INFO

Tubacexeko grebagatik epaituak izango diren langileak babestu dituzte Laudion

Tubacex enpresako greban parte hartzeagatik Aiaraldeko hiru bizilagunek lau urte eta zazpi hilabeteko akusazioei egingo diete aurre datorren astelehenean Gasteizeko epaitegian. Asteazken honetan babesa helarazteko elkarretaratzea egin dute Laudioko Herriko Plazan.

Asteazken honetan Laudioko Herriko Plazan egin dute elkarretaratzea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

2021ean ia zortzi hilabetez luzatu zen Tubacex enpresako greban parte hartzeagatik kartzela zigor eskaera duten gazteak babesteko elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Laudioko Herriko Plazan.

Irailaren 18an, hau da, hurrengo astelehenean, Aiaraldeko hiru bizilagunek lau urte eta zazpi hilabeteko akusazioei egingo diete aurre Gasteizeko epaitegian. Hauek dira grebari lotutako eskaera handienak, nahiz eta guztira 20 urte baino gehiago eskatu dieten akusatu guztiei. Egun horretarako beste elkarretaratze bat egingo dute, Gasteizko epaitegien aurrean bertan, 08.30ean.

’Aiaraldea’ komunikabidearen arabera, Ertzaintzak leporatu die talde antolatua osatzea greban istiluak sortzeko, baina gazteek ukatu dituzte akusazioak eta nabarmendu dute ez zutela elkar ezagutzen ere garai horretan.

Lehenengo epaiketa ekainaren 15ean izan zen, Gasteizen, Tubacexeko langile baten aurka. Langile horri 21 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu zioten, lantegiaren aurkako protestetan parte hartzeagatik 2021eko otsailaren 23an. Ertzaintzak agintaritzaren aurkako atentatua eta erresistentzia leporatu zizkion, baina epaileak bakarrik eman zuen frogatutzat erresistentzia erakutsi zuela atxilotzen zuten bitartean. Hala ere, laudioarrak helegitea aurkeztu du.

Edonola ere, Aiaraldeko gazteena ez da Tubacexeko grebari lotutako lehen epaiketa; izan ere, beste epaiketa bat egongo da laster bi beharginen aurka.