Neurrigabeko pasio bati merezitako txapela jantzi dio Imanol Ansak
Finalaren lehen erdia orekatua izan bada ere, bigarren zatian saketik eta fisikoki osoagoa egonda hautsi du partida urnietarrak eta 30-17 gailendu zaio Aritz Juaneneari.
Erremonteak txapeldun berri bat du gaurtik aurrera, Imanol Ansa urnietarra, aita zenak sartu zion harra muturrera eraman eta, oztopoz betetako ibilbide baten ostean, aspaldiko ametsa gauzatu duen kirolaria, Aritz Juaneari 30-17 gailenduta. Sentimendu handiko egun batean, Ansa II.aren pasioak normalean horren esker txarrekoa izaten den kirol honen olimpora bultzatu du bere garaian kirol honetan aritzeko txikiegia zela esan zioten kirolarik handiak. Erreleboa eta aurpegi berriak behar dituen kirol honetan, txapela nekez egon daiteke buru egokiagoan.
Orain arte egindako txapelketaren ondoren, faborito gisa irten da urnietarra giro bikaina izan duen Galarretako kantxara, baina markagailuan beti aurretik joan den arren, kosta egin zaio faboritotasun hori gauzatzea. Bientzat lehen finala zen gaurkoa eta pilotalekuan egiten zuen beroarekin eta pilotak hasieran zuten bizitasunarekin, biek izan dituzte dezenteko zalantzak lehen tantoetan. Pilotak etengabe aldatu badituzte ere, inork ez zuen gustuko materialik topatzen eta tantoak alde batera zein bestera erortzen ziren, arrazoi handirik gabe.
Sakea giltzarri
Lehen bi tantoak sakez egin baditu ere, Ansak ez du lehen pilotakadarekin mina egiten asmatu eta Juaneneak hasieratik izan du oso argi aurkaria erreboteatzera behartu behar zuela aukerak izan nahi bazituen. Saldiastarrari tanto motzak komeni zitzaizkion, baina pixkanaka partida gogortzen joan da eta tanto piloteatu ia guztiak gorriaren alde erori dira. Beroak ere izan du eraginik eta hor hasi zaio partida ihes egiten nafarrari. Bosna eta seina berdindu ostean, pilotak moteldu diren heinean, Ansak bere lekua topatu du kantxan eta batez ere, sakearekin asmatzen hasi denean hautsi du partida bere aldera.
17-13 zirela Juaneneak egindako falta baten ostean lau tanto lortu ditu Ansak lehen pilotakadarekin ia jarraian eta, fisikoki askoz osoago, urnietarra goitik behera nagusitu zaio bere adiskide eta arerioari askoz motzagoa izan den bigarren zatian.