Arrizabalaga-Galeanok eta Aldai-Osesek jokatuko Udako Master Laboral Kutxa txapelketako finala
Gernikarrak eta antzuolarrak 22-19 irabazi diete Garai-Capellani eta dimatarra eta oñatiarra 22-18 gailendu zaizkie Etxegarai-Gaminderi Galdakaon giro ederrean jokatutako finalerdietan.
Galdakaoko Kurtzea pilotalekuko harmailetan giro ederra zela ezagutu ditugu asteazken honetan opor garaiaren ardatz izan den Udako Master Laboral Kutxa txapelketako bi bikote finalisten izenak eta bi partida lehiaturen ostean, Arrizabalaga-Galeanok eta Aldai-Osesek jokatuko dute irailaren 29an Hondarribian jokatuko den azken partida. Beste behin, bi aurrelari bizkaitarrak, egungo erreferentzia nagusiak, txapelen lehian ariko dira, baina nabarmentzekoa da, era berea, hauen alboan sortzen ari den kalitatezko atzelarien multzoa. Oraingo honetan Leire Galeano antzuolarrak eta Maddalen Oses oñatiarrak lagunduta ariko dira, egindako lan bikainaren sari gisa.
Lehendabiziko finalerdian laurek jokatu duten erritmoa izan da partidako ezaugarririk nabarmenena, pilota abiadura ederrean mugitu baitute, tanto oso onak jokatuz. Lan horietan ohituagoa, eta atzean Galeanoren laguntza ederrarekin, Olatz Arrizabalaga izan da erritmo itogarri horretan erosoen aritu den pilotaria eta azkenerako, partida ona jokatu duten Garai eta Capellani luzea egin zaie partida eta amore eman behar izan dute (22-19).
Antzeko emaitza batek eman die Aldai-Osesi finalerako bigarren txartela, 22-18 gailendu baitzaizkie Etxegarai eta Gaminderi. Lehen partidan bezala, Amaia Aldai izan da pilotari beste martxa bat sartuta, lehia bere aldera hautsi duena. Erraz amaitu ditu tantoak dimarrak eta Osesek ere berme handia eman dio atzean. Etxegarai eta Gaminde finaletik urrats bakarrera geratu dira eta ezin izan etxera pozik itzuli, baina egindako lanarekin oso harro egoteko moduan dira, izan ere, uda honetan euren mailan sekulako aurrerapausoa eman dute eta etorkizun hurbilean oso kontuan izateko pilotariak direla berretsi.