Olinpikoak olinpiadetan
Kontxako Banderari «arraunaren olinpiadak» esan izan zaio, eta, traineru denboraldiko hitzordurik garrantzitsuena den arren, Olinpiar Jokoetan egoteko lanean ari direnak edo halako pribilegioa izan dutenak ez dira hainbeste. Are gutxiago, Kontxa irabazi eta Olinpiar Jokoetan domina atera dutenak.
Kontxako estropadak beste ezertxorekin konparatzerik ez omen dago. Era berean, Olinpiar Jokoek ere ez dute alderatzeko parekorik. Kontxako Banderari «Olinpiada» deitzen diote zaleek, baina jakin beza irakurleak, zentzu hertsian, «olinpiada» berbak Olinpìar Joko batzuetatik besteetara bitarteko lau urteko aldia hartzen duela; hau da, «olinpiadak» eta «Olinpiar Jokoak» ez direla sinonimoak. Pentsatzen jarrita, Kontxako Bandera urteroko hitzordurik garrantzitsuena da arraun munduan. Abuztua behin erditik aurrera denean, eta batez ere Zarauzko Ikurrinari dagozkion estropada biak pasatzen direnean, Donostiara begira jartzen da arraunzalea. Pentsatzen jarrita, urteroko hitzordu nagusia urtero izaten da, hitzak berak dioen legez. Ondorioz, Kontxako Bandera ezin parekatu «Olinpiar Jokoekin», baizik eta «olinpiadekin».
Izan ere, «Olinpiar Jokoak» lau urtetik behin baino ez dira jokatzen. Kasu konkretu honetan, Paris 2024koak 2021eko Tokioko -Tokio 2020 izena galdu ez bazuten ere- Olinpiar Jokoetatik hiru urtera datoz. Are gehiago, Olinpiar Jokoetan arraunak, aulki mugikorrak, badu lekurik, baina Eusko Label zein Euskotren ligetan, eta Kontxako Banderaren lehian aritzen diren arraunlari asko ikustea oso zaila da. Ez dago guztientzat lekurik, eta Olinpiar Jokoen esperientzia bizi dezaketenak inoiz ere ez dira asko.
«Garai baten aulki finkoa aulki mugikorraren osagarria zen, eta ez orain bezala, non aulki finkoak ia dena irentsi duen». Manu Etxeberria Sedanok esana da, hots, Euskal Herrian arraunaren inguruan gehien dokumentaturiko pertsonetako batek. Ez ditu alferrik hiru liburu argitaratu: ‘Arraunketaren aro modernoa. Oriotarren Iraultza 1965/75’, 2005ean; ‘Bizkaiko arraunaren urrezko urteak 1976/85’ 2007an eta, azkenik, 2022an, ‘Euskal arraunlariak munduko txapelketetan eta JJOOetan 1970/2000’. Azken liburu honetan laburbiltzen da, Etxeberriaren hitzetan, «euskal arraunaren urrezko garaia», zeinean Europako eta Munduko txapelketetan hainbat domina lortu ziren eta, mundu mailako eliteko kirolaren eguneroko lanaren poderioz, traineruetan ere sekulako iraultzak gertatu ziren, Kontxako Banderan aritzeko aulki mugikorrean dabiltzanak tostetara pasatu ziren eta, era berean, garai batean gaindiezinak ziruditen markak urratu ziren.
«Arraunketa olinpikoaren gorakadak eragina izan zuen gure arraun tradizionalean, traineruan. Nazioarteko arraunlariek Munduko Txapelketetan lehiatzen pasatzen zuten uda eta, klub guztietan, haien zain egiten ziren irailean beren traineruaren tostak indartzeko. Gainera, entrenamendu sistemak aldatzearekin batera, bata bestearen atzetik erortzen ziren errekorrak urtero; Kontxan gertatu zen bezala, adibidez», dio Luis Mari Lasurtegi arraunlari pasaitar mitikoak -Los Angeles 1984an zilarrezko domina lortua eta 1986ko Kontxako Bandera Pasai Donibanerekin- ‘Euskal arraunlariak munduko txapelketetan eta JJOOetan 1970/2000’ liburuaren hitzaurrean -Elkar argitaletxearen bitartez eskuragarri-.
