INFO

Euskararen alde «gidoia aldatu dezala» eskatu diote Lakuako Gobernuari

‘Aldatu gidoia euskararen alde’ lemapean, kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko eta euskara lehen planora eramateko eskatu diote 31 eragilek Gasteizko Gobernuari. Mobilizazioa deitu dute maiatzaren 18rako.

‘Aldatu gidoia euskararen alde’ kanpainaren aurkezpena, Gasteizen. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde «gidoia aldatu» eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza «zabal, duin, eguneratu eta erakargarria» osatu dezala eskatu diote 31 eragilek Lakuako Gobernuari.

Gasteizen egindako agerraldi jendetsuan aurkeztu dute eskaera horrekin lotutako ‘Aldatu gidoia euskararen alde’ kanpaina. EITBk azken urteetan hartu duen norabidearekin arduratuta agertu dira sustatzaileak, sorrerako helburuak «baztertu» eta nagusitasuna «gaztelerak eta gaztelerazko telebista eta irratiek» hartu dutela uste baitute.

«Espainiar markoa gailendu da guztiz. Ondorioz, gaztelerak eta gaztelerazko telebista-irratiek hartu dute erreferentzialtasuna eta prestigioa euskaldunon artean eta gizartean, euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu direlarik», arbuiatu dute, eta nabarmendu dute euskararentzat estrategikoa dela euskarazko irrati-telebista indartsua eraikitzea, «euskara lehen hizkuntza eta hizkuntza nagusia izango duena, euskal kulturan ardaztuko dena, euskarazko ikus-entzunezkoen benetako motorra, herria kohesionatzeko balioko duena, eraberritua, erakargarria, hezitzailea, herritarrentzat erreferentzia nagusia izango dena, eta euskarazko programazio oso, kalitatezko eta orekatua eskainiko duena».

Erreferentzialtasun hori lortzeko euskarazko kalitatezko fikzioak duen garrantzian ere jarri dute azpimarra eta «onartezintzat» jo dute instituzioek «audientzia eta kontsumoa aitzakiatzat hartuta» euskarazko fikzioa eta bikoizketa «baztertu» izana.

Eskaerak eta mobilizazio masiboa

Horren aurrean, euskara eta euskarazko kultura erdigunean jarriko dituzten politiken alde «masa kritiko sendo bat» artikulatzeko helburua dutela azaldu dute agerraldian, eta kanpainak ardatz ezberdinak izango dituela ere argitu dute.

Batetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari urteko aurrekontuaren %5 euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea eskatu diote, euskaraz ekoitzitako lanak sortu eta euskarazko bikoizketa indartzeko. EITBk Euskal Herriko zazpi lurraldeak aintzat har ditzala, honen aurrekontuaren %75 euskarazko eduki eta programetara bideratzea eta eduki guztiak euskara bikoiztuta edo azpidatzita ematea ere eskatu diote.

EITBz kanpo, euskarazko bikoizketa eta azpidatzien hedapenean laguntzea, euskarazko estreinaldiak promozionatzea eta euskarazko kulturari eta sortzaileei lehentasunezko tokia ematea ere exijitu diote.

Bestetik, Euskal Herriko gizarte eragile eta norbanakoekin bilkurak egin eta Change.org plataformaren bidez sinadura bilketa bat abiatuko dutela azaldu dute, kanpainaren aldeko atxikimentuak biderkatu asmoz.

Alderdi politikoekin eta Gasteizko Gobernuarekin biltzeko ahalegina egingo dutela ere iragarri dute, eta horiek aurrera eramaten dituzten kultura politiketan eta aurrekontuetan euren eskariak aintzat hartzeko eskatuko dietela azaldu dute.

Kanpainari amaiera manifestazio batekin emango zaio, datorren urteko maiatzaren 18an 17.30ean Gasteizko Gobernuaren Lakuako egoitzatik irtengo dena. Mobilizazio honen bidez euskara eta euskarazko kultura oinarri izango dituen EITB baten alde egin dezala eskatuko diote Jaurlaritzari.