INFO

Lakuak eskola-jantokietako araudiaren aldaketa negoziaziorik gabe hasi duela salatu du LABek

Lakuako Gobernuak ikastetxe publikoetako jangelak arautzen dituen 2000ko agindua aldatzeko prozedura «alde bakarrez eta inolako elkarrizketa sozialik gabe» hasi duela salatu du LABek. Jarrera aldatzeko eta hezkuntza komunitateko eragileekin negoziatzeko eskatu dio sindikatuak.

Jantoki-zerbitzua bermatzeko eskatu zion LABek Lakuari duela hiru urte. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

LABek hainbatetan salatu du jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Agindua eta jangela horien funtzionamenduari buruz Hezkuntza sailburuordeak emandako Zirkularra aldatu behar direla. Horretarako, sindikatuak ezinbestekotzat jo du beti EAEko Hezkuntza sailburua den Jokin Bildarratzek eta Xabier Aizpurua sailburuordeak langileon ordezkariekin elkarrizketa-mahaira deitzea.

Bada, LABek ohar baten bitartez salatu duenez, Hezkuntza Sailak, 23 urteren ondoren, ikastetxe publikoetako jangelak arautzen dituen 2000ko agindua aldatzeko prozedura «alde bakarrez eta inolako elkarrizketa sozialik gabe» hasi du. «Are gehiago, abuztua aprobetxatu du, zeina sektorearen jarduera eza den, aldaketa egiteko», dio sindikatuak.

Hortaz, Hezkuntza Sailari dei egin dio jangelako hezitzaile eta gainerako langileei eragingo dien agindu berria langileon ordezkariokin negoziatzeko.

«Jangelak ikastetxeko beste gune bat izan behar du, bertan hezten eta ikasten jarraitzekoa, eta ez zerbitzu osagarri soil bat gehiago. Horregatik, ezinbestekoa da ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan txertatzea», azpimarratu du.

Era berean, LABek gogorarazi du ekainaren 1ean Hezkuntza Sailarekin Hezkuntza Legearen harira sinaturiko akordioak jasotzen duela «2023an kontrataturiko zerbitzuen azterketa zehatza burutzeko prozedura, oinarrizko aztergaiak eta irizpideak adostuko direla, jantokiko hezitzaileak lehenetsitako langile kolektiboetako bat izanik».

«Ezin dugu ahaztu agindu horrek zuzenean eragiten diela jangeletako langileen lan-baldintzei; besteak beste, hitzarmen kolektiboan jasotzen diren baino funtzio gehiago beren gain jartzen baititu», gehitu du sindikatuak.

Horregatik, hezkuntza komunitatea osatzen duten sindikatu zein eragileekin biltzeko eskatu dio Lakuako Hezkuntza Sailari, «jangela eredu berri baterantz trantsizio adostu bat egin dezagun».