INFO

Lucas Fernandez izango da Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzailea

Entrenatzailea laguntzaile lanetan aritu da Gernika-Lumon lau denboralditan eta esperientzia dauka Endesa Ligan, Zamarat eta Jairis taldeetan egon ondoren.

Gernika Bizkaiak Lucas Fernandezi ongietorria emateko erabili duen irudia. (LOINTEK GERNIKA BIZKAIA)

Lointek Gernika Bizkaiak lan-talde tekniko berriaren berri eman du aditzera ostegun honetan. Hala, Lucas Fernandezek gidatuko du lehen taldea 2023-2024ko denboraldian. Entrenatzailea laguntzaile lanetan aritu da Gernika-Lumon lau denboralditan eta esperientzia dauka Endesa Ligan, Zamarat eta Jairis taldeetan egon ondoren, talde bizkaitarrak jakinarazi duenez.

Hain zuzen, 45 urte dituen Fernandezek zuzendu ditu talde gernikarrak orain arte jokatu dituen hiru lagunartekoak, Zaragozan eta Mont de Marsanen. Hurrengo erronka Durangoko Euskal Kopa izango da. Ostegun honetan Araski eta IDK elkarren aurka aritu diren bitartean, Gernikak larunbatean jokatuko du Araskiren aurka, eta igandean IDKrekin.

Talde bizkaitarreko entrenatzaile berria «oso eskertuta» agertu da «Mario Lopezek eta klubak berriro ere nigan konfiantza jartzeagatik proiektu berri honetara batzeko». «Gernikan etxean moduan sentitzen naiz eta niretzako erronka ederra da taldearen ardura hartzea eta jarritako konfiantza itzultzea. Era berean, ilusio eta erantzukizun handia dut», azaldu du.

Lucas Fernandezekin batera beste honako kideak egongo dira: Gaizka Barea eta Julen Gomez (laguntzaileak), Merce Fernandez (delegatua), Javi Oleaga (prestatzaile fisikoa), Gotzon Lauzirika (medikua) eta Iñaki Rafael eta Madalen Cassinelli (fisioterapeutak).