Arraunkadaz arraunkada, berdintasunaren banderaren bila
2023a urte berezia izaten ari da emakumeen arraunarentzat. Aurrenekoz egun Euskotren Liga deitzen denean, zortzi traineruz osatutako denboraldia osatu dute. Zalaparta ugari izan zen aldaketa garaian, denetariko iritziak zeudelako liga hasi zenetik hamabosgarren edizioa den honen atarian.
Kontxako estropadek hartutako bide beretik jarraitu du emakumezkoen gorengo ligak ere. Donostiakoaren atarian zenbait ikuspuntu bildu nahi izan ditugu. Batetik, Borja Rodrigo TKE elkarteko presidentearekin izan gara, baina arraunlariak, benetako protagonistak, ere elkarrizketatu ditugu. Kontxako Banderan titulua defendatuko duen Orio Arraunketa Elkarteko Nadeth Agirre patroi eta kapitainarekin izan gara. Ligan debutanteak diren bi arraunlarirekin ere bai, Hondarribiko Iraia Mendizabalekin eta Hibaikako Maddi Insaustirekin. Eta, bukatzeko, aldaketa gehien bizi izan duten galiziarren artetik, Zaira Torrado Caboko kapitainarekin eta Maria Alvarez Tiraneko estropadalariarekin ere aritu gara hizketan.
Galdera berak egin dizkiegu guztiei. Ligaz egiten duten balantzea, 2023 honetan traineruek erakutsi duten maila, bi txanda izateak sortu dituen aldaketak, etorkizunera begira egutegia zabaltzeko aukera, txanden eta estropaden ordenaren inguruko gogoeta, ETE Ligako ontziekin dagoen aldea edota liga berrituak Kontxari begira sortzen duen egoera izan ditugu hizpide, besteak beste. Aurrerapauso garrantzitsua izan da zortziko ligarena, baina berdintasunaren bidean oraindik badute lan asko aurretik egiteke.
BORJA RODRIGO, TKE LIGAKO PRESIDENTEA
«Uste dut Euskotren Ligan asmatu egin dela bigarren txanda hori gehituta, interesa handitzen delako eta irekiagoa geratzen delako. Ez dago zalantzarik goikoen arteko borroka hori mantendu egiten dela, baina lau tripulazio gehiago egoteak guztia zabalago egotea dakar, puntu gehiago daudelako jokoan eta beheko tokietan ere lehia estuagoa eta interesgarriagoa delako. Emakumeen lehiaketarekiko interesa zabaldu egin delakoan nago.
Aipatu beharrekoa da fitxa aldetik urtetik urtera emakumeen arraunean gero eta gehiago direla; hor ez dago zalantzarik. Garrantzitsuena proiektuak egonkortzea izaten da eta behin egonkortzen direnean hobetzeko joera izaten dute nabarmen eta horrek guztiak kirol maila orokorra igotzea dakar.
Galiziarren aldeko diskriminazio positibo bat jarri da, duela 21 urte gizonezkoetan egin zen bezala, baina Galiziako arrauna ere zaindu beharra dago eta Euskotren Ligak eremu gehiago biltzea garrantzitsua da. Bi galiziar egoteak haien ekosistema hobetzea dakar eta espero dezagun bertako traineruen kirol mailaren igoera ekarriko duela.
Euskotren Liga berrituak, zortzi ontzirekin, orokorrean hobetuko du arraunaren mundua. Urte osoan zortzi traineru, bai Kontxan bai Euskotren Ligan, parez pare aritzeko aukera iraileko zita garrantzitsuetan ere eskertuko da, ziur. Sinistuta nago lehenengo maila horretara iristeko bidean, jende gehiagok egingo duela ahalegina, eta horrek proiektu guztiei motibazio eta egonkortasun handiagoa emango die».
ZAIRA TORRADO, CABO DA CRUZ
«Uste dut txukun hasi genuela uda, nahiz eta gero asteburu batzuetan gauzak zertxobait aldrebestu zitzaizkigun, tartean bajak ere izan baikenituen. Baina pozik eta motibatuta gabiltza aurtengo sasoi honetan. Ligan maila handia dago eta asko nabaritu dugu Galiziako ligatik hona badagoela aldea. Sekulako maila dago.