Baina 2023an gaude eta ikusi egin behar Paris 2024ra iristeko moduan euskal arraunlaririk ba ote den, edo euskal ontzietako arraunlaririk ba ote den gutxienez. Egunotan, Belgraden irailaren 3tik 10era -hain zuzen Kontxako Banderarekin batera- ospatzen ari den Munduko Txapelketak eskainiko ditu aurreneko txartelak datorren urteko Olinpiar Jokoei begira. Aukera hori baliatu ezinik geratzen direnek beste bi abagune izango dituzte, nolanahi ere. Hasteko, datorren urteko apirilaren 25etik 28ra Hungariako Szeged hirian Europako Txapelketa jokatuko da, eta han izango du hainbatek Pariserako txartela lortzeko modua. Ia hilabeteren buruan, berriz, azkeneko trena pasatuko da. Suitzako Luzernako aintziraren inguruan, maiatzaren 19tik 21era, mundu mailako olinpiada aurreko txapelketa jokatuko da.
Kontxan ez da izango, tamalez, baina Parisen egoteko aukera handia izango du Virginia Diazek. Astilleron jaio zen arren, 1991ko abuztuaren 15ean, Basque Team-eko kide hau Areetan bizi da aspaldidanik, eta Getxoko Raspas Arraun Taldean dabil, aulki mugikorrean maila gorenera iristeko prestaketa lanetan. Bere gaitasunari esker, 2015. urtearen hasieran bost hilabete egin zituen Miamin ikasketetan lortutako beka batekin, eta han Floridako unibertsitatearekin estatu mailako titulua erdietsi zuen 8+ modalitatean.
Tokioko Jokoetan Aina Cid katalanarekin batera arraun egin zuen, lemazainik gabeko biko ontzian. Ottensheim-Linzen jokatu zen 2019ko Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postuak bere lehen Jokoetan, Tokiokoetan, lehiatzeko txartela eman zion. Final handira sailkatzea lortu zuen eta seigarren postuan amaitu eta diploma olinpikoa etxeratu zuen.
Astilleron jaio baina Areetan bizi den erizain honek Euskal Herriko Unibertsitatean egiten dituen Medikuntza ikasketak goi mailako kirol praktikarekin uztartzen ditu. Hala, joan den maiatzean urrea lortu du single scull-ean Zagrebeko Munduko Kopan. Azken partzial ikusgarria eginez, lasterketa irabazi zuen photo-finishean, Lenka Luksova txekiarrarekin eta Aurelia-Maxima Katharina Janzen suitzarrarekin borrokan.
«Emakumeak gara arraunaren etorkizuna» dio, bestalde, Izaskun Etxanizek. Santurtziko Itsasoko Ama taldeko kidea izan da aurten arte eta orain Raspasen ari da, aulki mugikorreko arraunean zentratzea erabaki ostean. «Ez da kritika bat, mundu guztiak bere helburuak garbi izatea beti baita ona, baina arraun munduan hemen inguruan aulki finkoaren alde egin da apustua. Ondorioz, arraun olinpikoan ari den arraunlari askok uztea erabakitzen dute, unibertsitate ikasketei ekindakoan edo lan mundura jauzi egiteko orduan. Inbidia ematen du Britainia Handiko edo Amerikako Estatu Batuetako selekzioak ikusten ditugunean atzerrira lehiaketaren batera goazen aldiro», zioen aurtengo urtarrilean Santurtziko arraunlari honek.
Izaskun Etxaniz ez dugu Kontxan ikusiko, baina Paris 2024an ikustea ez litzateke inola ere arraroa izango. Izan ere, joan den maiatzean lemazainik gabeko laukoan zilarrezko domina eskuratu baitzuen arraunlari bizkaitarrak Zagreben. Iria Jarama, Maria Fernanda Valencia eta Olivia del Castillorekin batera, bigarren postuan helmugaratu zen, Txileko laukotearen atzetik.
Ildo horretan, Manu Etxeberriaren hitzekin bat egiten dute Izaskun Etxanizenek. «Aulki mugikorrean klubek lan egiten dute, baina denboraldia traineruetara bideratuta dago eta otsail-martxotik aurrera ibaietako traineru jaitsierak hasten dira. Hargatik, Espainiako selekzioan ere nabari da garai bateko emaitzarik nekez lortzen dela. Zergatik? Euskaldunak falta zaizkielako. Lehen, klubetako lana batekoz bestera izaten zen: aulki mugikorreko denboraldia prestatzen zen eta traineru denboraldia uztailetik irailera luzatzen zen».
Esan bezala, Kontxako Banderak eta Belgradeko Munduko Txapelketak bat egiten dute egutegian. Hala, Raspas taldeko Virginia Diaz eta Izaskun Etxanizez gain, Getxoko taldean diharduen Esther Briz Zaragozako arraunlaria izan zen Zagrebeko Munduko Kopan Euskal Herritik egindako ekarpena. Beraz, arraunaren «olinpiadetan» ariko diren horiek ezingo ditugu arraunaren «Olinpiar Jokoetan» lehiatzen ikusi, bistan denez aulki mugikorrak behinola izan zuen garrantzia orain traineruek dutelako, nahiz eta Orio, Ur Kirolak, Kaiku eta beste oraindik ere arraun olinpikoan aritzen diren.
