INFO
Interview
Rafa Diez
LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia

«Estatuekin herri gisa hitz egin behar dugu, ez alderdi gisa»

Garaiko hausnarketek gaurkotasun handia dutela uste du Rafa Diezek eta batzuen «porrot sentsazioaren» gainetik, susmoa du orduko arrastoek ekarri gaituztela egungo eszenatokira. Hala ere, alderdien hegemonia leihaz harago, herri gisa jauzi bat ematearen beharra azpimarratzen du.

Rafa Diez, LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia eta Lizarra-Garaziko sinatzaileetako bat. (Idoia Zabaleta | FOKU)

25 urte igaro dira Lizarra-Garazitik, mende laurden batek ematen duen perspektibarekin, zein balorazio egiten duzu?
Momentu historikoa izan zen, espazio abertzalearen arteko hausturaren ondoren, trantsizio politikoa deiturikoari aurre egiterako orduan. Momentu horretan indar politiko, sindikal eta sozialak ondoren 78ko erregimen gisa izendatutako andamio politiko instituzionalak zalantza jartzen hasten dira eta  izaera politikoko gatazkari aurre egiteko metodologia eta edukiak ezartzen dira, adierazpenean nabarmentzen direnak. Hau da, inflexio-puntu batean gaude, Estatuko botereek euskal nazioaren inguruan ezarritako asimilazio nazionalaren ereduari dagokionez. Une horretatik aurrera, eduki eta aldarrikapen jakin batzuk proposamen politiko eta dinamika sozialetan kokatzen dira: Ibarretxe Plana, erabakitzeko eskubidea... eta ehun politiko, sindikal eta sozialaren zati handi batek gaur egun indarrean dauden beste planteamendu batzuk biltzen ditu.

Bestetik, adierazpenaren dimentsio nazionala azpimarratuko nuke. Lizarra-Garazi enbrioi bat izan zen analisi, konpromiso eta ekarpenen aldetik errealitate soziopolitiko eta adminastriboen gainetik lurralde unitate funtzional baten alde lanean hasteko.

Garai hartako eszenatokia oso konplikatua zen. Nola izan zen posible konfiantzazko markoa eraikitzea?
Egoera konplikatua zen, baina maila politiko, sindikal eta sozialeko harreman eta elkarrizketak oso aktibo zeuden eta egun sumatzen ez dudan sakontasun bat zuten. Proiektu organizatibo bakoitzak bere historia zuen eta bere baldintzak, baina konfrotazio eta biolentzia egoera eraldatzeko gogoa eta  
Estatuari pultsua egiteko indarrak batzeko interesa zegoen. Hori plano sindikalean (ELA eta LABen arteko akordioak) eta politikoan suma zitekeen.

Egun Hego Euskal Herriko harreman «horizontalak» hegemonia lortzeko gatazkekin kutsatuta daude,  Espainiar Estatuari aurre egiteko  proiektu nazionalaren erronka, konpromiso eta akordioak baztertuta geratzen direlarik. Garaiko EAJko kide baten hausnarketa erabiliz, «abertzaleen arteko batuketa zero den bitartean Estatua lasai dago, eta prozesu politikoa mantsotu egiten da». Hori gaur egun ere, oinarrizkoa da. Bitxia da borroka armatua desagertu ostean gutxitu izana kolaborazio politiko eta sindikala edota elkarren arteko konfiantza.

Euskal jendarteak ilusio askorekin hartu zuen.
Akordioak inpaktu sozial ikaragarria izan zuen, eta sinergia sozial asko aktibatu zituen. Ilusio sozial bat sortu zuen, potentzia bat. Bakoitzak gure ardura dugu, baina ez genuen momentu politiko hura kanalizatzen jakin, bakoitzak aurrez zituen inertziak direla eta. Nire ustez, gizartea aurreratuagoa zegoen egitura politikoak baino. Gatazkaren konponbidea bilatzen zuen, biolentziaren desagerpena, baina baita ere ulertzen zuen etapa berri bat ireki behar genuela espazio abertzalean, ezkerreko eremuan, konstituzio espainolak inposatzen zituen hipotekak gaindituko zituen etorkizuna eraikitzeko.

Rafa Diez Lizarra-Garaziko 25.urteurrenaren harira
Rafa Diez Lizarra-Garaziko 25.urteurrenaren harira

Lizarra-Garazi gabe egun gauden testuingurua posible litzateke?
Lizarra-Garazik aldaketari eta proposamen berriei eman zien bide. Ibarretxe Plana adibidez, eta horrek, ziurrenik,  EAJren posizioa baldintzatu zuen post-Lizarra testuinguruan. Bertako kontzeptu eta emandako hausnarketetek eragina izan zuen Ezker Abertzalearen estrategia aldaketan ere, 2004-2007ko negoziazio prozesuaren ondoren ematen diren eztabaidetan.