Taldea osatzea eta kapitain lanetan aritzea ez da erraza izaten. Blokea mantentzeko gai izan ginen eta urte askotan lortu nahian ibili garen igoera hori eskura jarri zitzaigun zortziko liga izango zela jakin genuenean. Ezin genion aukerari ihes egiten utzi eta lanean hasi ginen ordutik, taldeari eutsiz.
Lau luzetik bi luzera igarotzean prestaketa ere aldatu egin zen. Indarra eta intentsitatea edota lehertzeko gaitasun hori gehiago landu behar izan ditugu erresistentzia baino. Gorabehera askoko negua izan da, aste batzuetan hiru arraunlari min hartuta eta horrelakoak egokitzen ziren, baina nahikoa goxo eraman dugu; ez da hain gogorra izan.
Egia da distantziarekin zerbait egin behar dela. Taldeen eta ligen arteko akordioren bat bilatu behar dugu, distantziarena denontzat egokia den zerbaitetara moldatzeko, denok distantzia beretan lehiatzea litzateke bidea.
Guretzat ligan ahalik eta goien egotea zen helburua, baina urtea aurrera joan den heinean, guretzat bukaera polita izateko eragingarria zen, ezbairik gabe, Kontxako estropadarako sailkatzeko aukera hori. Gure aurkari zuzenekin lehiatu gara eta erreferentzia askoz ere hobeak ditugu aurten. Lan ona egiten dugulakoan gaude herrian; udan 150 ume izan ditugu arraunean eta harrobiko lanean aritzea da garrantzitsuena, gorengo mailara iristen direnean gauzak argi eduki ditzaten».
ALAITZ OLARTE, DONOSTIARRA
«Liga aurten berritasunarekin hasi genuen eta bagenekien lehia egongo zela estropadaro. Emaitzak lortu nahi dituenak %100a eman beharra du eta erregulartasun puntu bat falta izan zaigu, baina badakigu lan ona egiten ari garela eta besteek lehiakortasun handia erakutsi dute.
Bi txanda izateak itsasoaren baldintzak alda ditzake onerako edo txarrerako eta zortzien artean dago lehia, ez txanda bakarrean. Bi txandatan jokatze horrek beste txandari adi egotea ere ekartzen du. Pixkanaka ikusi da emakumeen arrauna gorantz doala eta denok lana txukun egiten ari garela; gero eta parekoago gabiltza eta jarraitu beharreko bidea hori da, hobetzen jarrai dezagun.
Egutegia zabaltzearen kontuaz ez dugu hitz egin gure artean, baina bai badugula gero eta estropada gehiago jokatzeko nahia. Aurten, esaterako, Galiziara beste bidaia bat egingo dugu eta hori ere modu positiboan baloratzen dugu. Galiziarrek hona etortzeko egin behar duten esfortzua balioan jarri beharra dago, badakigulako ez dela erraza, baina haien errealitatea hori izaten da.
Gu Kontxan sailkatuta egoten gara, baina badakigu sailkapen estropadan sorpresak egon daitezkeela. Hortaz, ETE Ligako eta Galiziako ligako traineruei begira ere egoten gara, nahiz eta gure liga berean ez egon. Edozeinek har dezake ziaboga barrutik, hasiera txar bat… oso erne egon beharra dago, hanka-sartze bat edonork egin dezakeelako».
MADDI INSAUSTI, HIBAIKA
«Dena berria zen guretzat liga berrira salto egitean, ETE ligatik gentozelako eta ikusteke zegoelako honek guztiak nola funtzionatuko zuen aurtengo denboraldian. Ligan gure tokia hartu nahi genuen eta goikoekin estropadak gero eta denbora tarte laburragoan bukatzea zen gure nahia eta helburua. Baita galiziarrak gero eta urrunago edukitzea ere, puntuetan ere tartea zabalduz, azken bi toki horiek ekiditeko. Eta horretan ibili gara. Liga honetan ezin da hutsik egin.