TXAPELDUNAK ETA OLINPIKOAK
Kontxako Banderarekin eta Olinpiar Jokoekin lotura estua izen propio gutxi batzuek dute. Aipatu Luis Mari Lasurtegi litzateke gorenen iristea lortu zuena bere sasoian, baina ezin Jose Luis Korta eta Ibon Urbieta aipatu gabe utzi. Biak ala biak Kontxako estropada nahi bezala irabaztea zer den dakitenak, eta biak ala biak Olinpiar Jokoetan dominaren bat lortzeko aukera izan baina lortu ezinik geratu zirenak.
1972ko Municheko Olinpiar Jokoak irailean jokatu ziren eta, ezustean, Oriorekin arraunean egitea tokatu zitzaion Ortzaikako mitoari. Jose Luis Kortak berak dioenez, Espainiako Arraun Federazioak erabaki zuen Municheko Olinpiar Jokoetatik at lagatzea Ortzaikakoa, nahiz eta urtebete lehenago, 1971ko Europako Txapelketan, artean 22 urte baino ez zituela, B Finalean -«Final Txikian», bere hitzetan- bigarren amaitu zuen, orotara zazpigarren amaituz eta, bai bertoko bai atzerriko adituen ustez, behar bezalako prestatzaileek gidatuta, mundu mailako elitean aritzeko moduko arraunlari baten aurrean egon.
«Nahiko arraroa izan zen Jose Luisi Munichera joaten ez uztea. Egia da Olinpiar Jokoak orain baino beranduago jokatu zirela urte hartan», dio harriduraz Manu Etxeberriak. Oriok 1972 hartako Kontxako Bandera eskuratu zuen behintzat, eta handik aurrera, ia erabat zentratu zen Ortzaikakoa traineruetako lanean, nahiz eta 1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetara joan zen.
«1976an Jose Luis Kaikura iritsi zen eta, klub berrira egokitzeagatik edo, ez zen urte hartako Olinpiar Jokoetarako prestatu, baina 1977ko Amsterdamgo Munduko Txapelketan, lauko scullean hankako lanetan, laugarren amaitu zuen Banyoleseko beste hiru lagunekin, domina ia bertan zuela. Baina Mosku 1980ra iritsi zirenean, kolpetik scull bikora aldatu zuten Jose Luis, eta Joserra Oiarzabal oairtzuarrarekin -hiru Olinpiar Jokotan parte hartutakoa ere, gero Koxtapen aritua eta bere ibilbidearen amaieran Hondarribian eta baita Arraun Lagunaken ere-, zazpigarren amaitzea lortu zuen, ‘final txikia’ irabazita, azken orduko aldaketa hori eman bazen ere».
Jose Luis Kortak ez zuen Olinpiar Jokoetan gehiago parte hartuko. Aldiz, 80ko hamarkadan Luis Mari Lasurtegi eta Joserra Oiarzabal bai ariko ziren, nola Los Angelesen hala Seulen. Lasurtegik, Fernando Climent lagun hartuta, lemazain gabeko bikoan zilarra lortu zuen 1984an, Moskun laugarren sailkatu eta gero lemazain gabeko laukoan, eta Seulen, berriz, final-laurdenak gainditu ezinik geratu zen. Baita Oiarzabal ere, eta baita artean 21 urte baino ez zituen Ibon Urbieta oriotar arraunlari gaztea ere. Seuletik bueltan, Lasurtegik Espainiako Arraun Federazioaren «planifikazio tamalgarria» salatu zuen, emaitza eskasak arrazoitzeko orduan.
Kontxako Banderan, aldiz, gauzak hobeto joan zitzaizkien Lasurtegiri eta Oiarzabali. «1986an Pasai Donibanera etorri ziren, eta sasoi hartan Zumaia oso ondo zebilen, San Pedro bera ere bai, Arraun Lagunaken zebiltzan lauzpabost arraunlari bazirela, tartean Eulogio Genova eta Borja Elizalde, 1983ko Munduko Txapelketan, pisu arinetan, urrezko domina lortu zutenak; baina 1986 hartan Pasai Donibaneko ‘Errekak’ bere aurreneko Kontxa irabazi zuen», gogoratu du Etxeberriak.
