INFO

Karmele Jaio eta Annie Ernaux, sasoi berriko nobedadeen otarrean

Karmele Jaioren laugarren eleberria, Bernardo Atxagaren «artefaktua», Annie Ernauxen itzulpenak...  onddoak legez ateratzen ari dira hasi berria den literatura denboraldiko tituluak, bai euskaraz bai gaztelaniaz edo frantsesez. Hona hemen aholku batzuk gustukoenak otarrera eraman ditzazuen.

Karmele Jaiok laugarren nobela kaleratuko du azaroan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Uda eta oporren amaierarekin batera, irailetik aurrera  liburu dendetako apaletan hasi dira ugaritzen datozen hilabeteetan eskuragarri izango ditugun argitalpen berriak; esan ohi den bezala, ‘la rentrée littéraire’ sasoian sartu garelako bete betean.

Esamolde frankofono horrek gaztelaniazko literatura merkatura hedatzen joan den joera bat islatzen du; gurean ohikoa aspalditik, erabat datorrelako bat euskal literaturaren hitzordu nagusiaren aurretik bizi ohi dugun ‘lasterketarekin’ –hemendik aurrera dena Durangoko Azokari begira aterako da eta–.

Bide batez, aipa dezagun aurtengo Azoka abenduaren 6tik 10era izango dela eta bertan erakusmahaia jarri nahi dutenek eskaria egiteko aukera dutela dagoeneko, Gerediagak berak iragarri duenez.

Atxaga, Amuriza, Jaio eta beste

Joan den astean aurkeztu zuen Elkarrek ‘uzta’ berriko bere lehen proposamena. Xabier Mendiguren Elizegi editoreak berriz ere idazteari heldu dio, ‘Oso latza izan da’ fikziorik gabeko nobela motzarekin. Truman Capote legezko egileek maisuki landutako generoa uztarturik, Joxe Arregi torturaz hil zutenean, Zizurkilgo hilerrian ezkutuan egin zizkioten argazkien historia berreraiki du nobela egiturarekin.

Gai unibertsal batean jarri du fokua Karmele Jaiok seguruenik udazkenean arreta handien erakarriko duen eleberrian. Izena, ‘Maitasun kapitala’ (Elkar). Liburu dendetara iristeko aurreikusitako data, azaroa. Eta hemen sinopsia, gosea pizteko: «Emakume ahaldundua eta kontzientziatua izan arren, liburuko protagonista bere bikotekideak abandonatzen duenean pott eginda geratzen da, eta galdera sortzen da orduan: zer da maitasuna gure bizitzetan? Nola konfiguratu gaituzte, beste alor guztietan pertsona independenteak izan arren, harreman sentimentaletan hain menpeko eta zaurgarri izateko?».

Gasteiztarraren laugarren nobela izango da; aurrekoa, ‘Aitaren etxea”’, 2019an kaleratu zuen eta Euskadi Sarietako irabazle suertatzeaz aparte, irakurleen artean arrakasta handia lortu zuen, baita gaztelaniazko bertsioan ere.

Azaroan iritsiko da Patxi Zubizarretaren ‘Gauak ezkutatzen duena’ (Elkar) ere, iazko Agustin Zubikarai Sariaren irabazlea. Insomnioa du ardatz. Eta Ereinek Ane Labaka bertsolariaren ‘Barraskiloek baino bat gehiago’ eta Goiatz Labandibarren ‘Bekatua’ nobelak iragarri ditu. Azken hori biharamun emozional baten kontakizuna da, sinopsiaren arabera: «Ezezagun baten ohean esnatu da Garazi eta horrek bere ordurako bizimodua, harremanak, ziurtasunak eta usteak irauliko ditu».

Bernardo Atxagaren ‘Paradisuaren kanpoko aldeak’ (Pamiela) lanari ‘idatzi komikoak eta tristeak’ azpititulua jarri  diote. «Liburu berezia da, eta tonu, gai eta forma ugari aurkituko ditu irakurleak haren orrietan: elegia moduko narrazioaren ondoren, ekitaldi publiko bitxi batzuen azalpena; barrea eragiten duen poemaren alboan, pasarte autobiografikoa; euskal literatura zaharrari buruzko mintzaldi ia ezinezko baten kontaeraren hurrena, despedidako poemak», aurreratu du Iruñeko argitaletxeak.

Hauxe da sasoiaren hasierako libururik ‘indartsuena’, baina badago beste bat ere: Juan Carlos Etxegoienen, Xamarren, ‘Biziaroak. Herri kultura’ aterako baitute aurki. ‘Orhipean’ eta ‘Etxea’ ikerketen egileak, lan dibulgatzaile horretan, begirada bat emango die Euskal Herriko kulturaren iraganari eta gure arbasoen bizimoduei.

Euskararen unibertsoari so jarriko da, era berean, hilaren 19an iritsiko den eta Mikel Mendizabalek koordinatu duen ‘Euskara orain. Eraginkortasuna helburu’ (Alberdania) lana. Haitao Liu, Jesus Rubio, Xabier Amuriza eta Iñigo Lamarca hausnarrean jarri ditu.

Eta Patxi Zubizarretak –‘Sakonean, itsasoa ikusten da. Miangolarratarren uberan’ (Txalaparta)– Paco Miangolarraren arrastoaren atzetik jarriko gaitu. Federiko Krutwigen ‘Vasconia’ (1962) obra eztabaidagarri bezain polemikoa diruz sustatu zuen Miangolarra, Venezuelako erbestetik Ipar Euskal Herrira etorri berritan. Euskal kulturaren mezenas horren bizitza interesgarriaren atzetik ibili da Patxi Zubizarreta. «Erbesteari eta, ezinbestean, herriminari buruzko sirena kantu bat», argitaletxearen hitzetan.