Distantziaren aferan iritzi asko daude gure artean ere. Batzuek uste dute berdintasunaren mesedetan distantzia luzatu beharko litzatekeela; beste batzuek, aldiz, uste dute prestakuntza asko aldatu beharko genukeela eta hori oso zaila dela; badaude gizonezkoen estropadak laburtu behar direla uste dutenak ere. Galiziarrek egiten dute eta guk ere egin dezakegu hiru itsas miliako estropada, baina beste gauza asko ere baloratu behar dira.
Hala ere ikusgarritasuna badagoela esango nuke. Euskotren Ligako estropadak oso irekiak dira, ez dakigu nork irabaziko duen liga… Jende askok egun telebista emakumeen liga ikusteko pizten du edota estropada eremuetara emakumeen estropadak ikustera etortzen da, gizonezkoen liga ikusi edo ez. Hau da, ez gara telonero hutsak.
Zortzi traineruko liga mesedegarria da, ezbairik gabe, Kontxari begira. Euskotren Ligan gaudenok punta-puntako traineruekin lehian aritzeko aukera daukagu. Dena dela, Kontxako sailkapen estropadan beti ustekaberen bat gertatzen dela badakigu eta, Donostiarrak salbu, inork ez duela bere tokia ziurtatuta. Guretzat berezia da Hibaikak errekorra duelako urte gehien segidan sailkatutako talde bezala eta hori defendatzen jarraitu nahi dugu».
IRAIA MENDIZABAL, HONDARRIBIA
«Oso kontent gaude orain arte egin dugun lanarekin. Neguan oso ondo hasi ginen entrenatzen eta iazko taldea mantentzeko gai izan gara aurtengo denboraldian. Jaitsieretan oso lan ona egin dugulakoan nago eta udara txukuna egiten gabiltzalakoan ere bai. Taldekide guztiak, behintzat, oso kontent gaude.
Bi txandako eta zortziko liga izatea oso interesgarria da; bi txanden arteko lehia hori interesgarria da guretzat. Gainera, guk etxean pike sano bat badugu. Ane ahizpa eta biok Hondarribiko arraunlariak gara eta Iñaki aita, berriz, Hibaikako entrenatzailea da. Bakoitzak bere traineruak irabaztea nahi du, baina besteak irabazten duenean elkar zoriontzen dugu lasai aski eta elkar animatzen dugu. Kiroltasunez jokatu behar da.
Play-off-a jokatu beharko du Hibaikak eta zigor handia da seigarren izan eta maila galtzeko arriskua izatea. Baina hasieratik genekien zein zen araua; zortziko liga izateak hori zekarren. Hala ere, Euskotren Ligan egotea merezi dutela erakusteko aukera bat izango dute play-offean, ez baitira zuzenean jaitsiko.
Dena dela, hori alde batera utzita, polita litzateke ligak jardunaldi gehiago izango balitu. Guk kirolari bezala lehiatu egin nahi dugu eta estropada gehiago izatea oso pozgarria litzateke. Distantziari dagokionez, noski kapazak izango ginatekeela esfortzu mota hori egiteko, jaitsieretan distantzia eta esfortzu horietan ibiltzen garelako, baina oraingoz garrantzitsuena zortziko liga osatzeko gai izan garela da eta horrekin geratu behar dugu.
Aurten bazirudien estropada bakoitzean Kontxan ginela, arraroa egiten zitzaidalako zortzi traineru lehian ikustea. Baina pozgarria da erabat zortziko liga osatu izana, horrek ere lagunduko duelako Kontxako igandeetan lehia politagoa izan dadin».
NADETH AGIRRE, ORIO
«Gustura gaude orain arte ematen ari garen mailarekin. Bi txanda izatera pasa izanak goiko taldeoi nik uste lehen estropadan eragin zigula gehien. Zozketa hark, aurkari gogorrenen ondoan ez lehiatzea ekarri zigun. Egia da kaleen eragina badagoela, baldintzak-eta aldatu egiten direla zerbait txandaren artean, baina haiekin parez pare ez egoteak kalte handiagoa egin zigun Galiziako estropada haietan. Baina banderen lehian egon gara, garaipen batzuk ere ospatu ditugu eta horrekin pozik gabiltza.
