INFO

Gehiengo sindikalak greba deitu du EAEko sektore publikoan, urriaren 25ean eta abenduaren 19an

ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek bi greba egun deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan. Urriaren 25ean egingo dute lehen lanuztea eta abenduaren 19an bigarrena. 150.000 langile inguru daude grebara deituta.

CCOOko Sonia Aldabe, ELAko Igor Izagirre eta LABeko Irati Tobar, Bilboko agerraldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urriaren 25ean eta abenduaren 19an greba egingo dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan, ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek deituta; sektorearen %85 ordezkatzen dute. Salatu dute azken urteetan zerbitzu publikoen kalitateak okerrera egin duela eta baita lan baldintzek ere.

Azaldu dutenez, azken hamarkadan egindako negoziazio saiakeren aurrean erakunde publikoek agertu duten jarrera dela eta ez zaie greba deitzea beste aukerarik geratu. LABeko Irati Tobarren arabera, «ez da momentu puntual bateko kontua». Bilboko ELAren egoitzan agerraldi bateratua egin dute sindikatuek, eta Tobarrek, CCOOko Sonia Aldabek eta ELAko Igor Izagirrek hartu dute hitza.

Egoeraren analisia egin dute eskaera zehatzei heldu baino lehen. Besteak beste, gogora ekarri dute hamarkada luzea daramatela eremu publikoko hitzarmen kolektiboak eta akordio arautzaileak berritu gabe eta behin-behinekotasuna «onartezintzat» jo dute.

Halaber, pribatizazioaren aurka agertu dira eta azaldu dute 100.000 langile inguru daudela azpikontratatuta sektore publikoan. Zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena duten beste hainbat arazo mahai gainera ekarri dituzte: Murrizketak, plantilla urriak, langileen lan kargak handitzea, ordezkapenik ez egitea, belaunaldi erreleboaren planifkaziorik eza, osasun zainketen konplexutasunaren gorakada, kontziliazio neurriei heltzeko zailtasunak eta abar luze bat.

Gainera, salatu dute ez dagoela zerbitzu publikoak zein bertan lan egiten duten langileak benetan euskalduntzeko ez plangintzarik, ezta baliabiderik ere. Era berean, azpimarratu dute lan baldintzak okertzeak eragin handiagoa duela sektore feminizatuetan eta, beraz, emakumeengan: «Behin-behinekotasuna handiagoa da emakumeen artean, eta lanaldi partzialak orokorragoak dira emakumeak gehiengoa diren sektoreetan edota kolektiboetan. Gainera, soldata arrakala %25 baino handiagoa da».

Eskakizun zehatzak

Jakinarazi dute euskal erakundeek superabita izaten jarraitzen dutela «mozkin pribatuak gizentzeko»: «Gizarte premiak larriagotzen eta zerbitzu publikoak okertzen diren bitartean euskal gizarteak sortutako 10.000 milioi euro bankuetan gordeta dituzte». Horrela, neurri zehatzak galdegingo dituzte lanuzteekin.

Espainiar Gobernuaren aurrekontuetan eragin dezatela eskatuko diete alderdi politikoei, «soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak «hemen mugarik gabe» ezartzeko. EAEko aurrekontuetan, aldiz, zerbitzu publikoak indartu ditzatela nahi dute sindikatuek, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatuz, lan baldintzak hobetuz eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratuz.

Halaber, hainbat neurri planteatu dituzte, negoziazio mahaietan adostu daitezen, hala nola, soldaten igoera. Datorren urtean bertan igoera %10ekoa izan dadila aldarrikatu dute, azken bi urteetako erosteko ahalmenaren %20ko galera berreskuratzera bidean. Igo gabe geratuko litzatekeen gainontzeko %10eko zorra aitortzea ere galdegingo dute, eta hura berreskuratzeko benetako konpromisoa hartzea.

Enpleguari dagokionean, ohartarazi dute ez dutela pribatizazio gehiago onartuko eta pribatizatuta dagoena publifikatu dezatela exijitu dute, langileen subrogazioa bermatuz. Horrez gain, behin-behinekotasuna %8tik beherakoa izan dadila eskatuko dute eta plantillak gaztetzea, besteak beste.

Lan kargak murrizteko neurri zehatzak adostea eta formakuntza egokia eta egokitua bermatzea galdegingo dute eta langile publikoen osasunaren kudeaketan mutuek duten papera gutxitzea. Era berean, administrazioaren benetako euskalduntzea bermatuko duten planak adostea eta berdintasunaren alorrean aurrera egiteko neurri eraginkorrak aldarrikatu dituzte.

UGT eta Interinok Taldea deialditik kanpo

UGTk ohar baten bidez iragarri du ez duela deialdiekin bat egingo, «helburu zehatzik ez dutelako» eta «administrazioetako lantoki askotan egingo diren hauteskunde sindikalen aurretik egiteko paripea delako».

UGTko arduradunek «hizkuntza-politiken arloko asmo sektarioak eta Euskadin bakarrik negoziatzeko betebeharra» kritikatu dituzte komunikatuan, eta deialdiak «arreta une bat lortzea eta argazki batean ateratzea» helburu duela uste dute, ez besterik.

EAEko Administrazioko langile interinoen sindikatua den Interinok Taldeak adierazi duenez, ordezkatzen duen kolektiboa «zalantzarik gabe, langile publikoen artean dagoen prekarizatuena da», baina sindikatuak ez du parte hartuko iragarritako mobilizazioetan, hezkuntzako inbertsioa handitu delako eta «elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustu irmoa egin delako». Interinok Taldeak dei egin dio Lakuako Gobernuari udako etenaldiaren ostean elkarrizketa-mahaiei berriro ekiteko eta merezimendu-lehiaketako plazen eskaintza zabaltzeko.