INFO

Adarragako zaleak, laugarren urtez jarraian txapelduna binakako ferian ikusi gabe

Joseba Ezkurdiak ordezkatuko du eskuin eskuko minak osatu ezinik jarraitzen duen Elordi, Rezustarekin bikotea osatuz. Iker Irribarria izan zen, 2019an, txapeldun izandako urtean Logroñon jokatu zuen azkena.

Logroñon bi aldiz nagusitu den Joseba Ezkurdiak ordezkatuko du Aitor Elordi. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Laugarren urtez jarraian, Adarragara hurbiltzen diren zaleak, Logroño eta ingurukoak baina baita Euskal Herritik joandako askok, ez dute Buruz Buruko txapelduna udako azken feria jokatzen ikusteko aukerarik izango. Aitor Elordi ez da azken asteetan bere eskuin eskuak eman dizkion arazoak konpontzeko gai izan eta bere lekua Logroñon bi urtetan garaile irten den Joseba Ezkurdiari utzi dio Beñat Rezustarekin –2016an txapeldun izan ziren elkarrekin– bikote osatzeko. Badirudi nolabaiteko maldizio bat dagoela txapeldunaren gerriko gorria eta Logroñoko feriarekin, izan ere, Iker Irribarria izan zen, 2019an, gorriz jantzita Adarragan binakako torneoa jokatu zuen azkena.

Covid-19aren pandemiaren erruz, 2020an ez zen feriarik jokatu –Jakak ere ezin izango zukeen jokatu bihotzeko arazoarengatik– eta 2021ean berreskuratu bazen, muga handiekin egin zuten. Hala, ohiko ligaxka beharrean, bi finalerdi eta finaleko lehiaketa sistema bat ezarri zuten eta Jokin Altuna, urte hartako Buruz Buruko txapelduna, ez zuten sartu, Unai Lasoren aurka Lau eta Erdiko partida berezi bat antolatu zutelako. Iaz Unai Laso izan zen Logroñon jokatzerik izan ez zuena, egun batzuk lehenago Ordizian aldakan min hartu zuelako eta aurten mallabitarra izango da jokatzerik izango ez duena, nahiz eta hasiera batean hala iragarrita egon.

Lehen jardunaldia

Baina Adarragan hutsune handiak egongo diren arren, Elordi bera edo Unai Laso esaterako, maila oso altuko torneoa izango da, Ezkurdia bera bi aldiz izan delako txapeldun Logroñon. Arbizuarra, agian, ez da bere joko mailarik altuenean helduko, ezker gantxoarekin erabat asmatu ezinda jarraitzen du, baina Rezustarekin berme handiko bikote bat osatuko du, tantorik erregalatzen ez duen horietakoa eta aurkariei asko eskatzen dien horietakoa. Parean Jaka-Albisu izango dituzte ostiraleko lehen jardunaldian. Pixkanaka, lizartzarra bere mailarik onena berreskuratzen ari da, erasoan oso eraginkor dabil azkenaldian eta tantoak amaitzeko oso gutxi behar du. Gainera, oso urrutira joan gabe, Donostiako torneoa elkarrekin irabazi zuten lizartzarrak eta ataundarrak eta goierritarra atzean nagusitzen bada, edonori irabazteko bikotea dira. Asteartean jokoan sartuko diren Peña eta Mariezkurrenak osatzen dute hauen multzoa.

Zabala-Zabaleta, Larrazabal-Imaz eta Altuna-Martija, iazko irabazleek osatzen dute sanmateotako beste multzoa.