ETE Ligako ontziei ere begiratzen diegu, jakina, baina zortziko liga honek Galiziako traineruak hiru urtez Euskotren Ligan mantentzea ekarri du. Ni ez nago ados erabaki horrekin, aurten play-offetik kanpora geratuko direlako, eta ligako maila ikusita ez zait erabaki egokia iruditzen. Ligari begira, ez zait iruditzen mesedegarria denik. ETE Ligakoek Kontxan izango dute beren saria eskuratzeko aukera, ETE Ligako lehen hiru ontziak Tiranen aurretik ibiltzeko gai izango direlakoan bainago.
Emakumeen liga indartzeko moduak asko dira eta interesgarria litzateke, noski, estropada gehiago jartzea. Zortzi traineruko liga osatzea erabaki nahiko baldarra iruditu zait, ez baitira beste hainbat gauza kontuan hartu. Aurrerapauso bat eman da, ona da zortzi traineru jartzea, baina ezin gara erlaxatu eta maila eman beharra daukagu, aurrera egin behar dugu, ETE Ligak ere indarra hartzea garrantzitsua delako, emakumeen traineruak uretaratzea ez baita kontu samurra izaten.
Kontxari begira taldea behetik gora doa. Uztaileko atseden aste horretan entrenamendu gogorrak egiteko baliatu genuen, taldeak aurrerapauso garrantzitsu bat eman zuen orduan, nahiz eta estropadaren batean baldintzek gure onena ematea ez zuten ahalbidetu. Baina Kontxari begira gure onena eman nahi dugu eta erakutsi zertarako gai garen».
MARIA ALVAREZ, TIRAN
«Ez genuen espero hain goiz Euskotren Liga batean izatea eta betetzen ari zaigun amets bat balitz bezala ari gara betetzen denboraldia. Gainera, Tiranen harrobian emakume gehiago ditugu oraintxe gizonezkoak baino eta haientzat erreferente izatea ere garrantzitsua delakoan nago.
Neguan dena berriz zerotik hastea bezalakoa izan da. Bost urte generamatzan lau luzetara prestatzen eta kosta zitzaigun pixka bat berriz ere dena berreraikitzea. Ezjakintasunak sortzen dituen zalantzak genituen, baina oso gogotsu ginen eta ilusioz denboraldi berrirako, eta horrek negua asko arindu zigun.
Ni bi luzetara ibilitakoa naiz eta oso desberdina da lau luzetara lehiatzea. Niretzat, eta galiziarrontzat orokorrean, politagoa da lau luzetara, usadioz horrela lehiatu izan delako eta horrela izan beharko lukeela uste dudalako. Galiziako eta Espainiako txapelketak, esaterako, lau luzetara egiten dira. Hori gustatuko litzaiguke, baina pixkanaka joan behar da, momentuz lau ontzi gehiago sartu dira Euskotren Ligan eta hori ere bada aurrerapausoa.
Ligari begira, egia da guri arnasa eman zigula aurtengoan maila ez genuela galduko jakiteak. Talde bezala gehiago hazteko aukera ematen digu eta egokitzapenerako ere tarte zabalagoa ematen digu. Guretzat aurten urtea horretara mugatu baita, lehiaketara egokitzapena egitera.
Beste urteekin alderatuz Kontxan egoteko aukera erreal gehiagorekin iritsi gara sailkapen estropadara. Astez aste hobekuntza sumatu dugu denboraldi honetan, aurrerapauso erraldoiak eman ditugu. Galizian bi urte beharko genituzke hemen hamabostero ematen dugun hobekuntza lortzeko.
Zortzi ontziko liga batek mesede egiten dio lehiaketari, asmatu egin da horretan, nahiz eta ETE Liga edota Galiziako liga akaso zertxobait ahuldu diren, traineru gutxiago daudelako. Baina, tira, emakumeen estropadak lau luzetara igaro zirenean ere uste zen ez zela ontzirik uretaratuko Galizian, eta, horren ordez, urtetik urtera traineru gehiago daude uretan. Aldaketei ez zaie beldurrik izan behar, onerako izaten ari baitira».