Nolanahi ere, ez da esperientzia haren azterketa nostalgikorik egin behar, baizik eta gaur egun oraindik ere presente dagoen gatazka politiko bati aurre egiteko gida gisa erabili beharko liratekeen ondorioak atera behar dira: gatazkaren ikuspegi nazional baten (Euskal Herria bere osotasunean) eta eredu politiko baten beharra: estatuekin hitz egin baino lehen, indar politiko eta sindikal gehienen artean adostutako alternatibak eraiki behar dira, negoziaziora herri gisa iristeko, eta ez alderdi gisa.


Eta nola ikusten duzu gaurko egoera Lizarra-Garazi izan zena begiratuz?
Nik uste dut beste «momentum» bat bizi dezakegula Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiar Estatuko egoerari begiratuta. Eta noski, herri bezala aurre egin beharreko erronkak kontuan hartuz.

Gakoa da nola egingo diogun aurre testuinguru poltiko horri eta erronka handi horiei. Eta, alde horretatik, ezinbestekoa da azken urteetako inertziekin amaitzea. Kudeaketa instituzionaleko inertziak, kontserbadurismo politiko eta sozialekoak, komenientzia hutseko eta proiektu nazionalean sakontzeko anbizio politiko eta sozialik gabeko aliantzak... Ildo horretan, uste dut asko dugula jokoan, eta ezinbestekoa dela akordio eta aliantza politiko eta sozialei beste eduki eta proiekzio bat ematea. Horixe da, hain zuzen, ezker independentistaren hausnarketa, hauteskundeen emaitzetatik haratago datorrena, unean uneko potentzialitateez konbentzituta, eta, era berean, nazioaren pultsioa eta gizartearen eskaerak egoki egituratuko dituen gizarte-dinamikaren beharra.

Ez da esperientzia haren azterketa nostalgikorik egin behar, baizik eta gaur egun oraindik ere presente dagoen gatazka politiko bati aurre egiteko gida gisa erabili beharko liratezke ondorioak.


Esaldi borobil bat bat jasotzen zuen akordioak: «Euskal Herriak dauka hitza eta erabakia»
Esaldi horretan sintetizatzen dira ezinbesteko gakoak. Subjektu politiko baten aitortza, Euskal Herriaren zazpi lurraldeak, eta erabakitzeko eskubidea hitza euskal jendarteari emanez demokrazian bizitzeko. Esaldi horrek izugarrizko gaurkotasuna dauka eta gehiengo sozial eta instituzionalaren oinarrizko erreferentzietako bat da. Gai horiek erakunde politiko, sindikal eta sozialen arteko elkarrizketaren parte izan behar dute, egiturazko gaiak baitira, eta, ondoren, erabaki ekonomiko, sozial, kultural edota linguistikoetan eragiten dute. Beste joko-zelai eta arau politiko bat behar dugu, gure herrialdeak bere potentzial guztia proiektatu ahal izateko. Bestela, modu bateko edo besteko hegemoniez harago, komunitate nazional gisa dekadentzia kolektibo batera erori gaitezke.

Burujabetzaren bidean aurrera egiteko, zein lirateke egungo gako nagusiak?
Lehenik eta behin gizartearen gehiengoa kontuan hartuko duen proposamen bat sortu behar dugu inoren betoek baldintzatu gabe; estatuekin negoziatzen hasi aurretik oinarrizkoa da hau.  Ezin dugu geldiune honetan jarraitu esparru juridiko-politikoan (EAEko estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza), tresna zaharkitu eta balio gabeak bihurtu baitira proiektu nazional baten garapenari dimentsio guztietan erantzuteko eta, beraz, euskal gizartearen beharrei erantzuteko. Ezin da Madrilera joan posizio edo proposamen bat zehaztu gabe  Euskal Herriko gehiengo politiko-sindikalarekin eta gizartearekin. Eta zentzu horretan, azken urteotan EAJk bereziki izan duen espekulazioa nabaria izan da, «inoiz ez da unea» errepikatzen dute. Eta, bitxia bada ere, orain proposamen «pertsonala» egiten du, inolako euskarri instituzional eta sozialik gabe, hauteskunde-tresna hutsa dela ematen du.