, baina bai oso momentu baxuak, eta hor beti oso oso garbi izan dut segi egingo nuela, parte handi batean aitaren motibazio horregatik»
Ez noa onak esatera, baina perspektibak hobexeagoak badira orain?
Bueno, ez zait gustatzen ezkorra izatea, nahiko baikorra naiz baina ikusten dut alde batetik bai ETBn agertuta presentzia irabazi dugula, baina kirolaren osasun egoerari dagokionean esango nuke lehengo egoera nahiko antzekoan gaudela. Ni, osasuntsu egoteaz ari naizenean, eskola indartsu bat izateaz ari naiz, afizionatu maila on bat txapelketekin, profesional koadro handi bat, partida kopuru handi bat... eta ez da kasua. Bai ETBk erakusleihoan jarri gaituela, lehen partida bat irabazi eta hiru edo lau pertsonek zoriontzen baninduten whatsappean, orain ETBrekin igual 30ek. Hori nabari da baina nik 2015ean debutatu nuenean urtean 90 partida jokatzen nituen eta orain 30 jokatzen ditut, hiru aldiz gutxiago. Gaur egun hasten ari diren gazteentzat egoera oso zaila dago ze, horren partida gutxirekin gora egitea oso zaila da.
Gehiago ezagutzen zaituzte kalean orain ETBn agertuta?
Ez nuke esango, herri mailan edo erremontea jarraitzen den herri txiki batean, Goizueta edo Doneztebe batean, herri puntual batzuetan bai, baina bestela ez. Azkenean urtean partida gutxi ematen dituzte eta ez gara denetan agertzen eta presentzia puntuala da.
Zu hemen egotearen parte handi bat aitak dauka –berak sartu zion erremontearen harra eta Imanol nerabe bat zela hil zen–, zenbait aldiz akordatu zara berarekin egun hauetan?
Ba nik uste beti izan dela izan dudan indargune bat eta era berean ahulgune bat. Bereziki buruz burukoan, nola ilusio handi bat den, sentimendu guztiak irteten dira eta bai esango nuke, buruz burukoan urtero urtero asko akordatzen naizela berarekin. Txarra da, nolabait presio puntu hori jarri izan diodalako nire buruari. Iaztik aurrera, nik uste, askoz hobe daramadala kontu hori, landu dudalako, ez profesional batekin, baina bai jabetzen joan nintzen kirolariak askotan besteontzat jokatzen dugula eta gogorra dela hori. Eta orain ere bizi dut, baina ikasi dut eramaten.
Baina beste aldetik, iruditzen zait, une txarrak pasa ditudanean, erremontearen egoera ez da batere osasungarria eta momentu asko daude gogorrak, ez dizut esango uzteko gogoa izan dudanik, baina bai oso momentu baxuak, eta hor beti oso oso garbi izan dut segi egingo nuela, parte handi batean aitaren motibazio horregatik.
«Iruditzan zait, Juanenea, orain ematen ari den mailarekin, azken urteetan txapeldun irten den edozeini gerra emateko maila baduela, dudarik gabe gainera»
Egunerokoak ere ez du erraza izan behar, zuen lanbidea, entrenamenduak, partidak...
Asko markatu ninduen irakurri nuen Oier Etxebarriaren elkarrizketa batek, esaten zuen oso gogorra egiten zitzaiola pilota eta lana uztartzea eta nik horixe bizi izan dut. Eta nire kasuan bai gogorra dela, baina ondo gabiltzan erremontisten kasuan iruditzen zait badugula nolabaiteko gure errekonpentsa, soldata hobeagoak ditugu, telebistan irteten gara... Nolabait ere, bueltan zerbait jasotzen dugu. Baina horregatik esaten nizun oso gogorra egiten zaidala orain hasi berrientzat dagoen panorama; mediatikoki eta ekonomikoki askoz gutxiago jasotzen dute, partida gutxiago... Niri lanarekin uztartze horrek konpentsatzen dit baina hasiberrien lekuan jarri eta ez da batere erraza. Gero, gainera, zuk lasai hartzen baduzu, «nahiko lan badut nire lanarekin», ez duzu inoiz hobetzen eta oso espiral zail batean sartzen zara. Horregatik utzi duen jendea ere ezagutu izan dut, lanak ez dizu nahi adina entrenatzeko aukerarik ematen, ez duzu maila hobetzen, partidetara irten eta maila txarra eman, agobiatu eta utzi. Bakoitzak bere egoera pertsonala du, baina orokorrean oso gogorra da ze orduak mugatuak dira, lagunekin familiarekin egon nahi dugu, lanera joan entrenatu...
Eta finalera bueltatuz, nolako partida espero duzu? Juaneneak sekulako maila eman zuen finalerdian.
Entzuten ari naiz jendea nola ari den esaten Barrenetxeak beste izen bat duela, nola bi aldiz txapeldun izan den, eta nola esaten didaten Juanenearen aurka errazagoa ote dudan. Hor nabari dut jendearen nolabaiteko ezjakintasuna. Nire iritzi pertsonala da, baina finalerdian ikusi genuen Juaneneak momentu horretan Barrenetxeak baino gaitasun handiagoa izan zuela partida aurrera ateratzeko. Kontuan izan behar dugu Juanenea lau final jarraian irabaztetik datorrela, esango nuke hau bere urtea dela eta ikusi da buruz burukoan, Urrizari irabazi zion eta Barrenetxeari irabazi zion, gaur egun koadroan duden bi txapeldunei irabazi zien, eta ez dakit nola esan, inozoa ikusiko nuke pentsatzea finala erraza dela. Iruditzan zait, Juanenea, orain ematen ari den mailarekin, azken urteetan txapeldun irten den edozeini gerra emateko maila baduela, dudarik gabe gainera.