Emakume izenarekin

Feminismoaren olatuak hauspotuta, emakumeen izen propioak indarra irabazten ari dira literaturan. Bell Hooks (Gloria Jean Watkins, jatorrizko izena) ideologo eta ikertzaile feminista estatubatuarren ‘Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika’ (Katakrak) saiakera euskarara ekarri du Amaia Apaulazak.

Fikzioari dagokionez, Joyce Carol Oatesen ‘Bortxaketa: Amodiozko istorio bat’ (Igela) euskaratu du Xabier Olarrak. XX. mendeko idazle estatubatuar garrantzitsuenetarikoa da Oates. 2013an nobela horregatik National Book Awarda jaso zuen. Eta klasiko batetik ‘iritsi berri’ batera: Irene Sola katalanaren ‘Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien’ (Alberdania, itz.: Joxan Elosegi), euskaraz, nobedadea da denboraldi berrian. Gaztelaniazko merkatuan Anagramak kaleratuko du ‘Te di ojos y miraste las tinieblas’ izenpean (jatorrizko bertsioan, ‘Et vaig donar ulls i vas mirar les tenebre’) .

Krisia, estatu frantsesean

Nobel saria jaso ondoren, nolabaiteko loraldia izan du begirada zorrotza eta idazkera bortitza duen Annie Ernaux idazle frantsesak. Gema Lopez Las Herasek ‘Emakume izoztua’ (Elkar) euskarara ekarri du, haren lanik esanguratsuena, Jokin Zaitegi bekari esker. Gaztelaniaz ere irakurri ahal izan dira haren aurreko lanak: ‘La escritura como un cuchillo’ eta ‘La otra niña’ (Cabaret Voltaire; ‘L'Écriture comme un couteau’ eta ‘L’aurtre fille’, jatorrizko bertsioan).

Dena den, Ernauxek ez du lan berririk iragarri, momentuz, literatura frantsesaren ‘rentrée littéraire’-rako. Sasoi hau fenomeno artistiko eta kulturala izan ohi da: argitaletxe handi eta txikiek ehunka liburu berri kaleratzen dituzte, liburu dendak berritasunez betetzen dira eta telebistan eta hedabide guztietan literatura protagonista bihurtzen da. Horrez gain, literatura sari guztiak garai honetan ematen dira: Goncourt saria, Renaudot, Médicis edo Femina.

Liburuaren sektorearen merkataritza-estrategia gisa sortu zena, azkenean, gizarte fenomeno bihurtu da. Aurten, dena den, papera garestitzearen eraginez, sektoreak pairatzen duen krisia nabaritzen ari da. AFP agentziaren arabera, iaz baino %5 gutxiago argitaratuko da, eta, oso adierazgarria den beste datu bat: 2010ean ezarri zen 700 eleberri-nobedadeen errekorra; aurten heren bat gutxiago argitaratuko da. Poltsikoko liburuei esker mantentzen omen da sektorea.... eta diru asko mugitzen duen industria da.

Frantziako Kultura Ministerioak bere webgunean adierazi duenez, liburuaren sektorea da bertan kultura industrietan lehena (80.000 lanpostu; hau da, kultura sektoreko lanpostuen %20 inguru). Nobedadeei dagokienez, Goncourt akademiak iragarri dituen 16 izenen artean, hortik aterako baita aurtengo irabazlea, Eric Reinhardt dago, bere ‘Sarah, Susanne et l’écrivain’ liburuagatik, eta Mexikon bizi den Neige Sinno idazlea ere bai, ‘Triste tigre’ eleberriarekin. Bestalde, jada salgai dago Amélie Nothomben azkena: ‘Psychopompe’ (Albin Michel), 12 urte zituenean jasan zuen bortxaketari buruzkoa.

Mcewon, Allende...

Eta Estatu espainiarrean, zer? Hemen ‘rentrée’ delakoa modu diskretuagoan egiten da. Argitaletxe gehienek urteko titulu nagusietako batzuk gordetzen dituzte sasoi honetarako, eta liburu dendak berritasunez eta literatura ekitaldiz betetzen dira. Nazioarteko egile anitzen nobedadeak jarriko dira gaztelaniazko irakurleen esku.

Esaterako, Ian McEwanen liburu berri bakoitza antsietatez espero dute britainiarraren jarraitzaileek: aurki ‘Lecciones’ (Anagrama; 2022ko ‘Lessons’, jatorrizko izena) eskuratu ahal izango dute. Piano irakasle batekin izandako esperientzia batek markatutako gizon baten bizitza kontatzen du. Katalanez eta gaztelaniaz aterako da.

Gehiago: Isabel Allenderen azkena da ‘El viento conoce mi nombre’ (Plaza & Janes). Iragana eta oraina gurutzatu ditu; paraleloan, 1938ko Vienan haur judu baten istorioa kontatzen du, aita desagertu baitzaio Kristal Hautsien Gauean, eta, 80 urte geroago, AEBetarako bidean amarekin trenean doan El Salvadorreko neska batena.

Argitaletxe berak kaleratu du Donna Leonen biografia (‘Una historia propia’; jatorrizko izena, ‘Wandering Through Life’). Nobela beltzaren erreginak ironia, umorea eta jakintza handia erakusten ditu liburu guztietan.

Eta nobela beltzarekin ari garenez, titulu ugari iragarri dituzte –Benjamin Black-en azkenak, Michael Connelly, Camilla Läckberg...–, baina agian jakinmin handien ‘Millenium’ seriearen azkenak sortuko du, Karin Smirnoffek idatzi baitu, Stieg Larsson zenduaren oinordekoak. ‘Las garras del águila’ (Destino) bezala argitaratuko da.