Euskal arraun olinpikoaren urrezko garaiko azken erreferentzia nagusia, beharbada, Ibon Urbieta izango da. Seulen bere aurreneko esperientzia olinpikoa izan ondoren, 1990ean zilarrezko domina irabazi zuen, lemazaindun bikoan Jose Ignacio Bugarin galiziarrarekin batera, Abbagnale anaia italiar mitikoen atzetik bakarrik. Hala ere, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan hamabigarren amaitu zuten hauek biek.
«Arraunlari bikainak ziren biak, zalantzarik gabe, baina ez zeukaten pauso bat aurrera ematen lagunduko zien ‘feeling’ pertsonalik», oroitzen du Manu Etxeberriak. «Elkarrekin entrenatzen ziren, bai, baina gero bakoitza lagun talde ezberdin batekin joaten zen eta harreman oso hotza zuten».
Tokioko Olinpiar Jokoen harira, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Ibon Urbieta bera penetan zebilen 30 urte geroago Bartzelonako aukera pasatzen utzi ostean. «Lehiaketa baino hilabete bat lehenago, dominetan ibiltzeko denborak markatzen ari ginen entrenamenduetan, baina Olinpiar Jokoetan ez genuen hilabete lehenago izandako sentsaziorik errepikatzerik lortu», zioen. Horrez gain, nahiz eta Bugarinekin arazo pertsonalik izan zuenik ukatu, «lan ohitura ezberdinak» azpimarratu zituen Urbietak, eta elkarrekiko sintonia falta erabateko horrek ere erasana utzi izango zuela ,uste baino emaitza kaskarragoak lortzean.
Ibon Urbietaren egunik onenak Orioko traineruan ibilitakoak izan ziren. 1996tik 2000. urtera bitartean Kontxako Bandera guztiak eraman zituen Oriok, 1999ko Koxtaperen garaipena izan ezik. Aulki mugikorrean, berriz, 1994tik 2000. urtera, Orioko zortzikoa Estatuko txapeldun geratu zen urte horietan guztietan, betiere arraunlari oriotarraren gidaritzapean.
ITSASOAREN BESTE ALDETIK
Leandro Salvagno (Colonia, Uruguai, 1984) Kaikuko ontzian zen 2009ko Kontxako Banderan, ‘Bizkaitarra’ ontzia, Jose Luis Kortak entrenaturikoa eta Asier Zurinaga patroi lanetan, nagusitu zenean. «Nire herrialdetik hona etorri eta hiru urtera irabazi nuen. Baina niretzat ez zeukan esanahi berezirik», onartu zuen duela zenbait urte ‘Berria’-ri emandako elkarrizketa batean. «Ez dut esango beste estropada bat zenik, konturatzen bainintzen bazuela beste zerbait, mugitzen duen jendearengatik, inoiz irabazi ez zuten taldekideak banderarekin negarrez ikusteagatik». Urteen igaroarekin handitzen joan da Kontxari ematen dion garrantzia. «Urte asko daramat zuen artean, hemengo ohiturak hartu ditut, eta, orain bai, orain jabetu naiz zeinen garrantzitsua den».
Pontejos taldean zebilen Uruguaiko arraunlaria Kortak Kaikura eraman zuenean, eta Kontxan aritzea zer den badakien bezala, Olinpiar Jokoetan parte hartzea zer den ere ederki asko daki egun Astilleron diharduen 39 urteko morroi honek. Atenas 2004ko Olinpiar Jokoetan hemeretzigarren amaitu zuen, artean 20 urte baino ez zituela eta Kantauri itsasoko traineruetan eseri aurretik. Lau urte geroago, Pekineko Olinpiar Jokoetan ere aritu zen, baina orduan 20. postuarekin konformatu behar izan zuen. Bertan izan zuen Londres 2012rako txartela ere, baina ez zuen lortu.
Nolanahi ere, 2019ko Panamerikar Jokoetan aurkitu zuen bere unerik gozoena Uruguaiko selekzioarekin. Lauko scull kategorian urrezko domina atera zuen Salvagnok. «Mila esker nire familiari, unerik latzenetan ere nirekin daudelako», eskertu zuen arraunlari hegoamerikarrak Londres 2012tik at geratu ondoren. «Oraindik borrokaldi gehiago egiteko parada izango dut. Gehien nahi nuena ezin izan dut erdietsi, baina etorriko dira gehiago ere», gaineratu zuen.
Ba hori. Olinpiadak bertan dira, Olinpiar Jokoak berriro noiz iritsiko ote diren zain. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak adierazi du ez dela Itsas Arraunketa Paris 2024an sartuko, baina Los Angeles 2028rako aukera bikaina dela uste du.
Beharbada horrek gauzak zeharo aldatuko ditu…