INFO

EHUren «prekarizazioa» salatu dute sindikatuek ikasturte berriaren hasieran

Eva Ferreria EHUko errektoreak eta Iñigo Urkullu lehendakariak abiatu berri den ikasturte akademikoa ireki duten asteazken goiz honetan LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek unibertsitatearen «prekarizazioa» deitoratu dute Gasteizko Letren Fakultatearen atarian.

EHUren prekarizazioa salatzeko elkarretaratzea, Urkulluren, Ferreiraren eta Bildarratz sailburuaren atzean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizen 2023-2024 ikasturtearen hasiera ekitaldia egin den egunean LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek Euskal Herriko Unibertsitatearen «prekarizazioa» salatu dute. Hala nola, murrizketak, aldebakarreko erabakiak, erretiro akordioa bertan behera uztea eta campusen itxiera nabarmendu dituzte.

Ordezkoen egoeraz ere aritu dira. Duela hilabete batzuetatik salatu dutenez, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (USLO) ezarpenarekin EHUk ordezko irakasle eta ikertzaileek lanaldi partzialean arituko direla erabaki du, 800 euroko soldata jasotzen. Sindikatuek diotenez, arauaren 80. artikuluaren interpretazio eta ezarpen «desegokia» eta «interesatua» egin du neurri hau hartzeko.

«Orain arte egoera partzialean zeuden pertsonek larriki jasan dute prekarizazio hau, baina gaur egun handitzen ari da» salatu du Ortzi Akizu LAB sindikatuko kideak formakuntza eta eskolen prestaketa lanak kontuan hartu gabe, irakaskuntza baino ez zaiela ordaintzen azalduz, 80. artikulu horretan oinarrituta.

Steilas sindikatuko Patxi Azpillagak prekarizazioak dakarren efektuaz ohartarazi du. Izan ere, «prekarizazioa ez doa lan baldintzen kaltetan, baizik eta unibertsitate osoaren kaltetan». Zehaztu duenez, «beste irakasleok egin behar dugun aparteko lana» eta «lanaren antolamenduaren desoreka inportantea» berekin ekartzen ditu, «beti bezala ikasleek pairatu beharko» dituzten ondorioekin.

Unibertsitateak egindako USLOren aplikazio hori «murriztatzailea» eta «langileen eskubideen aurkakoa» iruditzen zaio CCOO-eko Begoña Palaciosi, %100eko irakasleek %35era ere iristen ez den lanaldi batekin» ordezkatuko baitira.

ELAko Ane Bilbaok, bestalde, EHUk egiten duen propaganda «bestelakoa» dela atsekabetu du, finantzaketa falta baitago: «Gobernuak eta errektoretza-taldeak unibertsitate publikorako finantzaketa zabalagoa dela dioen propaganda egin arren, ez da horrela, Barne Produktu Gordinaren %0,4a baitauka eta estatala den lege honek %1eko finantzaketa jaso beharko lukeela dio».

1.570 milioi euro

Finantzaketaz aritu da, hain zuzen, Iñigo Urkullu lehendakaria Eva Ferreira errektorearekin eta beste zenbait ordezkarirekin egindako ikasturtearen irekiera ofizialean. Nabarmendu duenez, «Eusko Jaurlaritzak azken 9 urteetan unibertsitate publikoaren oinarrizko finantzaketa handitu du, 2023-2026 aldirako aurreikusitako 1.570 milioi eurora arte. Horrek esan nahi du ekarpena %30 handitu dela 2015-2019 Unibertsitate Planarekin alderatuta».

Eva Ferreirak «lege-aldaketez betetako» ikasturte bat aipatu du, «gure funtzionamendua askotan tenkatzen dutena». «Horrela, unibertsitatearen lege berriak izango duen eragina agintari arduradunekin baloratzen ari gara», gaineratu du USLOri buruz.

Shanghaiko rankingean lortutako posizioa nabarmendu dute askotan ekitaldian zehar, munduko 500 unibertsitate onenen artean kokatuta jarraitzen baitu, hiru urtez 400 onenen artean egon bada ere. Baina, errektorearen ustez, «zenbaki batek ez gaitu definitzen» eta «herri osoaren helburu da unibertsitate publikoa hobetzea».